« Literatura | Literatura »
Euskomunia ala Zoroastroren artalde! / Gorka Trintxerpe / Egile editore, 1977
“Euskomunia”: narrazio eta gogoeta J.A. Mujika / Zeruko Argia, 1977-07-10
Poeta eta artikulista gisa ezaguna genuen Gorka Trintxerpe, Leizako idazlea. Orain prosista gisa ere agertu zaigu, “Euskomunia ala Zoroastroren artalde!” argitaratuz. Liburu hau prosa lan desberdinen bilduma dugu eta bertan orotarik bada: ipuinak, nobela motzak, mitoak, igerlekeriak. Orotarik bada bai, baina ez oro neurri eta balio berdinekoa.
Baina has gaitezen hasieratik. “Padrinorik” gabe agertu du idazleak bere liburua. Eta apropos egin du horrela, espresuki aitortzen duenez. Ez apologoegile ezagun baten aipamen berorik, ez idazle ospetsuen zitarik. Ezer ez. “Hau ene lana duzue” eta kito.
Gusto baduzu irakur eta ez baduzu… hor konpon. Baina behintzat ez du liburua bestek emandako arropaz jantzi. Eta aipagarri da hori, euskal letren mundu txiki hau influentzia eta joera taldez —adiskidetasunak ere bere papera egiten duelarik— beterik dagoela ikusirik,
Esan bezala, egileak lau atal nagusietan banatu du beren lanen bilduma hau: ipuinak, mitoak, igerlekeriak eta nobela motzak. Banaketa hori ordea, nere ustetan, azalezkoa baizik ez da; banaketa sakonago bat badago. Lanak izan ere, azaleko forma gorabehera, bi eratakoak dira nagusiki: batetik pertsonaia konkretu bati eta korapilo edo prozeso konkretu bati lotzen zaizkionak; eta bestetik egilearen gogoeta erdi filosofikoei, nolabait esan, zor zaizkionak.
Denetan ere gogoeta zaletasun hori nabarmena da eta batzutan are sermoi zaletasun moralizantea ere bilakatzen da. Horrek ez du nahi-ta-nahiez eta beti sentsibilitate estetikoa itotzen. Zenbaitetan, bai, haatik.
Narrazioak
Lehen joerari dagozkion lanak —“Marzelina”, “Aizahan, Aizahan!”, “Anaren ekutitza”, “Ioanes Munaetakoa”, “Izkiaren ihauzia” etab.— gustorago irakurri ditut nik eta, noski, hori esaten dudanean, badakit gustoak beti ere gusto direla. Egituraz eta moldaketaz ez dute berritasun handirik aportatzen; izan ere, ez dira gaurko nobelagintzan —ez eta euskal nobelagintzan ere, ikus “100 metro”— nabari joeretara moldatzen. Klasikoagoak dira, nolabait esan. Korapilo baten hari lineal samarrari jarraitzen zaizkiote, narradorea batzutan orojakile hoietakoa dugularik, beste lan batzuk ni-estiloan idatziak badaude ere. Baina, halere, egiazko narrazio ditugu, bizitzaren zati bat ematen digute, bizitzaren birkreazio estetiko batzuen aurrean gaude. Eta ez zaie gainera nolabaiteko sentsibilitatea falta.
Lau hauetan, beraz, pertsonaia eta egoera konkretuetan sakonduz, pertsonaia hori paradigma bilakatzen zaigu, egoera hori gure egoera konkretuen nolabaiteko ispilu bihurtzen zaigu, situazio jeneral egiten zaigu. Eta horregatik irakurtzen ditugu gustora.
Zerbait esatekotan, hau esango nuke: holako lanetan ere koherentzia minimo bat eska daitekeela. Izan ere vietnamdar batek ni-estiloan bere gorabeherak kondatzen ari delarik zertara dator Iparragirreren “Nere amak baleki” kantaren hitzekin jokatzea edo-ta narrazioaren erdierdian Xabi, Eustakio, Jon eta beste gure arteko gudariak aipatzea? Vietnamgo borrokak beste zenbait borrokaren oroimena badakar ere, narrazioaren planteamenduak ez du horrelako jokorik baimentzen. Salto miresgarriegiak gertatzen zaizkigu, planteamendu lineal samar batetan. Horrelako tartekatze horiekin lortzen dena zera da, narrazioaren autonomia puskatuz, zirritu batetik bezala egilea bera azaltzea, egilearen presentzia estrainoa, narrazioarentzat estrainoa, agertzen. Eta hori maizegi gertatzen da Gorka Trintxerperen lan hauetan.
Gogoetak
Bigarren joerak ez nau, egia esan, hainbat bete. Gogoetara emanegia den prosa erdi filosofiko hori pisu egin zait.
Pertsonaiak eta egoerak abstrakzio batetara eramanaz, ahul eta interes eskasagokoak egin dira. Ez dute gorago aipatu zatien sentsibilitate indarrik eta, areago, meditazio jeneral gisa agertuagatik ere, ez dute haiek bezainbat indar egoera konkretuen paradigma izateko. Haik pertsonaiarengan sakonduz balio jeneral eta bizi batetara iristen ziren. Hauek, jeneralizatuz ere, ez dute inongo ispilu izateko indarrik.
Egileak bere buruarekiko eginiko bakarrizketa hauk, bestetik metafora eta sinbolo pilo batez, egilearen kultura salatzen duten ikuitu kulturalistez, jantziak datoz. Eta horrek ondorio berberara garamatza.
Eusko mania
Bukatu baino lehen ohartxo bat hizkerari buruz: “Euskara batuaren asepsia” gainditua ez izatea okertzat jotzen ez badut ere —izan ere, iritziak iritzi, asepsia hori, gauden egoeran gaudelarik, puska baterako izango bait dugu beharrezko—, forma okerrak batutzat jotzea ez zait hain egoki iruditzen. Hona hemen adibide batzuk, zerrenda ez luzatzearren: “Arabehera” (askotan), “ken hitzak” (107 orr.), edo-ta menpeko perpausetan zeharkako hitanoa, “egiten ari naukena” (195 orr., eta askotan) etab.
Beste aldetik nondik beti eta nonahi “guretarrak” sartzeko gogo hori? Zergatik Jeke Joshua arabearen azpian Baztango Joxe euskalduna izkutatu? Zergatik Li vietnamdarraz Jean Louis Etcheberri bat egin? Horren alboan, hainbeste “eusko” ere bitxi egiten zaigu: euskarlisamina, euskabedertasuntxo, euskomunia… ez ote gara eusko mania baten aurrean?
Ongi etorria bedi, beraz, prosa liburu berri hau, hain urri dugun euskal prosa literarioa aberastera bait dator. Eta, bide berrienetan abiatzen ez bada ere, lan baliotsuak dituenez are ongi etorriagoa dugu. Bestelako lanei buruz, berriz, badakigu gaurko irakurlea ez dela gogoeta eta sermoien zaleegia.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez