kritiken hemeroteka

8.662 kritika

« | »

Menditik mundura / Xabier Amuriza / Egile editore, 1977

Xabier Amuriza bertsolaria koblakari Andolin Eguzkitza / Anaitasuna, 1977-11-15

Patxi Zabaletak —Gorka Trintxerpe ezizen literariaz— bere azken liburu biekin egin duen legez, Xabier Amurizak ere honako honetan liburu bat argitaratu du inongo argitaletxeren laguntzarik gabe. Zergatik datekeen ez dakit, gore egoera lazkarri, txiro eta errumesaren beste zeinu eta zantzu bat izan daitekeela bai ordea susmatu. Gure literaturaren pobrezia estrukturalaren beste ezaugarri bat. “Menditik mundura” dauka izena liburuak, lau zati txikitan izan ezik puntuz eta bertsoz plazaratu
zaiguna. Ederto baino edertoago argitaratua. Molderrakuntzarik gabe, apain, oso ondo josia eta oso paper atseginez. Agian honek ere neurria eman liezaguke, gure argitarazioen heina erakuts, zeren euskal argitaletxe gehienek ateratako liburuetan asko eta asko arras txarto moldaturik baitatoz, eta orobat oso materiale baldar eta, txirotasunak txirotasun, irakurlearenganako oso begirune guti adierazten duten moduez.

Liburua ireki eta hartzen den lehen zauzkadaz, euskara maisukiro darabilen egile baten aurrean gaudela konturatzen gara, hizkuntza aberats; polit, trebe, indartsu eta adierazkortasunez betea darabilen autorea dugula geure aitzinean. Askori sortzen zaigun hizkera elbarritua ez den mintzaira, ez eta erdakadaz betea, aspalditxo honetan, salbuespenak salbuespen, euskal prentsa eta literaturan erdi nagusitu den erdara pobrea.

Bi partetan dago liburua partitua, puntu librez egindako poemak lehena eta euskal bertso klasikoez osaturiko bigarrean. Bertsokera, haatik, guztiz da herritarra atal bietan, lehenengoan, bertsoak bigarrenean bezala, herrikoblaren teknikak erabiltzen baitira, hots, bi silabetako puntuak, lerro laburrak eta imajina eta irudi erraz eta xeheak; hala nola errepikatze etengabeak:

“Galdera nagusia da
zergatik den gizona
hain zapaltzaile
hain zapalerraz”

edo eta euskaldunen artean, eta are gehiago bertsolarien artean, hair erabiliak izaten ohi diren berbajokuak:

“Gure keleto meleto
etxean geldi hobeto
Aizak Lukano, zer Kristo egiten duk horrenbeste ume edukitzeko?
— Herorrek bat edukitzeko egin huena baina sarriago”

Bigarren ataleko bertsoak bertsolari on batenak besterik ez dira, bapatean paratu ez diren bertsoak gainera, azken urte hauetan euskal politikaren berri eduki duenak ezagutzen dituzkeen bertso borobilak, Zamorako espetxean egindako bertso burrukalariak baitira gehienak.

Ezin daiteke esan poetikotasun ikarragarrizko lerroak direnik obra honetako poema eta bertsoak, horregatio sen poetikoa duen olerkari bat derakuskigute argi eta garbi; beharbada, teknikak eta hizkuntzak berak lantzean behin itotzen duten sena, baina edozein kasutan ere mailarik gorenetaraino heltzen den, eta batez ere hel daitekeen, sentimendu eta sortzeko tasuna.

Azken kritikak

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Maialen Sobrino Lopez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Jon Agirre

Emognosia
Mitxelko Uranga

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Koxka bat estuago
Henry James

Aritz Galarraga

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Hasier Rekondo

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak