kritiken hemeroteka

8.376 kritika

« | »

Ziutateaz / Bernardo Atxaga / Kriselu, 1977

Ziutateaz Andolin Eguzkitza / Anaitasuna, 1977-10-01

“Nahiz eta nik neure bihotza zabaldu, ba dakit hori ez dela nahikoa; konprenitzen dut urrun dauden bihotz eta gorputzen maitasuna antzua dela, gezurra dela, amodiozko gutunak faltsuak diren bezala. Konprenitzen dut ez dela posible elkar inguratze espiritualik inguratze fisikorik ez bada, hitz batetan esanda, konfiantza proximitatea da, eta maitatzea hurbiltze emaigabe bat. Baten larruak bestearena igurtzi duenean, arnasak nahasten direnean, odolak odolari entzuten dionean, farrak akorde baten gisa sortzen direnean, malko guztiak hibaiama berberan kanalizatzen direnean, orduan, ordutxe bertan, jaten du bihotz batek bestea, ongi konprenitu dut egia honen zientifikotasuna, nik asko pentsatzen dut, ni ez naiz edonor”.

Egia esan, sekula ez naiz ausartu idazle on bat zer den zehatz mehatz defini eta mugatzen. Eta seguru asko inoiz ere ez naiz ausartuko. Edozer dela baina, esan behar dut honelako egia izugarriak hain modu ederraz doan batek zeredozer izan behar dukeela, zerbait behar duela bere barnean eduki, eta barruko hori aldez edo moldez adieratzeko, hemengo era txaira eta samurrez, zer edozerk ere behar duela bere jabe ukan.

Irakurketa bi egin eta gero Bernardo Atxagaren bi liburukitan banaturiko obra honetaz zenbait iruzkin egin gura dut, niri irakurleoni gertatu zaikidan berri eta adierazpen baizik izan nahi ez direnak. Ez dut esanen ez dudala aurreritzirik literaturazko obrak juzkatu orduko eta gustatzeko paradan, hala ere, eta bat ere beldurrik gabe esan dezaket, Txehov-en antzera uste dut, nik literatura, eta literatur kritika beraz, bi zatitan banatzen dudala, gustatzen zaidana eta gustatu egiten ez zaidana. Horregatik, hain zuzen, “Ziutateaz” ona dela esateko eskubidea dudala uste dut, gustatzen zaidan obra bat delako. Eta ez dut ukatzen enzpide honen erlatibotasuna, edo eta eraltibokeria, nire lagun batek darabilgun obra hauxe berau eskuetatik jausten zitzaiola aitor ukan baintzidan.

Kriselu argiletxea da liburuaren, hobeto esan, bi liburukien emailea. Lan apain bat egin digula ez da esan gabe utz daitekeen zerbait. Ba dira horregatio, gura izanik ere, zenbait ortografiazko errakuntza, moldizginarenak segurutik, baina edozein kasutan kontutan hartu behar direnak, horik ere gure argitarazioen maila, eta neurri batez irakurlearenganako begirunearen heina baitira, eta halaber euskal liburujaleen garaiak igaro ote direneko seinale gertatzen. Bestalde, halako argazki berezi eta atseginez hornituak daude liburukiak, egileak, nonbait, aukeratuak. Oro har, argitaratzea polito egin dela justiziazkoa da esatea, beste elementu txar zenbait albora uzten dugula.

Hiru eskaintza dauzka obrak, lehenengoa bere Maf gaztelau neska ederrari autoreak opa dion poematxo bat gaztelaniaz, amari bigarrena eta zortziko txikiez para sei bertso eder hirugarrena. Eder eta lazgarriak, obra guzia bezala, desesperoaren adierazgarri, boterearen gogoetatze bat bide den lan osoaren etsenplu:

“nigatik putzu batean ito
bitez gizon ohoretsuak
erori elizetako ormak
lurra jo palaziuak
antzutu bitez andereak
betiko galdu bertsuak
gehiago ez du merezi gure
joera lastimosuak”

Apika poesian dauzkadan erizpide eta gustuengatik izan daiteke, baina hasereako bertso horik dira ene gustuko obran agertzen diren poemarik onenak, zeren egileak aurrean esan legez, poemak lan osotik zehar sakabanaturik baitaude, eta ipuinekin eta antzerkitxoarekin batasun bat baitaukate. Dena dela, Joe deritzon ipuinean, pertsonaia nagusiak bere maiteñoari egiten dion bertsoa ere ohargarria da eta ohartzeko, erritmo, sendimendu eta imajinak direla bide.

Egia da (liburuaren) zatiak atalka eta beregain irakurri ahal direla, inori ez nioke hori baina gomendatuko. Elementu guztiak soka fin eta leun batez daude loturik, gorago esan dudan legez, idazlana boterearen hausnartze bat bada ere, horregatik hain zuzen, setaz eta indarrez, askatasunaren aldeko kantu eder bat gertatzen delako. Ezinaren deskribaketa bat da; ondikotz, lantzean behin apur bat irregularra. Tontortxo batzu bezalakoak suma daitezke irakurketan, itsumustuan hodeiek bezala zeruei hatzaparka egiten dieten gailurretara heltzen garela.

Zalantzarik gabe, ipuinik onena ene aburuz, eta beste zatiak baino asko hobeagoa, Scardenalli deituriko istorioa dugu. Horretan, lehenengo liburukian datorrena, gizakiak garen eskizofrenikoak maisukiro gaude marrazkitu eta irudikaturik. Kondaketa haria lehen pertsonan eginda dago, eta zapaldu bat izatetik zapaltzailerik ikaragarriena izatera heltzen da narragiea, kondalaria. Ipuin honetan, liburuki bietan agertuko diren imajina eta mito guztiei ematen zaie sarrera, pisu, aspergarri eta nekos inondikan ere gertatu gabe; hor egileak erritmoari benetan igarri diola, argi eta garbi, beldurrik gabe, esan dezakegu. Ipuina irakurtzen hasi eta Kafkaren desesperoren antzeko zenbait etedeteko gertu dago irakurlea. Atxagak, ordea, gogorragoa da, nazkagarriago, etsipen pertsonalearen irteera ere hersten du eta desesperantza nagusi bilakarazten, zeren hastepenean hair maitekor agertzen digun Scardenalli delako hori, hain makal eta bakarti agertzen dugun berbera, piztiarik narda- eta okaztagarriena bihurtzen baitigu azkenean.

Lehen liburuan gero agertzen den Bilintx teatroa dateke, seguru asko, flakezia gehienetako zatia obratxo osoan. Hori eta bigarren liburuan agertzen den Gomez izaneko ipuina. Eta hori diot, Bilintx delako zati teatralean konduan (recit/relato) ematen den jauzia aski desegokia baita. Gomez-en kasuan, berriz, arrazoia osterantzekoa da. Errepika bat besterik ez dela ematen du, aurreko ipuinetan erabili den gaiaren errepika pobrea. Sendimendu horren funtsa behar bada deskribaketa moldean datzake; narragilea bitan zatitzen da, bata eskutitz-egilea, beraren idazkuntzaren berri ematen diguna, eta bestea eskutitz-egile horren berri ematen digun beste kondalaria. Gauza bera ere gaiaz esan daiteke, hots, jendeak eta gizakiak alatzeko asma daitezkeen modu, era eta bideen narrazio bat dela, eta horregatik, lehendik irakurri dena irakurriz gero, apur bat barroko, terminu honek hein batetan duen zentzu pejoratiboaz.

Azkenean Joe deritzon istorioa dugu aipatzear. Lehendabizikoz harrigarri gertatzen dena zera da, kondalariaren adizkera. Batetik, lehen pertsonan dagoela eginda, hika egiten da, kondalariaren, h.d., pertsonaia nagusiaren gogoetak bailiren, bestaldetik baina, helburu berberaz eta kondalari berak eztabadakaz egiten du. Egia esan ez dakit nola interpreta kontua. Agian nork bere buruari aldika dion estimua dateke adierazi nahi dena. Ez dakit. Istorio honetan, argi dago, gainerakoan, alakuntzen kontrako heiagora eta arrabotsa. Komisaldegi batetatik pasatu den bat baino gehiagok “ring’ horretara igaten diren lau gizonak birbizi litzake bere oroimenean, azkenean agertzen den agure madarikatu hori bezala. Dena dago loturik, ondo loturik. Irteerarik ez dagoela esan nahi zaigu. Testua orain hiru bat urte idatzi dela jakinda, are ulerkorrago gerta daiteke seguru asko.

Gauza bera da azkenaurreko testukoa, formalki aski landua, Theoren heriotzea kondatzen diguna, alegia. Bukatzeko agertzen den “amaiera artifiziala”ren esplikazioa trebrea dela aitortu behar dugu, irakurlea, oraino harridurarik geratzen bazaio, gehiago nahasteko bide edo eta galbide bat besterik ez delako, ipuin batek duen amaiera naturala guztiz artifizialdu egiten baita azken testu bezala agertzen diren hiru orrialde horiez.

Judizio orokor bat ematekotan, honelako erantzun jeneral bat botako nuke, hots, obra hau ikaragarrizko irudimen-potentzia batez, zenbait ahultze gora behera, idatziriko idazlan interesgarri eta ederra dela.

Azkenez ene eritziz idazle batek inolaz ere ezin ahantz dezakeen faktore bat aipatu gura nuke, hots, idazleak eredu izan behar dukeelakoarena.

Horixe da izan, idazleak hizkuntzaren beste erabiltzaileen bere mintzakideen eredu izan behar du. Hala uste dut nik behintzat, idazlea baita hizkuntzaren baliabide guztiak ageriko utzi behar dituena eta hiztun hilkoarentzat plazer eta mirespena sortu behar duena. Eta honetan bai duela Bernardok aparatu egin. Hizkuntza, darabilen literatur hizkera samurra da, bizkorra, aaina eta guztiz atsegina. Ez dut esanen Mirande bezalakoren baten mugaraino heltzen denik, ez eta gutxiagorik ere, haatik, bizia da horko hizkuntza, aberatsa eta batez ere irakurle
gehienontzat gozoa. Edozein eritzik eta judiziok baino askoz gehiago praktikak balio duelakoan baina, liburuetan agertzen den ene eritzizko testurik ederrena traskribatuko dut gure aldizkari honen irakurleen laket- eta plazer betegarri:

“Ibilia naiz ni ere artoaren galdotxak biltzen, erre ditut nik ere arta-bizarrarekin eginadako zigarro xinple eta injenuoak. Eta sentitu izan dut haizearen freskura belarrietan, zanpatu izan ditut belar finak nire gorputz osoarekin. Ikusi ohi ditut, nik ere, kolore horisken etzaleku diren haran lasaiak, eta deskantsatu naiz beroietan bide batez koloredun pundu desberdin bat sortuz. Erreka jostalarietan ere murgildu naiz, egin izan dut iheriketaren itxura beste milaka mutiko eta neskatoen gisa. Entzun dut, makalaren fru-frua, egunsentietan. Begiratu izan diot eguzkiari, laino ttiki bakanak bere hotz diztiratsuekin jaten dituen bitartean.

Anitzetan ere, eta basoak arratsaren zilarrean heltzean grabatzen diren ordu exaktoan, eseri izan naiz teilatuetan.

Eta ilargiak, printze bakartien lez, bere txelo kontzertua eman duen bakoitzean, bere publiko ixilaren artean aurkitu izan naiz beti…”

Azken kritikak

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith

Nagore Fernandez

Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Joxe Aldasoro

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Mikel Asurmendi

Rifqa
Mohammed el-Kurd

Irati Majuelo

Loak ezkutatzen duena
Patxi Zubizarreta

Aiora Sampedro

Gari eta goroldiozko
Anari Alberdi Santesteban

Mikel Asurmendi

Itsaso amniotikoa
Oihane Jaka

Asier Urkiza

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon / Piszifaktoria Ideien Laborategia

Nagore Fernandez

Gurpilak
Eztizen Artola Iturrate

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Hasier Rekondo

Detaile xume bat
Adania Shibli

Irati Majuelo

Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

Hedabideak