kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Gudari bat / Xabier Gereño / Kriselu, 1977

Gudari bat Joseba Sarrionandia / Zeruko Argia, 1977-12-18

“Ondoren zuzena nabari da polizi nobelak

irakurtzen dituzula…” (18)

Literatura eta paraliteratura

Kultura orotan badago muga bat literatura eta ez-literaturaren (paraliteraturaren) artean; kreatibitate eta kreatibitate ezaren artean dagoen bezala. Euskal literaturaren historian ez da, ordea, muga hau nabarmentzen.

Ene lagun batek euskal kontrakultura bat ez dela posible dio, euskal kultura ofizialik esistitzen ez duelako. Kultura eta subkulturaren arteko mugarik ez dago euskal alorrean. Alegia, estrukturalismo eta erlatibitatearen teoriaren arauera euskal kultura behar da euskal subkultura egiteko: eta ez du, ez batak ez besteak, esistitzen zentzu zehatzean.

Euskal mugimenduan gertatzen den nahasmen hau oso nabarmena da Kriselu argitaldarian bertan ere: Bernardo Atxaga-ren Ziutateaz edo Ramon Saizarbitoriaren 100 metro Alfonso Irigoien-en Sorterriaren alde edo Xabier Gereño-ren nobelekin zaku berberean argitaratzen dira. Euskal literaturak iraungo badu berezi egin beharko dira erabat literatura eta paraliteratura, eta bereizketa hau ez da kalitate kriterioetan oinharritzen idazlanen xederetan baizik. Xabier Gereñoren nobelak, eta berak ere aitortzen du, paraliterarioak dira (edo izango lirateke euskal literatura finkatu bat balitz) eta planteamentu eta helburu oso lejitimoak ditu sail honen barnean.

Xabier Gereñoren nobelagintza

Xabier Gereñoren literatura paraliterario honen oinharria eta asmoak, euskara ikasteko texto linguistiko erraz eta irakurgarri batzu eskaintzea da. Bere prosako euskara erraza, perpaus laburrak, sintasi sinplea, leksiko minimoa e.a. oso erabilgarriak dira hizkuntzaren pedagogiarako.

Prosa hau narrazio batetan gorpuzteko, aukeratu zezakeen generorik egokiena aukeratu du, hain zuzen ere: teknika poliziakoa. Hammet, Chandler, Simenon etabarrena baino eskema askozaz ere sinpleagotan; eta Gereñok ongi ezagutzen du nobela beltzaren suspense klitxea. Behin irakurtzen hasiez gero bukaera arte irakurri behar den zerbait izatea da texto labur honen abantaila.

Gereñoren nobelagintzako funtsezko beste ezaugarri bat mezu didaktiko politiko-moralista lebe bat eranstearena da. Gudari bat nobelan ETAko militante bat da arazoaren ardatz positiboa:

“—Jakingo duzunez, ETAkok burruka harmatu bat daramagu Euskal Herriaren alde, eta gure ekintzak neutraltzeko asmoz faxisten infiltrazio bat sofritzen dugu gure barnean. Horregatik, ongi gorde behar ditugu gure mugimenduak” (12)

Terrorismo faxista da, bada, argumentuaren ardatz negatibo eta erasotzailea, eta Gereñok ez du damurik texto didaktiko hau sartzeko:

“Faxistak. Ez zaizkit atsegin. Gizonaren duintasunean sinesten dut. Faxistek ez. Faxistentzat gizonak panpinak bezalakoak dira. Führer, Duce, Caudillo… Pinochet. Gizon bakar batek pentsatzeko ahalmena du, eta beste guztiek hari jarraiki behar diote, nahitaez. Ez. Faxismoa ez da zuzen. Eta munduan, gure eguneroko bizian, zenbat “jefe” eta “jefecillo”-rekin topo egiten dugun!. Entrepresetan, adibidez, zenbat agintari, eta zuzendari, eta arduradun portatzen diren Hitler txiki batzu balira bezala!… Bueno, haritik irtetzen naiz… Ala ez?…” (67)

Hirugarren kasu batetan ere koiuntura politikoaren analisi bat egiten du, frantzesezko gramatika bat darabil emakume batek:

“—Behar bada noizbait Ipar Euskal Herrira ihes egin beharko banu, lagungarri litzaidake. Gogoan har Franco-rik ezbadago ere, post-frankismoan gaudela eta euskaldunontzat gauzak Hego Euskal Herrian ez daudela oraindik oso argi”. (64)

Argitarazioaren deskalabroa

Lehen aipatu dugunez euskal liburugintzaren deskalabroa nabarmena da nahasiak publikatzen diren liburu desberdinen aldetik. Baina problema ez da horretara mugatzen. Hiru hilabete iragan daitezke deus argitaratu gabe editorial batetan. Eta publikatzen denean deskalabroa munstroa bihur daiteke. Gudari bat liburua liar dezagun esate baterako: hitzak errataz josirik dirudite orrialde guztietan barrena. Hiru orrialde errepikatuak ditu: 81.a eta 82.a orrialde berbera da, 87.a eta 88.a ere berdinak, eta 89.a eta 90.a ere berriz. Eta desmadrea, 91 orrialdeko liburuxka honen salneurrian bere maila gorenera iristen da: 225 pezetara. Bukatzeko, eta hitz pare batzutan esanik, liburu oso irakurgarri bat da, ediziozko eragozpen batzu eduki arren, euskara ikasten ari den jendearentzat, texto linguistiko erraz bat baita. Entzun dugunez, gainera, laster irakurri ahal izango dugu hurrengo alea Gereño ere langabeziak harrapatu omen baitu. Ziur gaude, situazio honek Gereñoren gaitasun emankortasuna multiplikatu eginen duela.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak