kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Ehiztariaren erotika / Joseba Zulaika / Erein, 1990

Ehiztariaren erotika Mikel Azurmendi / Jakin, 1991-08

Joseba Zulaika ez da usotik usarrera bizi

Negu parteko igande bat Mendaron. Goizeko zazpiak inguru Madariagatik behera jaisten den Artzubi errekondoan. Alde batera Lastur, bestera Elgoibar. Koadrilako hogeitabi gizonetatik, gaur hamarren bat bakarrik hemen, hankapean alde batera eta bestera zakurrak dituztelarik isilik eta egonezin. Gizonek eskupeta bana bizkarrean, batek foto-makina. Ansorregiko Batistak azken aholkuak eman ondoren, sakabanatu egiten da ehiztari-taldea. Bederatzi ordu pasatxo jo batera jo bestera ibiliko dira zakurren zaunkaden atzetik, usainez usain arrastoari segi, arrastoa galdu. Arratsaldeko lau t’erdietan bi basurde bota eta eskuratu dutelarik, taldea bat egiten da berriz. Antropologoa bereziki da gaur gustora, bere ondo-ondoan basurdea pasa eta Leizaolak bota bait du, Agustinen tiroaren zartadak berau lurrera bota, eskuan zeukan eskupeta bitan eginez. Ehizaren estasi eta emozio-gailurrak ukitu ditu gaur antropologoak, “Agustin eta ni pasatuta geunden” idazten du.

Lau urte edo bota ditu Joseba Zulaikak Lastur-Mendaroko ehiztari-koadrila honekin basurdearen atzetik. Azken hamabost urteotan 120 basurde bota duen koadrila omen da hau, antropologoak berriz tirorik ere ez, baina lau urteren buruan ehiztariaren analisi sendo bat paratu digu eta berak filmatutakotik hamar bat minutu on eta adierazgarririk badago. Euskal Unibertsitateko antropologi saileko doktorego-kurtso batean gurekin eztabaidatu eta gero, Zulaikak liburu bat atera du, Ehiztariaren erotika (Erein). Liburua ez da ehiza-liburu bat, manual bat esaterako. Basurdetan hemen dabilen ehiztariari buruzko saio bat baino egiten ez badu ere, ehiztariaren pertsonalitate izkutu bat argitzen du eta antzinako gizarteetan ehizak zer-nolako talde-egitura psikologikoa eragin zukeen ere dexente baino gehiago ikuserazten du. Horregatixe izenburua guztiz ongi dagokiolakoan nago, ehiza-erotika batek akaso esplika bait lezake arrak emea harrapatzeko ibili izan dituen gorabeherek nola markatu duten gizartea, gaur “machismo” izenez arbuiatu nahi genukeen giza jarrera kultural hori piztuz, hain zuzen ere.

Saioa hiru partetan banatzen da. Lehenean, ehizaren zeinuak argitzen dira: arrastoak, zaunkadak eta usainak zeren adierazgarri ote diren alegia; bestean, gaurko basurde-ehizan dabilenak zernolako ekintza-motan diharduen; eta azkenekoan, ehiztariaren emozioak eta grinak arrotzen dira. Azken zati honen zuztar-gunetik mamitzen da liburuaren esanahia, ehiztaria erotismoaren inguruan jokabideratzen den gizon-klase bat delakoan.

SEMIOTIKA

Inor buru-belarri dabilenik esan badaiteke, ehiztaria da hori. Buru-belarrikoa da bere ariketa nagusia, ez ikusi ez ukitu ezin duen basurdeari segi egin behar bait dio. Ehiztariak entzun egiten du bereziki, baina ez basurdea, zakurra baizik. Horretarako ez du inolako kodigorik, gure gizartean usaintzen ez den usaina omen da onena eta. Begia belarrian denean, ezagupen-prozedura berezi bat lortu behar da derrigorrez. Ikonoz eta kontzeptuz baliatzeko gai ez den ezagupen-mota hau nolakoa ote da? Piztia seinalatzerainoko ezagupen-ibilbidean nola bildu eta elkar lotzen dira sentimenezko datuak? Hau da liburuaren lehen parteko arazoa, semiotika edo zeinuei dagokien argibidea, beraz.

Ehiztariak ehiza-kartografia bat egiten du, zenbat eta mapa hobeagoa egin ehiztaria trebeago. Horretarako arrastoak dauzka bere aurrean: meharrak, beroak, zaharrak, eskasak… Ile-matatza bat alanbresian, arbolaren kontra azkatzerakoan basurdeak galdu duen lohia, hanka-marka lokaztu batzuk… Seinale horiekin egituratzen du ehiza-mapa; zertara apuntatzen duten seinaleok ez dakiela jokatzen bait du ehiztariak hasteko. Hor ez dago inolako imajinik, baina berak asmatu egiten du sare imajinario bat, eta ehiza-gizonen taldea sare horretantxe sartzen da buru-belarri.

Basapiztia ez da inoiz ikusten, honen imajina denotaziorik gabekoa da, erreferentzia enpirikorik ez du. Edota duenéan, gizonak ezin du atzeman. Usaina gauza bat da beste gauzen artean, baina alor semantikorik ez duenez, haizeak dakarren bezala haizeak eraman lezake: horretarako dauzka zakurrak, usainak jaso ahala, zaunka egin diezaioten. Usaina interpretatu egiten dio zakurrak: usain baten tr üke zeinu-indize bat eskaintzen, zaunkada-mota bat alegia. Zeinu honen izaera perkusioarena da, tsdstuarena, kontinuitatean murgiltzen bait da, erritmoa, frekuentzia, intentsitatea, kadentzia eta beste osagaiez bereizten delarik. Mezu pragmatiko hutsa dauka zaunkadak, taldea helbururaino mugieraziko du, ongi interpretatzen den neurrian behintzat. Zaunkada-zeinuaren berezitasuna da aldian aldikoa izatea, kasu bakan baterako egina izaten da eta: ez dago, beraz, inolako gramatikarik, asmatu egin behar da zeinu honen adiera. Ehiztariaren jakitea igarlearena da, asmaketa hutsa, konjetura bat. Ezaguera hau usmatze bat da, zentzumenezko zantzuak susmo bihurtze bat, norberaren esperientziaren baitan bakarrik ikasten denekoa. Erran-merranaren estiloa du, ez kritikarena; analisitik apenas duena. Horrexegatik omen da ehiztari izateko aldez aurretik norberaren burua aldatu beharra dagoela, nork bere sentimenak hezi behar bait ditu, ez da eta aski buruz ikastea, errepikatzea, memorizatzea, eta abar. Zakurrarekin identifikatzea, kidetzea, elkar bategitea da gainera norberaren beste aldaketa handi bat, inor zorabioraino eraman dezakeen mugida sakona.

SINBOLIKA

Jakin, beraz, ehiztariak ez daki; basurdearen joera ustegabeenak, giroaren eta terrenoaren gorabeherarik txikienak ere leher egin diezaioke bere iragarpena. Zeinuen munduan dabilke etengabe aztertzen, zer asma zer ez asma, sentinienezko informazioaren hutsuneak osatzen. “Ehizean? Ehizean ez; ezean bai” errepikatzea gustatzen omen zaio ehiztariar, beti zain dagoelako, ausentzia latz batean jarrita. Egoera hau gainditu, errepresentazio sinbolikoaren laguntzarekin gaindi lzake, herri-kulturan eguneroko esperientziak taxutzeko dauden sare semantikoetan barneratuz. Ehiza-zeinuen mundu iheskor horretan sinboloei esker lor dezake ehiza-estrategiaren bat, bere joan-etorria arrazional lezakeen asmo kontzeptual bat alegia.

Euskai kulturan badago itxi-ireki, barne-kanpo, atzeman jo eta antzeko polaritate semantikoek sortzen duten sare imajinarioa, non herriko jendea txiki-txikitandik hiltzeraino bizi izaten den bere esperientziak jasoz eta inguruneari sentidu bat emanez. Ehizak berak ere kulturazko espazio kualitatibo horretan hartuko du adiera eta sentidua, eta hortxe bihurtzen da estrategia ordenatu, egitasmo arrazional bat. Euskal ehiztariak lur bati itxiturak ezarriko dizkio, espazioa ibiliz, inguratuz eta bilduz, erdigune bat agirian uzteko. Ehiza-estrategia hau ez da animaliak berak edukitzen duen antzekoa; animaliak ere ehizatzen ohi du, inoiz ere erabili ohi ditu simulazioa, gezurra eta doilorkeria (adibidez, bi zakurren arteko burruka simulatuan edota elur zuritan erbiaren kontra-martxan) baina gizonaren tranpa artezak hutsunea daki manipulatzen, kontinuitatea apurtzen daki, eliminaziozko hutsa sortzen, eta erdigunea eta inguruguneen artean dagoen harreman asimetrikoa dela bitarte, erdia daki hartzen. Basurdea erdi-erdian dagoela uste izango du haren estrategiak eta helburu bihurtzen da. Are gehiago, erdiko hori hutsera erreduzitu beharko da imajinazioz: jo-ta apurtu, jo-ta txikitu, jo-ta haustu, jo-ta ke. Honela ikusita, isomorfia badago ehiza-ekintzan eta beste euskal ekintza rituaietan: sendagintzan, etxeko mugak ezartzerakoan, Sanjuan suaren festan, lepotik zintzilik erabiltzen ziren kutunetan, trikuharritan, etabar, non hautsa erabiltzen den huste sinboliko baten indarra adieraziz.

Mugatze eta inguratze honetan animalia eta gizona bereizirik geïditzen dira, banaturik, hierarkiarik garbiena piztu dezakeen espazio estrategiko batean. Norgehiagoka aritzen direla asmatuz, bata ala bestea jokoan dagoela fingituz, goimailako “ni” bat sortzen da. Nagusitasun-nortasunez betea ikusten du orduan bere burua ehiztariak, eta horretxek esaneraz liezaioke “zerri zikina!” inoiz garaile aterako ez balitz. Ehiza-espazioaren sakratutasuna agirian da; ehiztariak lurra “garbitu” egin dezake, basurdea jo eta garbitu egiten bait da, behia edo ardia inoiz ez, “hil” egiten ditu artzain edo nekazariak.

EROTIKA

Ehiztaria zer gizon-planta den azaltzeko, bere egitasmo erranteari segitzea aski da; helburu hutsek darabilten gizona bait da ehiztaria, desioak eta grinak amaigabe aurrera bultzatzen duten horietakoa. Gure euskal tradizioko Mateo Txidstu, Txelemon edo apaiz ehiztariaren ipuinak ondo agertzen dute berau: meza ematen bukatu gabe irten omen zen zakurrak hartuta ehizera; oraindik orain ez da inoiz itzuli eta deskantsurik gabe hor omen dabil munduan zehar, fu-fu ziztua ahoan, zakurrak zaunka dituelarik. Desioaren bortiztasuna eta ehiztan a hezur-haragi dira. Sentitzearen azalak bultzatzen du, sentimenezko zainek eusten diote, eta azken-azkenean, senti-ikara bat nagusituko zaio ehiztariari: emozioa trantze bihurtzen da, inoiz hartan basapiztiaren aurrean tokatzen bada. Eta hau sekula probatu ez dutenek ere (asko omen dira oraindik basurdearekin inoiz topo egin ez duten ehiztariak) “joanda” bezala ibiltzen dira, hamar ordu edo mendian ezer jan eta edan gabe, batere neke-goserik gabe, denboraren kontzientzia baita besteekikoa ere galduta, “poseitu” bailira. Zeinu apuntatzaileak dira ehiztariak erabiltzen dituenak (seinaleak, indizeak) eta zeinu hauetxen konpultsioak darabil bera ere, bere nortasuna parentesi artean ezarriko balu bezala. Emozioa benetako “mozio” bat da, pertsonaren transporte antzeko zerbait; menditik itzultzen denean ohartzen omen da “beste egoera” batean egona dela.

Ehizaren paradoja zera da, imajin ezezagun bat antsiatuz ibili eta imajin horrekin topo egin orduko, den-dena amaitzen dela. Ez da ehizaren plazerra animalia botatzea, basapiztia hortxe aurrean daukazuneko imajin bat eskuratzea baizik. Imajinaziozko aritze horrek imajinaziozko bukaera du, honelakoa omen da ehizaren plazerra. Bistan da piztia bota egin behar duzula behin zure aurrean baduzu, baina instant bateko brist-braust hori, piztia zutik daukazuneko tximist-agerpen hori da eta ez beste ezer ehiztariaren mamua. Fotofinko huts hori da haren harrapaldia: animalia hor dauka hankapean botata zakur-muturren jolas, barrabilak moztu egin dizkio, baina maite egiten du, haren gogoan bizirik dirau eta iraungo du, lotsaturik ere aurkitzen da animaba hura horrenbeste desiratu izan duelako. Animaliaren figura harrapatzeko animalia bera harrapatu behar zuen; baina desioa kunplitu zaio, gizonen artean gizonik desiratzaileen den horretxeri.

Ehiza nahiago ezkontza baino, basurdea jo eta botatzea antsiago “neskarik ederrenarekin bazkalondoko siesta” baino. Ehiza desioen aitzaki bat besterik ez da, eta gizonezkoa larru gorrian hortxe agertzen: bere izaera harraparia da.

GU ETA ZULAIKA

Beti egon naiz ni euskal kulturan nortasunezko larrua abeltzainak geureganatu digulakoan. Beti uste izan dut animaba hezia, etsia edota etxeratua izan dela atalaia aproposenetako bat euskal norbanakoaren burua ikusmiratzeko. Herri ehiztaria aspaldian gelditu zitzaigun atzean eta abeltzainek nahiz nekazariek ez dute aspalditxotik hona oso ongi ikusten ehiztaria. “Ehiztariak gezurra samurra” esango dizu baserriko errefrauak, baita “ehiztari onena, mahainean dagoena” ere. Honen hatzapar besaluzea ez bait du hark batere maite, nortasun eredutzat “jan eta lan” daukalako hain zuzen ere, eta ez harrapaketa. Gure baserrietako aho-belarrietan jaso izan diren ehiztari-kontuek ia-ia beti apaiza ezartzen dute protagonista (adibidez, Mateo Txistu, Axular abade, Txelemon, etabar). Agian herrietan gizakume hori bakar-bakarrik zelako eskulanetik bizi ez zena; eta baliteke ere herriko mentalitatean harrapaketa erotikoarekin lotuegitxoa egotea ehiza; txori, eper zango gorri eta usoarekin konparatu izan dute neska maitalea amodiozko kantu zaharrenek eta neska-lagunarenganako grina uso-ehizarekin. Horrexegatik, bada, litekena da ehiztariari dagokion imajin honek (botikarioari eta maisuari ere berdin) sexu kontutan alproja famarekin ere zerikusirik edukitzea.

Dena den, baserritar etikaz beterikako ehiztari-imajin anbiguo hau gure herrian zein barre sartuta egon den adierazteko, egokia da gogora ekartzea nola Logroñoko sorginkeri prozesuetan akusatu gizajo haiek esaten zutenen artean badagoen Zozayako Mariak asmatutako beste hura ere, alegia:

“…que habiendo en la villa de Rentería un clérigo cazador, muchas veces cuando iba a cazar, le decía: ‘Señor-compadre, mate muchas liebres para que os dé lebrada a todos’. Y luego se iba a casa, y habiéndose untado con el agua hedionda que se untaba para ir al aquelarre, caminaba hacia la parte donde iba el dicho clérigo, y el demonio la ponía en figura de liebre: y arremetiendo contra ella los galgos, corría por los campos haciéndoles muchas burlas y revueltas hacia todas partes, con que el clérigo y las demás personas que con él iban andaban desatinadas corriendo tras los perros, porque siempre revolvía hacia donde estaban los cazadores, con que con mayores voces y furia la perseguían y no cesaba de hacerles burlas hasta que los galgos y cazadores de cansados la dejaban.”

Beraz, apaiza zen ehiztaria eta sorgin-gaiztokerien artean bat apaiz hari adarra jotzen ibiltzea omen zen herriaren imajinarioaren arabera. Bigarren honek Maria gajo haren ahotik Inkisidoreek entzun nahi zuten lizunkeriazko kutsadura bazuen inondik inora.

Halere, baserritarra ere izan ohi da ehiztari. Nola liteke hori? Gizon kristauarentzat ehiza “olgeta inozentia” delako akaso? (Fray Bartolomek dio, apaizei leporatzen zitzaiena leuntzeko, sobrare). Edota olgeta batere ez-inozentea delako?

Joseba Zulaika iritzi honetakoa dukegu, oker ez banago. Ehiza ez litzateke inolako olgeta zozorik, giza desioen irteera interesatu bat baizik, barne-barneko desioen kristalizazio bat alegia. Bere-bereak dauzka baserritarrak lana eta etxeko legea, baina bere burua ez du beti bere, ez bait du beti berau gobernatzen.

Aldian-aldian desioen morroi ezartzen da, apaizak “olgetan” litzatekeela sinesterazi nahiko ligukeen arren. Grinatze hori haurtzaroan txori-kabiak harrapatzerakoan hartutako gaixotasuna omen. Txori-arrautzei hatzaparra botatzearekin batera edo, gizon eta gizonezko bihurtuko bait litzateke haurra. Kabi edo animaliskak poseitzean bihurtzen omen da mutikoa ehiztari (bai ederrak behintzat Zulaikak gure ume-garaiko txori-kabien bilaketari buruz idazten dituen orrialdeakl).

Gizonezkoarentzat harrapaketak daukan garrantzia begibistan uztea da Zulaikaren lanaren ardatz nagusia, sentimenak gizona nola poseitu eta eraman lezakeen, ezagupidea bera baldindu eta ar-sexu jarrera berezi bat ere taxutzen dizkiolarik. Euskaldunak ez ote zuen hau aspaldidanik sumatu, esaera antzera zioenean: “ehiztari ez dira mendira igotzen diren guziak bakarrik, batzuek eperrak ehizatzen dituzte, Eba-ren alabak besteak”. Kuriosoa benetan Lastur inguruko basoetan gertatzen dena ulertzeak nola aiseago ulerterazten dizkigun Amazonasko ehiztari-gizarteetan arrak daukan nagusigoa baita errakumeak harrapatzen etengabe darabiltzan gerlak ere. Eta hau Zulaikaren meritoa da, irakur ezazue bestela honen liburuaren atzetik Helena Valero brasildarrak kontatu zuen basoko bizitza, 11 urteko neska motza zelarik, Yanoamarrek aita-ama-anaiak hil ondoren, bera bahitu eta basoan 22 urte pasa zueneko bizitza alegia.

Lanaren beste azertu handi bat da Peirce-ren semiotikan hain ezezagun den zeinu-indize kategoria nola zehazten duen, ehiza alor ezohitua aitzaki. Baina zeinu-seinaleak kultur sare barnean bakarrik adierazten dutela erakusterakoan da maisu Zulaika, alper-alperrik ez bait dabil aspaldiko urte hauetan hemengo galbahe kulturala aztertzen. Horrexegatik zehaztu egin du ehizaren testuingurua, sinbolismo abstraktu eta orokorretan erori gabe. Orain bagenekike hemen, Euskal Herrian, ehiztaria mugagile dela eta ehiza itxituragintza. Zergatik ote da batere ehiza-zale ez denari ere liburu honek “ikuitu” egingo diola nonbait? Manikeismoz beterik dagoen gaurko ehiza-debate sutsuan liburuak ez du egurrik sartzen, hauzia ez bait dago bereziki animaliak hit-ez-hil horretan. Gizakumea malte duenak -eta ez animaliak bakarrik- gizaburua ezagutu egin behar du, hasteko ehiztaria bera, eta hau ere gizon-ale eder bat daitekeela esango dizu Zulaikaren liburuak. Honek ukitzen duen oro giza zipriztintzen du, idazlea bera sartzen bait da jokoan, bidea ez bait du etxeko balkoitik egiten; gure arteko bertsolaritza, biolentzia, estetika eta soldaduska ukitu ditu gaurdaino; gaur ehiztaïia. Euskara, ingelesa, gaztelera erabili izan ditu, eta gaur euskara berriro, erraz, txukun eta sentikor. Euskal gizarteko puzzlean antropologoak gaur ezarri duen piezak polborarik gabe tiro gaizto bat bota dio errazkeriari eta sentsibilitatearen barrena tiramen luzeko misil bat jaurtiki du.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak