kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Txirrita. Bat bateko bertsoak / Antonio Zabala / Auspoa, 1962

“Txirrita” Zeleta / Olerti, 1963-01

Ain begiko zaigun Tolosa’ko Auspoa liburutegia’k argitara eman digu, bere sailleko 19’garren euskal-liburua; “Txirrita” izenaz Aita Zabala agurgarriak idatzi ta tajutua.

Txirrita bertsolaria —Jose Manuel Lujambio Retegui, jatorrizko izenez— nundarra zan, noiz jaio zan, zenbat urtetan bizi izan zan, bere bizitzan nundik nora eta nola bizi izan zan, bere bat-batetako zenbait bertso, ateraldi ta jokerak zer-nolazko izan ziran, xeetasun edo zertzelada ugariz adierazten digu, Aita Zabala’k, aipaturiko euskal-liburu mardulari trebeki —bear bada trebekiegi…— ezarri dizkion lerroetan.

Nolanai ere, XX’garren gizaldian gure Euskal Erria’k izan zuan bertsolaririk ospetsuena izango gendun Txirrita; baiña bere ospe edo fama etzan ain entzutetsu egin, bertsoetarako zuen gaitasun eta etorri arrigarrizkoagatik bakarrik. Bere ateraldi irrigarri eta mingain-zikiñeko esakun lardats eta lizunengatik, ez gutxi.

Bere giza-izaera, beraz, etzan naigarri izatekoa izan, alde ortatik. Etzan, tamalez, gure Enbeita zana eta gure gaurko “Basarri” ospetsua bezin gizon zuzen, zintzo eta kristau eredukor (ejemplar) izan, Aita Zabala’k beratzaz idatzi duan edesti edo ixtori ortan ikusten danez.

Alperra zan, lanerako; eta otza, erligioko arazoetako. Parranda zuen bizi-bideko; sagardotegi ta tabernak, bizi-leku kutun; jan-edanak eta lasaikeria, iturburu.

Azterkatzen ari geran liburua sortu baño lenagotik ere, ezagutzen gendun, ondotxo, Txirrita zanaren izaera arlotea. Bertsolari yayua, bizkorra ta etorri aundikoa zala, ezin ordea ukatu! Baiña, bere zenbait bertso likitx eta lardats, euskaldun-fededun danak, ezin iñolaz onartu.

Aurreko egun batean, errenderiar euskaltzale sutsu ta kristau zintzo, bi seme apaiz ditun batek, larriki, onako galdera au egin zigun:

—Aizu, “Zeleta”: “TXIRRITA” liburua, ze iruditu zaizu?

—ONA ta TXARRA!

—Nola, nola?… —galde zigun berriz. Eta:

—ONA, euskera’ren aldetik; TXARRA, moral-aldetik… —erantzun genion.

Orrela mintzatzean, ez degu uste oker egon giñanik. Ondoren agertuko ditugun Txirrita’ren bertso ta ateraldi batzuk egiztuko dute, gure esanak baño argiago, irizpide ori.

Bein baten, parrandan ibilita etxera zanean, bere gurasoak erritan egin zieten Txirrita‘ri, eta onek, seme-ajolagabeak, bertso au kantatu zuen:

Gure etxian asarre daude,
jaunak, ez dago atsegin,
udaberria badator eta
pentsatutzen det zer egin:
aitzurra eta pala artuta
Naparroa’ra tellegin,
aberastuko ezpanaiz ere
begin bistatik aldegin.

Beste bein bere aita‘gatik:

Ezagutzen aldezute
Joxe Latze’kua?
gizon txiki-xamar bat
pizkor antzekua,
ni aren semia naiz
olako trapua,
aitak etxetik aurrian
bialdutakua.

Bere ama‘gatik, beste batean:

Atso lepa-luze bat
dala nere ama,
Errenderi’n dauka
sorgiñaren fama,
soñean jazten ditu
lau edo bost gona,
ni gaiztua naiz baña
bera ez dek ona.

Bere andregaiagatik botatakoa:

Andregai bat banuen eta
esan biar det zein ere,
mantal-txuria jantzitzen zuan
da ibiltzen zan dotore;
amaika bider eskatu nion,
etziran emen beñere,
geroztik iru aur izan ditu,
Paris’en dabil iñure.

Tabernako nexkatxari:

Auxenda dama kopet-illuna,
nork etorri biar du zugana?
Kamixa-zarra, zikiña gona,
garbitutzeko falta jabona.
Ezta lan ona:
txerritegian dago zure laguna,
urde zikiñen bandera duna.

Altza’ko Erretorea‘gatik:

Gure erriko bikario jaunak
kulpitotikan esan du:
konztzientziko kargun gaudela
ez giñalako ezkondu;
gazte denboran sayatu nitzan,
etzan neretzat izandu,
gazte polit bat artuko nuke
zuk topatuko bazendu.

Altza’ko bi Mediku‘engatik:

Zabal dagola ikusten badet
nik tabernako atia,
iruditzen zait pekatu dala
an satu gabe juatia.
Gure erriko bi Medikuak
bart arratsian bialdu naute
—pikaro xamarrak tia—
pipa bezela betia.

Altza’ko bi osalariak elkar-arturik, zenbaterañoko jale ta eralea zan ikusteagatik, apari aundi bat eman zioten Txirrita tripazaiari, eta ark orrengatik bota zuen aurreko bertso ori. Beste bein tabernan zegola, xentimorik gabe, nork konbiatuko, beste batzuen tartian sartuta ondo jan da edan egin ondoren, onako bertso onekin ordaindu zuan egin zuan gastua:

Jan eta edan bapo
egin dedanian,
tripa-larrua jarri zait
iya etenian;
ni gustora aritzen naiz
olako lanian,
berriz ere abixatu
nai dezutenian.

Beste batean, mezanagusi aurrean, “amaiketakua” egiten ari zala, Azkoiti’ko Madariaga auzoko taberna batean, mezarako organo soñua neskatxak entzun zuanean, kontuak egiten asi zan, salda artzen zeuden guzieri. Dirurik gabe, orduan ere, gure Txirrita, eta ordaintzealde, bertso au bota zuan:

“Elizatik ujuka
asi zaizkit ontzak,
ez ditut ikusten bañan
aitzen ditut otsak;
dirurik ezdun gizonak
artu biar ditun lotsak,
xentimorik ez dauka
Txirrita’ren boltsak.”

Bertso-saioketa batean, Saiburu bertsolariak, aspaldin mezarik entzun gabea izan bear zuala puntaratxoa bota zion Txirrita‘ri, eta ark onela erantzun bertso onekin:

“Meza entzutia, guztatutzen zait
kristau formalaren gisan,
bañan nai arren beti neretzat
ezda oso errez izan;
esan dirazu aspalditxoan
ez naizela izan Elizan,
Meza-Nausiya eman balute
gaur entzutekotan nitzan.”

Paskoako garaian, Altza’ko Erretorea’k deitua izan zan, Sakristira, txartela nai bazuan.

—Ba —Erretorea’k esan zion— dotriñari urtean bein pasaratxo bat ematea komeni izaten da ta ortarakoxe deitu dizut.

—Egin bitza, ba, nai dituan galderak —erantzun zion Txirrita’k.

—Ia, ba: nor dira mansoak? —izan zan Errotore jaunaren lenen-galdea.

—Irurogei urtetikan larogeira dijuazten agure ta atsuak —Txirrita’ren erantzuna.

Orduan, asarre-xamar, Erretore jaunak esan zion:

—Zu beti onela… Ara beste galdera bat: ZER DA ELIZA?

Galdetu bazion, galdetu zion! Begira nolako erantzuna:

—Beorri ta berori bezelako alper asko mantentzen dituen tximinigabeko etxia.

Gibela bear da olako erantzun zentzukaitz bat apaiz jaun bateri emateko, baiña olakoxe mingain-zikiñeko gizakia zan, zoritxarrez, gure bertsolari aundia.

Ostera, erlijiozko gauzen etsai etzala eta sinismenduna zala ere beste egikera batzutan azaldu izan zuan. Ara:

Egun batean, taberna batean zegola, mingain-txarreko gizon bat Jaungoikorik eztala esaten ari zala oartu zanean, bertso au bota omen zuan:

“Munduko gauzaz agertzen digu
gure Jaungoiko bakarrak,
ark egin zitun Zeru eta lur
oroyak eta izarrak;
lur utzetikan gorputz ta anima
kristauen mami-ezurrak,
entendimentu edo juiziyo
memoriya ta indarrak,
zuri zer pena ematen dizun
aren mende egon biarrak!”

“Txirrita” liburuak, 173 bertso dakarzki, olako ta alakoak, bere 251 orri-aldeetan, zenbatu ezin beste ateraldi polit eta maltzur artean; eta oietaz gaiñera ba-dakarzki beste 37 bertso eder ere, anemen, Txirrita‘kiko bertsosaioetan garai aietako beste bertsolari batzuk kontatutakoak.

Ba’degu, beraz, ze irakurri eta ze kantatu Aita Zabala’k tajuturiko liburu mardul onetan! Orrenbeste bertso ta esaera biltzen eta txukun jartzen, lana pranko egin du, arranopola, bere egille agurgarriak: baiña —erreza ere ezta-ta— ez ditu, noski, Txirrita’ren bertso ta ateraldi guzik bildu aal-izandu. Esaterako, ona emen Udarregui bertsolari bikaña zan omen-egunean Txirrita’k botatako bere bertsorik ederrenetako bat:

“Usurbil’kua zala
Udarregui zana,
amaika egi eder
munduan esana;
bota balitu ere
kolpian dozena…
ezin buka zeikian
aren almazena
gu ez gerade iñor,
ura zan gizona!”

Liburuak dakarzkin bertsoen artean, Aita Zabala‘k kontatzen dizkigun gertatuen artean, “alper-apustua”-ri buruz kontatzen diguna, beste era batera entzuna eta esana degu guk. Au idazten duanak, Donostia’ko Urkixo mintegia’n “Lasarte orain 50 urte ” buruz eman zuan itzaldian zertzelada ta xaltxa ondotxo geiagorekin kontatu zuan.

Eta bukatzeko, bijoa Txirrita zanaren azken-bertso eder au:

“Gazte gazterik asi nitzan da
oraindaño bitartian,
zenbat umore eder jarri det
Kantabria’ko partian;
pixkabatian ez naiz aztuko
sartuagatik lurpian:
nere aitapenak izango dira
beste larogei urtian.”

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak