« Literatura | Ziutateaz »
Odolaren mintzoa / Xalbador / Auspoa, 1976
Odolaren mintzoa edo Xalbadorren maitasunaren samina Andolin Eguzkitza / Anaitasuna, 1977-09-01
Liburu hunen funtsa zuretu duzia?
Beraz ikusi duzu bere nagusia;
zortaka ixurtzerat hor baitut utzia
herri huni diotan maitasun guzia.
Gazte naiz oraino eta haatik beldurrez nago maiz gure aurreko belaunaldien asturu gaitza ere pairatu beharko ote dukegun, Fernando Aire Xalbadorrekoak jasan duen patu eta halabehar gogorrari eutsi beharko ote diokegun, gure asabok bizi ukan duten ezinbiziak berak jota iraun beharko ote dukegun geure denboraren luzean, eta zoritxarrez liburu eder, goibel eta hits hala nola, egileak berak bere buruaz erraten ohi zuenez, gogo iluneko hau irakurriz gero, ez zaio etorkizunari askosaz baikorrago igartzen, ez dago benetan zertan pozik izaterik, hain baita ikaragarria Xalbadorrek zortaka isuri duen maitasuna eta kontra zuen ezintasuna.
Sumatuz euskaldunak, ospetsu nahian,
guretik deus ez duen hizkuntza mihian,
sofritzen egoiten naiz horien erdian,
gutaz ahalgetua, nigarra begian.
Ez amodioa bakarrik, bai eta haren izakera bere ere utzi du nafarrak liburu honetan isurtzen. Gogo iluna dario liburuari, oroz gainetik sendikor zen gizakiaren gogo beltz bera, ezinaren ezinaz nonbait hala bilakaturiko izpiritua. Eta askotan hortxe gabiltza kanpaia jotzen ea egilea kontutan hartu behar ote den bere obren azterketan. Nolaz uler genezake “odolaren mintzo” hau Fernando Aire zelakoa zen jakin ukan ez bagenu? Nor legoke prest Etxahun Zaharraren biziaz bihi bat ere jakin gabe, bere izpiritu latzaz, hots, bere bertsogintza zakar eta ederraz ezer esateko? Bai, jaunok, baina bertsolariak ez omen dira poeta, ez ei dira parnasoren partaide izateko behar den poetikotasun nahikoaren jabe, ez omen dute horrenbesteko ohoreren edukitzeko karnetik merezi. Euskal bertsogintza herritarraren arauei jarraikiz, puntuak direla bide, eta orobat adierazpenaren nolakotasuna bezala figuren ederra eta indarra ere, ez dago bat ere zalantzarik, ene gustuko eta ene aburuz, Euskal Herrian eduki dugun POETA handi bat galdu dugula. Agian bateon batek hobeak aurki litzake, nik neuk ez dut euskal literaturan hau baino hobeagorik datekeen maitearen deskribaketarik oraindinoko ediren:
Oi, ene maite ezin ukana, zoin zaren xarmegarria!
Maite dut zure begitartea, maite zure boz eztia,
halaber zure irrigozoa, zure izaite guzia;
zuretzat baizik ez dut begirik, zare ene iguzkia
gau eta egun zuri pentsatzen deramat ene bizia.
ez eta amore horrexeri zaion maitasuna adierazteko molde fin eta ikaragarriagorik:
Martxoko hormak galduko duen lore pollit goiztiarra,
ta eihartzerat bortxatua den aizeak hautsi abarra;
ene bihotza ez ditaikea gauza horier konpara?
Nehoiz enea ez da izanen maitatzen dutan izarra,
hortaz oroituz maiz etortzen zaut nigarra begietara.
Eta horrela da beti sendimenduen adierazpenean, horregatik Euskal Herri berezi hori, inolaz ere arkadikoa ez dena, agian betikotz galtzekotan dagoena, Espainiako erdaraz idazten zuen Pio Barojak, nik neuk eta beste askok maite dugun, erreal zein ez, Euskal Herria ikusi eta dastatu gura duena, irakur beza, otoi, liburu triste hau.
Liburua ederto aurkezturik dago, oso ondo moldatua eta hitzaurre biz hornitua, Bata Emile Larre-rena eta Xalbadorrena bestea. Azken honen aintzinsolasa, dotore, herri hizkera literari ederrean emanda, esaldi laburreko, hiztegi aberatsaz eta ironia fin eta zuzenaz, lar bihurgunerik gabekoa, euskal menditarrek ohi duten lakoxea:
“Bainan etxaldeari egin kalteaz eta etxekoer pairarazteaz dut bakarrik damu; ez osagarriaren mendratzeaz, hogoi urtez laburtu banu ere ene bizia. Hola iduritzen zaut, nik ere eman dutela ene bizitik puxka bat gure herri maitearentzat.
Liburuan agertzen diren doinuak, euskal kantu zaharren melodiak badira ere, ez dira edozelako, obran agertzen diren kanten neurrikoak baizik, oso aire sendimental, barnekoi eta lasaiak, alegia. Etsenplu bi ematekotan hauk jarriko nituzke adibide, “Esperantzarik gabeko amodioa”ren melodia sarkorra eta “Gure artzain etxolari”ko doinu hitsa.
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta
Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark
Irati Majuelo
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Joxe Aldasoro
Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Patxi Iturregi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria
Poesia kaiera
Elizabeth Bishop
Irati Majuelo
Godoten esperoan
Samuel Beckett
Aritz Galarraga
Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez
Iñaki Lopez de Luzuriaga
Bazter utzietan
Karlos Linazasoro
Hasier Rekondo
Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo
Paloma Rodriguez-Miñambres