« Ipuin gogoangarriak | Eleberri akastuna »
Bekatuaren itzala / Xabier Mendiguren / Elkar, 1995
Barrokoaren eta klasikotasunaren oreka Ur Apalategi / Jakin, 1997-08
Heldutasunera iritsitako idazle baten emaitza da, duda izpirik gabe, 1994an Tromin Agirre saria lortu zuen eleberri labur hau —117 orrialde baizik ez ditu—. Zertan nabari da heldutasun hori? Bada, hizkuntza erregistro, genero literario eta kontatzen zaigun istorioaren arteko artifizialtasunik gabeko lotura sakonean. Gure susmoa hau da: Mendigurenen abiapuntu eta xedea hizkuntza e rregistro hautatu baten berezko potentziala azken punturaino eramatea izan da, eskaintzen dituen ahalak azken punturaino garatzea. Eta hizkuntza erregistro hori —agian euskal literatura klasikoaren fruitu hoberenak eman dituena, ikus bestela Axular, Agirre Asteasukoa etabar— apaizen erretolika jesuitikoa da.
Historikoki, erretolika hori, kasuistikak suposatzen duen pentsamoldeari hertsiki lotua, Kontra-Erreformarekin batera sortzen da, eta gauza jakina da, baita ere, Kontra-Erreforma garaian agertu eta nagusitzen den estetika “Barrokoa” dela. Hori horrela izanik, badirudi, Mendigurenek euskal literatur tradizioaren ondareak gordetzen zuen altxor hautseztatuetatik ederrena hartu eta bizitza eta erabilpen berriak eman dizk ola, erretolika zaharrari behialako dizdira berreskura araziz.
Goazean muinera. Zertan datza gorago aipaturiko lotura? Erretolika barroko batek —bere itzuli-mitzuli, bihurbide eta joritasunarekin— ezin atzeman zezakeen genero epistolarioa baino hedabide egokiagorik (eta azken hitz hau bere esanahi bikoitzean ulertu behar da estetika barroko bati buruz ari garelarik). Izan ere, zein testu motak onar lezake, kalte konponezinik jasan gabe, hizkuntza barrokoak berarekin dakarren desbideraketa eta digresioaren mania edo eritasuna, ez bada gutunak? Lagun bati, edo lankide bati, bakartasunaren putzutik igorritako eskutitz batean luzapen eta desbideraketak oro zilegi dira; are gehiago, sinesgarritasunak beren presentzia eskatzen du. Eta eleberriaren pertsonaia nagusia den apaiza, hain zuzen ere, egoera larri horretan aurkitzen da: bere egoera bakartia dela-eta bakarrizketa etengabe eta obsesionala ernetzen zaio buruan. Etxean hiru bizilagun dira, apaiza bera, serora eta azken honen alaba. Baina apaiz horrentzat emakumeak ez dira pertsonak, haragiaren tentazioa errepresentatzen dute soilik; beraiekin bizi ala ez, bakardadea berdintsua da. Horregatik, lankide eta apaiztegiko aspaldiko ikaskide duen lagun bati eskutitzak idazten dizkio, tentazioaren aurkako bere barne borrokan laguntza eta indar bila. Eta eskutitz horiek dira guri irakurtzera ematen zaizkigunak. Lagunaren arrapostuen beni ez dugu izango ez bada gure apez oinazetuaren eskutitzetan agertzen diren zeharkako aipamen bakanen bidez.
Ohar gaïtezkeenez, eleberriaren planteamentu orokorraren trinkotasuna eta koherentzia ukaezinak dira. Eta ausartuko nintzateke, bidenabar, esatera aspaldian irakurri dudan euskal libururik borobilenetakoa dela Bekatuaren itzala, hitz bakar bat ere eskas edo soberan ez duen horietakoa dela. Lehen hitzetatik azken orrialderaino hatsa zintzilik atxikiko dio irakurleari, apaizaren tentazioaren inguruan sortu eta etengabe eraberritzen den suspenseari esker.
Konparaketa bat egin behar bagenu zera esatera ausartuko ginateke, Bekatuaren itzala Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuaren negatiboa dela, kontzeptu fotografiko hori onartzen badidazue. Atxagaren maisu-lanean mundua, edo hobeto esatearren istorio guztiek batera osatzen zuten mundua, barrokoa zen, hizkuntza zuhurtasun klasiko eta hotz batera mugatzen zen bitartean (ipuin batzuetan salbu). Mendigurenen “bitxi literario” honetan (eta barroko hitzaren jatorriak zera erakasten digu, berpizkundeko italiera zaharrez harri bitxi batzuei, forma irregularrak izanagatik oso ederrak izaten jarraitzen bazuten, “barroko” zeritzaiela), aldiz, mundua eta gaia zeharo klasikoak badira —herrixka batean apaiz bat, serora eta honen alaba etxe bakar baten barruan bizi dira, elkar bizitza honek dakartzan igurzketa anbiguo guztiekin—, hizkuntzak berriz, estetika barrokoaren itxura txundigarriak janzten ditu, irakurlearen plazerrerako. Gaia zaharra (apaizik badea oraindik?), hizkuntza erregistroa garai bateko ondaretik berreskuratua, eta, hala ere, etorkizuneko liburua: horra hor Mendigurenen obrak lortzen duen balentria paradoxaz betea. Zergatik ote lorpen inpresio sarkor hori?
Galdera horri erantzuteko asmoz euskal irakurlea Freud Doktorearen ohe goxoan etzan beharra daukagu, une labur baterako bakarrik ez bada ere. Seguru asko —eta honako hau hipotesi soil gisa baizik ez dut aurkezten— euskal literaturaren edozein irakurlek bere baitan beti sumatu izan duen hutsune, zulo beltz edo frustazio bat betetzera datorkigulako liburu hau. Hau da, bere garaian (XVII. mendetik aurrera) euskal literaturak ekoizten jakin ez zuena —gizartearekin edo giza legearekin barne konfliktua bizi duen pertsonaia bakartiaren abentura kontatzen duen ipuina (“eleberria”, beraz)— garai hartako zapore eta kutsuz dasta arazten digulako. Bekatuaren itzala euskal literaturzalearen amets ezkutu bati gorputz ematera dator. Euskal eleberrigintzak hasieratik pairatzen duen umezurtzaren konpleju psikoanalitikoari aun egiteko botika magikoa bailitzan irensten baitira, izan ere, obra honen 117 orrialdeak. Pentsa zer plazerra eta zer lasaitua hartuko genuke ganbara zahar bateko liburutegi baten apal ustelen gainean 1850. urte inguruko euskara dotorez idatziriko eleberri bat, —bai, benetako eleberri bat, eta ez sermoi bilduma bat— azalduko balitz bat-batean. Euskal literaturak iragan bat —buraso bat— izan zuenaren segurantzak bat baino gehiagori arnasa erraztuko luke eta baita harrotasun kuota minimoa ere itzuli bere baitara. Bada, Xabier Mendigurenen Bekatuaren itzala dateke, zalantzarik gabe, ganbara zahar hartan zerbait agertzekotan agertuko litzatekeen liburua.
Otto Pette argitaratu zenean, oroituko duzue, “Biharko klasikoa” lema publizitarioa zeraman paper gorri batez inguratu zuten ale bakoitza. Mendigurenen eleberri honi “Atzoko klasikoa. Egin berria!!!” jartzea ez litzateke ideia txarra izango.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres