« Literatura | Ziutateaz »
Euskal idazleak, gaur. Historia social de la lengua y literatura vascas / Joan Mari Torrealdai / Jakin, 1977
Euskal idazleak, gaur Ibon Sarasola / Jakin, 1977-09
Liburu kritikagaitz baten aurrean aurkitzen naizela aitortu behar diot irakurleari. Eta liburu baten aurrean baino areago, hainbat gauza desberdin biltzen dituen “haltzari” baten aurrean aurkitzeko sentsazioa dudalarik, zilegi bekit, Torrealdayren lanaz gainera, bide nabarrezko kontuez ere ihardutea.
Hasieratik hasteko, demagun Jakinek bere Liburu Sortan zenbaki berri bat publikatu duela, 25.ena gutxi gorabehera. Egilea, Joan Mari Torrealday. Izenburua, Euskal idazleak, gaur; 250en bat orrialde 11 x 18. Liburuaren oinarria Pariseko Institut Catholique-ko IESen, 1975ean, Soziologiako Lizentziatu-titulua ateratzeko egin zuen tesia da. Tesiaren funtsa, egileak gaurko euskal idazleei bidali zien inkesta baten erantzunen estudioa da. Erabili dituen gaien berri, gorago eman dudan lehen irakurbidearen aurkibidean aurki dezake irakurleak.
Torrealdayren beraren “Hitzaurre gisa”n hau irakur dezakegu: “Esperientziaren berritasunari begira, bada besterik ere: metodologiaren teoriazko koadroak eta teknik aztergailu hau ez dira kultur minorien problemetarako pentsatuak izan. Sortu, ezaguna denez, kultura hazien idaz-fenomenoa estudiatzeko sortu dira metodologia eta teknika hauk”. Hor datza hauziaren gakoa: beldur naiz Torrealday, zailtasun hori aitortu ondoren, ez ote den (halabeharrez seguru asko) zenbait puntutan mekanikokiegi eta mimetikokiegi lotu kultura hazientzat burutu den analisi-aztergailu bati. Adibide niretzat nabarmenena jartzeko: liburuen sailkaketarako, UNESCOren Gomendioa erabiltzen da. Ene ustez, Pello Errotaren bertsoak eta Urkizuren Sekulorun Sekulotan sail berean sartzera behartzen duen klasifikabide bat ez da euskal liburugintzarako pentsatua izan. Europako kultura hazietan, zeintzuetan, adibidez, liburugintza herritarraren pisua produkzio osoari buruz baztergarria gertatzen baita, UNESCOren Gomendioa azterketa-tresna erabilgarria dateke, baina euskara idatziaren norabidea eta gure kultur dinamikaren hainbat alde funtsezko argitzeko guztiz desegokia gertatzen da. Egoera “normal” batera heltzea guztion desira da, baina ez gara normaltasun horretara lehenago helduko jadanik egoera normal horretan bageunde bezala arituz. Are gehiago, hainbat urtetan “Europatik urrun” ibiltzeko azaldu dugun joera okerra salatzeak ez gaitu bultzatu behar “europar homologazio” batetan gure eskasien saibabidea ikustera. Joxe Azurmendik “Euskaldunari” benetan lau izarreko hitzaurrean dioen bezala (eta ez bedi harri irakurlea Zorion ustela-ko “Herria, euskara, literatura eta horrelako batzuk” artikulua funtsean hildo beretik doala ikustean), gure helburua euskal nazioa da, eta horrek, delako hitzaurrean bertan adierazten denez, kultur estrategi programa oso bat suposatzen du, bere ondorio guztiekin.
Puntu hau alde batera utzirik, lana interesgarria da aditzera ematen dituen idazle-eritziei dagokienez, denok gutigorabehera (enpirikoki, egileak dioen bezala) ezagutzen genuen errealitate bat sistematurik eta ahal zen neurrian zenbakiturik, koantifikaturik ematen zaigun aldetik. Eta guztiz interesgarria saioak aportatzen duen lan “objetibo” azpimarkagarrian: mapa, taula, piramide, estatistika eta, bereziki, hainbat gerolanen oinarri finko gerta daitekeen euskal liburuen katalogo orokorrean (1937-1976). Dena dela, hainbat kontzeptu ez dira behar adina zehaztu edo argitu. Adin-piramidetan, adibidez, ni behintzat ez naiz ongi jabetu garai bakoitzean zein hartzen den garaiko idazletzat: 1954ekoan, 20-24 urte dituzten 21 idazleetatik ez dirudi guztiak ordurako idazle zirenik. Orobat, liburuen katalogoan ez da ongi finkatzen zer aditzen den euskal liburutzat: P. Mujikaren Hiztegia (1965) adibidez, euskal liburu bezala hartua ikustea, gutxienez harrigarria iruditzen zait. Era berean, liburu bat bilinguetzat hartzeko erizpideaz zer esanik franko legoke, baina ez da beharbada hau horretaz mintzatzeko mementurik aproposena.
Hitz batez, Jakinek argitaratu zukeen liburu hipotetiko hori, oro har aski pentsatua eta landua, nahiko interesgarria zatekeen berez zegokion ingurunean. Baina Torrealdayren saioa, bi ahoko harma gertatzen den liburu batetan eman zaigu. Lehenik, kanporako pentsatu eta itxuratu den liburu batetan, eta beldur naiz testuinguru horretan, alde batetik bederen, Torrealdayren saioaren efikazia, lekutik at eta liburuak gainezka egiten diolarik, murrizturik geratu ez ote den. Kanporako liburuen oportunitatearen kontua alde batera utzirik ere, badirudi alde grafikoa tartekatzeko aukeratu den moldea (ez da ahaztu behar liburu-objetu baten aurrean gaudela) ez dela izan lana plazaratzeko modurik egokiena: Torrealdayren lana liburuaren funtzioan dago eta ez liburua Torrealdayren lanaren funtzioan. Ondorioz, Euskal idazleak gaur saioa irakurri nahi duen irakurleak, bere gogoa ahantzarazteko dioten argazki erakargarriz gurutzatuegia aurkitzen du bere bidea.
Objetu bezala kontsideraturik, liburua aski ongi tankeraturik eta biribildurik dagoela ezin daiteke uka. Baina ez dut uste argazkilarien lan betietan onaz eta erdal testuen gaitasun aipagarriaz mintzatzeko tokia hau denik.
Azkenik, liburuaren alde bilinguea aipatu behar da. Inon gutxitan ikusi dut elebitasunaren arazoa Jakinen ihardukian bezain ongi planteaturik eta erresolbiturik. Izan ere, euskal kultur estrategian, elebitasun hitzak zerbait izatekotan, berreuskalduntze-ren sinonimo puntuz puntukoa izan behar du ezinbestean. Horrela, irabazirik ditugun arloetan elebitasunaren izenean erdarari leku uztea, elebitasunaren ukazio hutsa izango litzateke. Guretzat, orain arte heltzen utzi ez zaigun alorrak gureganatzeko tresna bat izan behar du elebitasunak, eta besterik ez du izan behar. Jakinen liburugintzari dagokionez, hor ditugu Gero-ren azken edizioa (gonbara bedi aurrekoarekin) eta Axularren Hiztegia: erdara sartu beharra (eta sartu behar zen nire ustez) ez da euskal testuaren nagusitasunaren hondatzaile gertatu. Hitzaurreek eta bestek, funtsean (eta garrantzizkoagoa dena, kulturalki), euskal liburu baten aurrean gaudela adierazten digute klarki. Komentatzen ari garen liburua ere, espero zitekeen baino euskaldunagoa gertatu da: erdal zatia ez da euskarazkoaren itzulpen soil eta mekanikoa, erdal irakurlearen egoerara egokitua baizik, eta gehienbat bigarren maila batetan ematen da, alde bonetatik salagarria iruditzen zait Arestiren Obra guztiak / Obrar completas-en argitarazioa egin den modua: eskuineko orrialdea, hau da, testu nagusiari eman ohi zaiona, erdarazkoa da; euskarazkoa ezkerrekoan ematen da eta, bigarren tomoan, ezin nabermenago ikus daitekeenez, askoz okerrago eta arduragabekiago konposatua gainera. Hitzaurreari dagokionez, itzulpena (zeina ez baita nirea) separatan (Detxepareren poemetan egin zen legez) edo maila askoz apalago batetan egingo zela agindu bazidan ere editoreak berak, azkenean (eta, noski, hitzik ere esaten ez zitzaidala), eskuineko aldean azaldu zen, beste aldean betiko euskal itzulpena balihoa bezala. Liburuari begiraturik (Catalunyatik idazten dut), batek ez daki Aresti euskal ala erdal poeta bat den, nola egin den hitzaurrea eta abar. Azken finean eta besteak beste, ingeles edo errusiar poetak Madrilen argitaratzen diren era berean argitara da Aresti Euskal Herrian. Eta hori elebitasun omen den zerbaiten izenean.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres