kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Euskal Idazleak Gaur / Joan Mari Torrealdai / Jakin, 1977

Literatura Bernardo Atxaga / Anaitasuna, 1977-07-15

Izan ere, izugarri ona omen da Azurmendiren hitzaurrea, erdarazkoa euskarazkoa bezain ona gainera, patrian sekulan argitaratu den libururik handienean ipini duen esaldizopa hori txapela kentzekoa omen da, bai, hala diote Euskadiko Bankukoek ere. Ezpairik gabe, handicap handia zipitzik ere gustatu ez zaigunontzat, ez baita lan makala gertatzen 42.000 ale —“ale” diot hizkuntzaren beharretara makurtuz, baina ilar umilarena ere ale delarik, “puska” hitza erabiltzea egokiagoa litzateke— horien aurka joatea. Ni ez bainaiz David, txabiladun hura, eta Goliath etsai handiegia somatzen baitut: ene ilarrak izanen al du tximeletak adina bizitza…

Ez dakit nola hasi, eta ez bakarrik tontoa naizelako, zer ikusia ba du horretan diskurtsu horren moldaerak ere, eta bala bala hitz egiten dutenen mintzoa bezala, erabat goitik beheraino ukatzeko tentazio gorria sorterazten dit. Idazkera hori, gure artean, Martin de Ugaldek bere elkar hizketetan erabili du sarri: giro afektiboa sortuz —joera narkisistei dei eginez bereziki—, kontzeptuak zehaztasunik gabe erabiliz (anbiguitate handiz hain zuzen) eta ahalik eta abaniko handiena estaliz, karea eta harea berdin barreiatuz planteiamenduen multiplikazioaren bitartez, aurrenekoa bukatu baino lehen bigarrena, eta hau frogatu baino lehen hirugarrena eta laugarrena, kontraesanen edo ez, axolarik ez dio, ez baita inor fijatuko.

Halere gustua emanen diot neure buruari, eta Kultura Ministruari erantzuten saiatuko naiz, ahal dudan modurik didaktikoenean.

Herri mutua omen da, eta lehen ere hala izan omen zen, gurea. Hara hemen bi hitz enigmatiko, “herri” eta “mutu”. Esaldia hitzez hitz hartuz gero, faltsua da, eta gure musika, bertso, theatro tradizionalak frogatzen dute hori, beste ezer aipatzen aritu gabe. Ez zait iruditzen gure herri kultura —kulturak hausten baitu mutugoa, espresioa den heinean— beste edozein herritakoa bamo makalagoa denik. Mutua, berriz, kultur inprimaturik ez duenari deitzen bazaio, egia dateke, baina ez Azurmendiren arrazoi lanturoso-narkisista (pena zoriontsuegia, esanen luke Koldok) horiengatik bakarrik. Galegoek ere sufritu zituzten berenak eta bi, eta halere, Rosaliak eta Enriquez-ek —ez naiz literatura honetan tekhniko, baina segur naiz beste izen batzu ere ba direla— etxe barreneko literatura lotsatua eta beldurtua baino zerbait gehiago egiten jakin zuten. Zure arrazoiek ez dute balio, Braulio.

Gero Sabino Arana aipatzen da, eta bere garrasia, eta Azurmendiren hitzetan esateko, hura izan omen da “Herri mutua garrasika jarriko duena…”, eta hau onhartzea ere aski zaila egiten zait. Politikoen lorategi honetan, hauek esan beharko dute haren infludentzia politikoaren nondik norakoa, baina beste arloetan politikari ez garenok ere izanen dugu, noski, horrenbeste eskubide. Eskubide hori profeituz, bada, zera esanen dint Azurmendiri, berak dioena gezurra dela herri kultura tradizionalari begira, sabinianismoak alde baino kontra gehiago jokatu baitzuen arazo horretan. Gerra aurrean, oso murriztua zegoen bertsolaritza Bizkaiko partean, bertsolariak lotsa zirelako bere euskara “mordoiloaz”, eta publikoak maite ez zituelako hainbeste erdarakada erabiltzen zituzten arloteak. Sabinok ezin zezakeen maite Udarregi bezalako tipo bat, ezin zuen onhartu. Urrentxindorra izan zen, agian, egoera hori asimilatu zuen bakarra. Gipuzkoan, ordea, bertsolari handi asko izan ziren garai horretan, euskara garbiak hainbeste indar ez zuelarik, eta Txirritari “despatxatuko”, “ermita” eta antzeko hitz erdaldunak erabiltzea inporta ez zitzaiolarik. Jakina, Lekuona bezalako gizon bakan batek maite zuen bertsolaritza, baina oso giro txarrean salbatu zuen bere zaletasuna; Lekuonak berak aitortu zidanez, giro kaskar horrek bultzatu zuen bertsolaritzaren defentsa liburuz egitera. Eta gauza berbera esan dezakegu theatroari buruz, sabindar ideologikoek jaramon guti egin ziotela pasturala eta toberari, esate batetarako, eta theatro estutido eta naturalista bat egin zutela euskaldungoa baino erromatargoa gehiago defendatuz. Behar ote da exenplu gehiago?…

Kultura inprimatua ugaldu zen noski, baina ez uste suerte handirik izan genuenik horretan ere, ez gara merke pagatzen ari tededeunen kultura zentzua, hizkuntzan ere antiherritar zena.

Hitzaurrean barrena abiatu eta gero, nabarmenduz doa Azurmendik literatura moeta bati dion mania, literatura berberaren kontzeptua ilunduz doan neurri berberan. Azurmendirentzat zer ote da “literatura ona”, zergatik saiatzen ote da berak “elkar lana” deitzen dionaren eta autore lanaren artean etendura, oposaketa bilatzen?… nori deitzen die “idolozale”, zergatik dira idolo literatur egileak, nondik atera du hori, norengan pentsatuz?… Zer da “elkar-laneko” literatura hori?. Big brother paregabe batek bezala, “despistatuak” deitzen die bere programa onhar ez dezaketen guztiei, eta frakasua ere agintzen die, Kafka kolektiboa, Strinberr ekipoa, Elliot korua eta beste koadrila batzu izan baitira noski gizonari hobekien mintzatu zaizkienak…

Euskal Idazleak, indibidualitate bitxirik edo ez, baina ekipo baitira, lankide… esaten du aurrerago, eta hitzaurrearen mezua konprenitzearren egokia da. Zeren, Azurmendiren textu azpitik dabilena, fronte planteiamendua baita, zeinen bitartez euskaldun guztiok —dendariak eta eskaleak, homosexualak eta abadeak, proletalgoa eta burjeseria, jende ohoragarria eta ohoregoseak, etab— BAT deitu izarraren pean belaunikatzen baikara. Gure klase kokaketa kontuan hartzeke, gure bizitzaren bereiztasunak ahantzirik, indibidualitateak direnik ere onhartu gabe, eta munduan bakarrik bageunde bezala. Erdarazkoa, hitzaurrean erremediorik gabe jo beharra dauka, fronte planteiamendu moeta horren ondorio zuzena delarik, JAP de R. jaunaren esanera, “unidad de destino en lo universal” esaldia aipatzera. Eta ez da harritzekoa; ez esan kuriosa ez denik, eta halaber harrigarria ere ez denik euskaldun kritiko bakar batek ere esaldi horren bitxitasuna ez salatzea, hainbeste antifaxista omen daudelarik… e, txo?. Gora Euskadi, Una, Grande Y Libre! Lehengo harira itzuliz —lotsa ematen baitit lehengo bidetik segitzeak— eta literaturaren arloan, Azurmendi beti ibili da honako ekoazio honi atxikia: literatura = f (euskara, herria). Planteiamendu honetan irristatzea ez da gauza zaila, zeren ba dirudi bere aurka joanez gero, herriaren aurka ere ba goazela. Jakina, guk gaizki ikusten duguna literaturaren menpekotasun hori da, bere baitan justifikaziorik ez balu bezala, eta bestalde, Herri hitzaren beste kontzeptu batzuz baliatzen gara ezbairik gabe. Ekoazio honen fruitu izan da, esate baterako, berak egin duen subliteraturaren propaganda, Corin Tellado euskalduna eskatuz, eta Lafuentetar Estefaniaren nobelak promozionatuz —itzultzen ere hasi omen ziren honen lanak, ba dakizu, Ringo sei oineko gizona zen, eta bere Kolt miresgarria…— eta nik “Ritz” aldizkarian egin nion kritikak ez du, antzo, bere pentsakera gradu bat ere aldatzea lortu. Orduan esaten nion bere arazoa ez zela literaturzaleen arazoa, industria batena baizik, neokapitalismoak euskal fotonobela errentabletzat jotzen bazuen izanen genuela, ez larritzeko. Esaten nion baita ere zein berezia zen euskaraz alienatzea erdaraz alienatzea baino gehiago maitatzea, eta orain ere gauza berbera errepikatzen diot. Errepikatzen diot baita ere euskararen problema ez dela literaturaren bizkarretara bota behar, eta hizkuntza salbatuko bada ez duela honek salbatuko, hori azterketa estupidoa dela, eta ofentsiboa gainera egunero eskribitzen dugunontzat. Miranderen azken eskribua, burua bota aurretik idatzi zuena, euskara batuan egina dago, eta aditza ere gipuzkeraz… aipamen hipotetikoa nazkantea den hein berberean.

Batzurentzat, ez dago gramatika eta nobela baten artean desberdintasunik, edo euskalduntzen hirugarrengo ariketen eta poemen artean aparteko bereiztasunik. Haiengatik sentitzen dugu.

Azurmendik, hierarkhia oso dudakoa erabiliz (zer da “literatura garai” hori bere ustez, “literatura zaila”, “esperimentala”… edo zer?), historia epeka aurreratzen duen zerbait bezala esplikatuz, ez du ipuintxo (vide Juliantxo, Manueltxo) desdibujatu bat baizik kontatzen bere hitzaurrean. Heidy-ren herrian, non denak zintzoak baitira, Heidytarrak gaztelua egiten saiatzen dira, gaztelu nazionala seguru asko, harriz harri, urtez urte nekez eta trixte, oso trixte. Martiriak ere ba dira, Marco adibidez, zein Argentinan Videlak bahitu baitu, demonio kaiku. Baina ba doa gora eta gora gaztelua, eta literaturak ere ba du bere partetxoa (a, usotxoa!). Noizean behin etortzen da Kultur Ministrua, eta esaten ditu bereak eta bi: gure herria ttipi eta pobre da, guk ez daukagu zergatik handien handikeria bila joan (que inventen ellos!, Azurmuno) eta bedeinkatuak (hostiaz, edo) gaztelua dorreetatik hasi nahi dutenak, baina Herri Maitea, zer nahi duzu?… literatura eder, aberats, haundiren bat,…?, harrotzea nahi al duzue? (Jesus!) edo “libertate literatura? nahi al duzue?…

Literatura aberatsari kontrajartzen dion “libertate literatura” delakoa definitzen ere saiatzen da, eta definizio ia marabilosa lortzen du. Zergatik den marabilosa, hori beste kontua da.

Bukatzeko, liburuaren beste parteak kritikatzeko asmoa betetzeke geldi daitekeenez badaezpada ere, Torrealday-ri ohartxo batzu egin nahi nizkioke, bere datu soziologikoak hobekiago jar ditzan: ni ez naiz 49 urtekoa, 51ekoa baizik; Koldori urte bat kendu diozu, eta bestalde ahaztu egin zaizu “Panpina Ustela” aldizkari literaria sartzea, berau Azurmendik hainbeste bider aipatzen duen pertsekuzioaren jaki izandako errebista izaki.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak