kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Izuen gordelekuetan barrena / Joseba Sarrionaindia / BBK, 1981

Izuen gordelekuetan barrena Jon Kortazar / Jakin, 1982-06

Izuen gordelekuetan barrena liburuari buruz hitz egitea ez da txantxetakoa. Norbaitek bidaia horretan barna abiatu nahi izanez gero, kontuan izan beharko du idazlearen mehatxua liburuaren hitzaurrean. “Esan nahi dut poema liburu hau ez dela ez dena, eta ez duela behar zutoihalik, ez hilobi arranditsurik, lieriotz naturalez dagokion hilobiaz aparte”. Eta jakingo du edozein irakurle animotsuk hitzok berarentzat direla, eta liburua ez dela osoki berarentzat. “Neuri eta adiskideei bakarrik dagokigun lan katea” direla, alegia, liburuaren hartzaileak. Baina, berea ez duen sekretu bat azaltzen ari dela sentituko balu ere, badaki jakin ez duela berak errua, ez duela berak ireki gordairu zabarra, zeinetan utzi nahi bait zuen betiko idazleak liburua. Sariketa batera bidaltzeko, Josebak berak ireki zuelakoa jakingo du, ostera. Eta hitzaurrea amaitzean, “iadanik ez da nirea” irakurriaz batera, idazlearen hasierako mehatxuak zentzurik ez duela sentituz, liburua edozeinena, irakurtzen duten guztiena dela (betea ere bai, hortakoz) asmatuz, Josebak hitzaurrean kontatzen duen ipuina ez dela egia osoa konturatuko da. Eta “bandidaia” “berbidaia” bihurtuz ausartzen naiz eritzi honi, komentario honi aurrera eragiten.

I. – Hitzaurrean barna

Egia esan, ez da erraza hau. Liburuak markatu ditu jadanik, zeintzuk diren liburuaren ezaugarri nagusi eta mugarik zehatzenak. Hitzaurreak oso argiak dira. Eta plurala erabiltzen dut, hitzaurreak bi direlako: argitalpenari prosaz egindakoa, eta liburuari bertsoz jarritako “Bitakora kaiera”.

Baina nik, (ze erremedio, bestela hutsean ariko nintzateke) ez dut uste hiru ezaugarriren bitartez liburu osoa azaldua dagoenik. Estilo didaktikoegi bat jarraituz, gogora ditzagun hirurok:

1) Erreferentzia literarioz osaturiko poema bilduma. 2) Bizimodu arruntetako egoeretan oinarrituak. 3) “Pott banda”ren influentzia.

Guzti hori oeste hitz hauetan labur dezakegu: poesia autonomo ebokatzaile eta fantastikoa egiten duela. Ez da erraza zer den esatea, baina Paul Meabek (Manu Ertzilak) honela azaltzen du hitz guttitan: “La diferencia entre ambas poesías (sentimental y literaria) es que en la sentimental se plasma la vida en la escritura, mientras que en la literaria se trata de emplear la escritura como forma de vida”. (Bizitzeko era legez, tresna legez, literatura egitea beharrizan neketsu baten antzo, ez profesio legez). Edo Friederich-ek dioenez, XX. mendeko lirikaz mintzo: “renuncia a la inteligibilidad limitada, substituyéndola por una sugestión plurivalente y afirma su voluntad de convertir el poema en algo independiente y autónomo, cuyos contenidos se mantienen sólo gracias al lenguaje, a lo ilimitado de su fantasía o a su irreal juego de ensueños”

Hauxe da autonomia hitzaren zentzurik sakonena. Poemaren mugatasun eta borobiltasuna barna zabaltzen gara geure ebokazioetara. Eta Sarrionaindiaren poesia berez autonomoa da. Errealitatearen aipamenak egin arren ere, ez du autonomia ezabatzen. Bere etxeondoko itsuaren erreferentziek, kasurako, ez dute hau deuseztatzen. Erreferentzia extraliterarioa da, baina erreferentzia ez da poeman agertuko. Extrapoematikoa da, era batez irakurtzeko idazleak damaigun azalpena. Baina poemak ez du azalpenik ematen. Erreferentziaren extraliterariotasunak poemaren autonomiaren alde jokatzen du.

“Pott banda”ri egindako aipamena berebizikoa da. “Pott banda”ren bizitza, bizitza literarioa zen, harrigarria. Baina Josebak egiten duen aipamena aipamen hutsa da. Bandaren giltzarriak agertzen ez dituena. Baina, bandaren eragina argia bada liburu honetan, hain argi geratzen ez diren mogimendu bi aipatu nahi nituzke.

Orain gutti (1981-08-24) telebistan egindako elkarrizketa batean, Bernardo Atxagak hauxe esan zuen bandaren hasierako sei partehartzaileei buruz: poesiaz Eliot eta prosaz Marcel Schowb gustatzen zitzaizkiela. Eta datu biak bandaren giltz moduan ematen zituen. Beraz, prosaz sinbolismoarekiko eta poesiaz musikaltasunarekiko joerak nabaritzen direla ulertu, irakurri beharko. Sinbolismoak eta Eliot-ek berriro garamatzate lehen esandakora: poesiaren autonomiara.

Baina horiexek izan baziren ere “Pott banda”ren zutabe literarioak, ez da ahaztu behar Josebak, horietatik at, beste irakurketa batzuk egin dituela. Eta gai honetan argigarriak dira Alvarez (Museo de cera, 1976) hain hurbildik gogoratzen duen “berrogei IZEN SONETOA egiteko”, eta liburua zehar beste olerkari batzuei egindako aipamenak (Pessoa eta Dylan Thomas). “Pott banda”ko idazleen artean duten influentziagatik, azpimarratu nahi nituzke, XIX-XX mendeetako idazle bidaiariak: Conrad, Poe, Melville. Eta Josebarengan eragin handia izan duen beste idazle bat ezin dugu ahaztu: Mirande, nori poema luze bat eskaintzen bait zaio liburuan.

Bigarren hitzaurrea, “Bitakora kaiera” (nire ustez, liburuan dauden poemetan ederrenetarikoa) ez da helburuaren eta nahien proposamena, gaiena eta kontzepzioarena baizik. Gaiena: berton laberintoa eta oroimena eta etsipena (noraeza) direlako liburuaren gai nagusitzat hautatzen, gaurko literaturaren joerak jarraituz; eta kontzepzioarena, liburuan Europa zehar bidaia proposatzen zaigulako, sorterri, herri-, hiri koordenaden artean mugituz.

Laberintoa, Hegoamerikako idazleen behin eta betiko irudia da: “Ulises”en oroimena izanik ere, gaur egun, Borges, Cortázar, García Márquez-ek etab.ek erabilia: noraezaren, ezjakintasunaren eta existentzialismoaren iruditzat har dezakegu.

Oroitzapenak, berriz, identifikazioaren eta nortasunaren aztarna bezala funtzionatzen du. Oroitzapena bederen gorde behar duela pentsatzen du: bere kondaira bait du, bere iragana, bizi duena, bere burua. Oroitzapenaren gai honek badu zerikusirik denboraren joan lotezinarekin eta Bergsonen teoriazko kontzepzio filosofikoekin.

Kontzepzioarekin jarraituz, matizazio bat egin beharrean aurkitzen gara. Sensu stricto, kontzepzio bi agertzen bait dira bigarren hitzaurre poetiko honetan: bata, lanaren kontzepzio bezala, bidaia aipatuz, eta lehenago gogoratu ditugun London, Melville, Swift-en antzera, ontziz egingo den bidaia (“Bitakora kaiera”), Berez, argi dago ez dagoela ontzi baten beharrik, abentura hitza ere ebokatzen bait dugu bitakorarekin.

Bestea sakonagoa da, eta badu zerikusirik idazkerarekin:

“ez prophetaren antzera, eroaren antzera baizik;
ez Jainkoentzat, marionetentzat baizik;
marionetak marionetentzat bezala eskribatzen du”.
(IGB, 12).

Esaldiaren garrantzia azpimarkatzekoa da. Hasteko, eroaren irudia aipatuz, Platonengandik datorren eta Graves-engana heltzen den kontzepzio batetan, inspirazioaren (“goi-arnas” hitzak ez luke hemen balio, espreski ez delako “goi”rik baieztatzen) indarra onartzen da.

Marionetak marionetentzat idazten du. Ez du ezer erakutsi nahi (profeten antzera), ez du otoi egiten; bera bezala menperatuak, eta ez dakigun norbaitek mugituak garenontzat idazten du dindilizka gauzkaten sokak emozio dardar batekin mugitzeko.

Kontzepzio literarioaz hainbat gauza esan dugu jadanik, Joseba XX. mendeko korronte literarioetan txertatuz, eta, bide batez, haren gaurkotasuna eta aislamentu- falta demostratuz. Pessoa-ren aipamen batekin amaitu nahi nuke: ez pedante edo jakitun agertu nahi dudalako neure burua; liburu hau idaztean egon den sentipenaren ispilu bezala ikusten dudalako baizik: “Cada uno de nosotros quedó entregado a sí mismo en la desolación de sentirse vivir. Un barco nos parece el objeto cuyo fin es navegar, pero su fin no es navegar: es llegar a un puerto. Nosotros nos encontrábamos navegando sin la idea de qué puerto nos debía acoger. Reproducíamos en versión dolorosa la fórmula aventurera de los argonautas: navegar es preciso, vivir no lo es” Argonautak bezala, kaiera idazten duen gizonak, Josebak.

2. – Liburuan barna

Izuen gordelekuetan barrena liburuaren barna abiaturik hainbat gauza gustagarri agertzen dela esan beharko. Bata, dudarik gabe, obraren barnean dagoen lan nekosoa, barnearen eragitea. Bestea, estilo baten agerpena.

Lanaren eragiteari buruz, prozesu horretan sufritutako eta landutakoari buruz, García Lorca-ren hitz batzuk ekarri nahi nituzke: “Si es verdad que soy poeta por la gracia de Dios —o del diablo— lo soy también gracias a la técnica y al esfuerzo, y porque me doy perfecta cuenta de qué es un poema”. Eta Josebaren poesia horrelakoa dela esango nuke. “Artisau gisa” egina, Etiopia-ren hasieran irakurtzen genuenez, forma guztiak pentsaturik eta landurik.

Baina obra egiterakoan, lanak bere pisua izan badu, ez du guttiagokoa izan, lanaren kontzepzio musikalari emandakoak. “Poema bakoitzak badu autonomia” esaten digu Josebak hitzaurrean, “izan ere bilduma ez bait da homogeneoa, ez lengoaiaren, ez piaren ez tankeraren aldetik” (6. or.). Tankerarena, argi bain argiago dago. Eliot-en oihartzun bat ote tankera-aldaketa hori? Berriro Friederich-ek dioena zitatu beharko dut. Esaldiok Eliot-i buruzkoak dira, baina Josebaren liburuari ere aplikagarriak: “Sólo en un punto concuerdan todas [las críticas] y es que esta obra llena de incongruencias resulta fascinadora por su musicalidad… El lenguaje trascurre, siempre de modo imprevisto, por las más diversas modulaciones: relato escueto, nostalgia, contemplación, melodía de flauta, de vez en cuando patetismo y luego otra vez ironía, sarcasmo, estilo coloquial descuidado”.

Tonuen aldaketa bilatu izanak, teknikak ugaritzera darama liburua. Aberatsa da teknika-arlo honetan: badira poema narratiboak, badira sentimentalak, nostalgia bilatzen dutenak, ideien elkarkidetasunean oinarrituak (20 or.), akumulazioz jokatzen dutenak, hitz-jokoan oinarrituak edo kopla zaharren teknika erahiltzen dutenak. Teknikaren aberastasun honek frogatzen du, nahitaez, liburua idazteko erabili den pausa eta kontua. Aberatsa eta ona ez dira gauza bera, ondea.

Tonuen aldaketa nabaria dela esan dugu, eta onuragarritzat jo. Baina hemen sortzen da liburu honen lehen hutsa. Tonu-aldaketaren eskakizunari zor zaizkion zenbait (ez dira gutti batzuk) poemaren ahulezia, ezereza. Neri behintzat ez zaizkit gustatzen “hasi eta amaitu” eratako poemak (40., 48. or., adibidez), gero astiroago aztertuko ditugun epigramak…

Baietz uste dudan arren, ez dakit horrelako poemek ez ote duten liburuaren kalitatea jaisten. Batzutan, ideia baten espresio grafikoek (ideogramak ez ditudala gogoko aspaldi esan nuen) ez dute deus aportatzen, musikalitatearen tonu-aldaketa ez bada. “Olerkia” eta “Izpilua” (28, 29. or.) dira diodanaren adibiderik argienak.

Bigarrenez, estimagarria da liburuan Josebaren idaztankera. Hau dela eta, hizkeratik hasi behar dugula uste dut. Hemen badago, nik uste, kontzientzia poetiko baten adierazlea den aukeraketa, badago euskal tradizio klasikoarekin (lapurtera, behenafarrera) lotu nahia, eta, azkenik, Miranderen hizkuntza poetikoaren ausnarte eta sakontzea.

Ni ez naiz gauza, Josebak hizkuntza poetiko berria egiten duela esateko. Nik neuk ez dut uste berria denik, eta esan dut erroak zeintzuk diren. Baina esan beharra dago, oso hizkera poetiko interesgarria dela. Lehendabizi, matizatua delako; bigarren, fonetikaren musikaltasuna lortzearren, aukeraketa zehatza egin delako. Orohar, hiru ezaugarrik eman didate atentzioa:

1) Hiztegia: Hiztegiari, eta batez ere aukeraketan, fin eta leuntasunera jo da. Baina hiztegiaren arlo honetan badira alderdi bi zeharo desberdinak. Hiztegi zuzenarekin lotuko nuke bata: badira liburuan hainbat izen (sustantibo) zehatz, poemaren nolabaiteko argitasuna markatzen dutenak. Arlo semantikoan, aipagarriak ditugu izadiaren mailako arbola eta txorien izenak. Berriro aipatu nahi ditut fonematikaz ozenak diren izakien izenak, hizkuntza poetiko horren zutabe direnak: karnaba, behi mantsoak, kalatxoria, maluta, txakur deslaiak.

Mundu poetikoa eraikitzen duten izenok hainbat eta hainbat dira, batera ñimiño eta handi. Alde honetatik, badirudi euskalkien hiztegi ahaztu eta partikular baten berbiztuera dugula begien aurrean. Partikularra da, hain zuzen fonetikak agintzen duelako.

Baina fintasun horren bilaketan, bada zenbait izen topiko. “Bibolin” hitz jadanik gastatua; “Harpa loak hartua”, nolabaiteko ezjakintasuna edo ezina edo dekadentzia azaltzeko.

2) Matizazioa. Oso poesia fina dugula esan dugu. Matizatua ere. Alde bakoitzari berea zor diola. Bigarren ezaugarri hau nabariagoa dugu joskera eta adierazi mallan. Badira hainbat poema labur, egitura nahiko berdintsuarekin. Hona egitura hori: Esaldi nagusi bat dago, eta jarraian hasierako esaldi horren esanahia matizatzen duen bigarren bat. Horretarako loturak (edo, baina) oinarrizko elementu bihurtzen zaizkigu (ik., adib., 18, 25, 65. or.).

3) Esaldi baten errepikapena. Badu honek matizazioarekin zerikusirik, baina hala ere, erretorikaren influentzia markatu nahi dut. Errepikapenak nahiko erritmo lasaia ematen dio olerkiari. Esan nahi dudana, irudi baten bitartez adieraz dezaket: kostaldearen kontra jotzen duten olatuen antzekoak dira; lasaitasuna sortzen dute esaldiok. Hala eta guztiz ere, ez dira monotonian jausten. Kolpe bakoitzak, errepikapen bakoitzak, gauza berriren bat dakarkigu.

Baina badira liburu honetan harritzen nauten hainbat detaile.

Bata Etiopia liburuarekin duen zerikusia. Idazle biok lagunak izanik, prozesu literario antzekoetan ibilirik, kontzepzio poetiko berdintsuetan jausten dira. Baina, paralelismo harrigarriegia da: bidaiarena, zirkuluarena… Etiopia helduagoa iruditzen zait, zorrotzagoa, kontzesio guttiagokoa. Bada desberdintasun bat (hobe, bi) zerbait azaltzeko. Eta biek dute zerikusirik denborarekin. Esan zaigunez, Etiopia egiten urte bi eman zituen Bernardok. Izuen gordelekuetan barrena egiten, hil bi Josebak. Izuen gordelekuetan barrena, Josebaren lehen liburua da; ez, ostera, Etiopia Bernardorena.

Eta Etiopia-ren kontzepzioa barrokoagoa ikusten dudan artean (hau da, kontrasteen biolentziarekin lotuagoa), kontzepzio erromantikoen artean ikusiko nuke Izuen gordelekuetan barrena-rena: sentimentalismoarekin lotuagoa. Bernardo, Schowb eta Eliot-en sinbolismora hurreratzen den artean, Pound eta Yeats-enganago doa Joseba.

Hau oso irudi pertsonala dena badakit. Baina horrela ikusiz gero, horrela azaldu behar. Esandakoa nolabait frogatzeko edo sendotzeko, ohar linguistiko bat datorkit eskuartera. Josebak ez du aditzaren bigarren pertsona askotan erabiltzen (Ulises-en kantetan eta Alexis Zorba-renean salbu). Eta bigarren pertsona da, izatez, drama eta tragediaren sena adierazteko egokiena.

Liburu honetan azaleanago geratu dira beste sentimendu batzuk: norberaren sentimenduak, iragana eta nostalgia. Baina, hauek adierazteko modua nolabait “idilikoa” da, irakurlearengan tentsiorik uzten ez duena.

Tentsio-falta argiago agertzen da narrazioetan: Soldado hilaren ama (103, or.) eta Ossian (99 or.) lirateke adibide bezala erabilgarrienak. Irakurri ostean, pena kutsua sentituko dugu; baina ni neu ez naiz ama horren barnean sentitu, haren samindura ez zait komunikatu.

Horrela, liburua irakurtzean, hau izan dut sorpresarik handiena: izuak inondik ez agertzea. Aurkitu ditut liburuan barna oroitzapenak, sentipenak, ikusmen geldoak. Baina ez dut izurik ikusi.

Norbaitek (Joseba eta bion lagun batek), liburu honetan Josebari bere adina igertzen zaiola esaten zuen. Gaztea edo aurkitzen zuen liburua. Ni ez nator harekin oso bat. Ezin ukatua da liburuan joera erromantikoa. Baina joera hori estalia geratzen da, ikuspegi erromantikoa arazo kontzeptual (ideien jokoa, ideien progresioa) bihurtzen duenean: “Irlandar herriaren aldekoak” (94. or.) aipa genezake joko hori jarraitu duten olerkien adibidetzat.

Beste puntu harrigarria, Epigramak dira. Neri ez zaizkit gustatzen, eta bihoa aurretik baieztapen hori. Dena dela, nahiko argi dago haien helburua, Joseba irakurriz: “Bestalde, ikuskizun, ideia eta egoera niminoak atzeman nahi izan dira epigrametan” (16 B, 6), kontrapuntu bezala edo.

Zein ote da horien funtzioa? Hiru erantzun etorri zaizkit gogora. Lehenbizikoak badu zerikusirik Etiopia-rekin. Etiopia nahiko liburu serioa izanik, ironiarekin jokatzen du distantziamendu bezala. Piolet-en ipuina eta liburuko azken ipuina ez dira oierkariaren seriotasunari (liburuari) barre-zantzo bi bain. Hasieran, epigramen deusezak, isladak, funtzio bera zuelakoan nengoen.

Bigarrenak, hainbat bider aipatu dugun Eliot-ekin du lotura: “Con estos fragmentos he apuntalado mis ruinas. Debemos aceptarlas [las palabras] como adhesión al fragmentarismo, que es la ley de la poesía de Eliot. El fragmentarismo determina su modo de expresarse… Lo que se dice en un grupo de versos, se destruye en el siguiente o se olvida” “.

Hirugarren interpretazio bat ere badago. Epigramak omenaldiak dira: poema labur txinoei, grekoei, irlandesei, Pound-i eta filme-fotogramei egindako omenaldiak.

Hori da, azken batean, epigramek bilatu dutena: gaurko gure munduaren zihurtasunik eza fragmentarismoz, osotasun faltaz, inpresionismoz azaltzea.

Amaitzeko, eritzi orokor bat ematera behartua sentitzen naiz. Aspaldion euskaraz irakurri dudan lanik gustokoena izan da niretzat; olerki batzuk ikaragarri gustatu zaizkit. Ez dut nik Josebaren estiloa ukituko. Estilo fina eta zuzena da, dekadente kutsuarekin aurkitzen badut ere. Anbiziotsua iruditu zait. Ez nuen hain lan anbiziotsurik irakurri aspaldiko urteetan. Hala eta guztiz ere, idazle-karrera baten hasierako obraren itxura du: sentimenduen joera nabarmenegi agertu zaio, eta, askotan, ezaguera eta influentzia literarioak hain aberatsak izanki, liburuen munduko hoztasuna ere bai.

Baina ez naiz ni hemen, Joseba zein idazle ona den deskubritzen hasiko. Bere literatur aldiaren aro bat erre du (“Edozelan ere badakit gauza bat: ez dudala aurrerantzean era honetako poesiarik eginen”). Etorkizunaren txanda da oraingoa.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak