kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Hamaisegarrenean aidanez / Anjel Lertxundi / Erein, 1983

Bizitzaren beste aurpegia Jon Kortazar / Idatz & Mintz, 1984-08

Anjel Lertxundi ezagutu baino lehenago bere Aise eman zenidan eskua ipuin liburua ezagutu nuen. Eta Hamaisegarrenean aidanez baino arinago irakurri nuen liburu horretan dagoen Esan nekeak ipuin laburra. Orrialde pare bateko ipuin laburra dugu. Eta horregatik edo halan eta guztiz ere indartsua. Hamaseigarrenean… l i b u rua ren miniatura iruditu zait beti ipuintxo hau.

Ba dira hemen geroxeago astiroago gertatuko diren indarkeri, ixiltasun, komunikazio falta, bakartasunaren usainik! Trajediaren usaina hain zuzen. Hamasei (beti zenbaki berdina itzulika) urterekin joan zan Jon etxetik, betirako gorrotatuko zuten etxekoek, eta betirako maitatuko zuen Miren haurdun herrian utzirik. Hamabi urte beranduago itzuli nahi izango du, etxekoek ez dute onartuko, eta Mirenek badaki “badatorrela baina ez datorkiola”.

Konstante berdin batzuk aurkitzeko ez dugu lan handirik behar.

Azalean behintzat pakean dagoen egoera apurtzera dator kanpokoa, halan nobelan, nola ipuinean. Martzelina Goiko kalera maleta zaharra tatarrez daramala agertzen denean, herrikoen frustazio sexualak biztuko ditu. Eta Domingoren heriotza aztertzera agertzen denean Anjel Lertxundiren irudizko den kazetaria, herrian ahopeko eta ixilpean gorderiko egi eta lotsa guztiak biolentoki lehertuko dira.

Arrotzaren mitoaren erabilera, pertsonaia kanpotarra erabiltzea Anjel Lertxundiren tresna teknikorik jori eta zehatzena bihurtzen ari da. Arrotzak herri lasai eta bere baten kontraesanak azalaratzen ditu. Eta nobelan ba dago ezerk baino hobeto hauxe erakusten duen pasarterik. Kazetaria Goiko kalera helduberri denean gertatzen da. Goiko kale herri rural baketsu eta ideala da, ba dira bedartzak, ba dira ibai xurrumurru eztiak. Eta kazetariak harri koxkor bat hartu eta ibaira botatzen du. Harriak egiten dituen borobilak handitzen, handitzen doaz. Harri koxkorra kazetariaren metafora dela esaten badugu ez genduke hutsik egingo, pasartea nobelaren metafora den heinean.

Testuetan arakatu beharraren beharraz norberak ja ez daki azertatzen duen ala ez, nobelan jarritakoa edo norberak asmaturikoa idazten ari den, baina Hamaseigarrenean oso gertakari kuriosoa agertzen zaigu: Martzelinak eta kazetariak ezaugarri berbera daukate. “Ez dira parte onekoak”. Ala honetakoak. Bizitza ziztrin baten beste aldea, beste arpegia.

Martzelinak sexualitatea, pultsio sexualak eramaten ditu herri horretara. Eta bizi diren mixeriaren mixeria erakusten die Goiko kale horretako biztanleei. Beste horrenbeste egingo du kazetariak.

Baina honek hitza darama bere zorroan.

Biak horrela, bigarren berdintasun baten jabe ditugu. Komunikazio bideen jabe ditugu: Martzelinek bere gorputzaren komunikazioa, kazetariak hitzarena. Sexualitatea eta hitza.

Sexualitatearen bitartez Domingo eta bere amaren artean dagoen erlazio inzestuosoa etengo du Martzelinak. Hitzaren bitartez herri hortako giro usteldua kazetariak.

Eta, bien!, irabazi dute biok.

Baina ez da herria, herri ziztrin hori, gure gizartearen sinbolo den herri hori horrela trankil, lasai geratuko.

Martzelina bakartasunera desherriratuko du herriaren barnean. Agian, idazleak irtetzen du garaile, baina beste arrazoin batzukatik. Herrikoa ez izanik bere hitza herria baino indartsuagoa delako. Batez ere hitz idatzia delako. Ez Martzelinaren hitz-oroimen ergelaren bezala, aztukorra; ezta ahorik aho aldatzen den Domingoren historia ezabatuen bezala aldakorra. Berea tinkoa da, profetarena?, bai, zergaitik ez?

Kazetariak argitaratzen ditu ezkutuan zirenak, egiztatzen ez zirudiena, aldatzen gezurra. Ba dago honetaz datu berezia nobelaren zehar: Elizondoko ostatuarena: Amorantea zena andre bihurtzen da ostaliersaren begietan eta benetako andrea amorantea. Lagunik maiteena, Kornelio, erahile. Eta Domingoren heriotza, buru botatze.

Dena zegoen trabestaturik nobelan. Eta kazetariak trabesaren zehar indarkeriari buruzko, gezurrari buruzko erreflexioa eskeini digu. Balio izango duenez, herria aldatuko duenez? Ez dakit.

Azken batean ere, komunikazio guztietan beste arpegia dagoelako. Martzelinaren harreman sexualen ostean, bakartasuna; kazetariaren hitzaren ostean… aldakuntzarik herrian? Azken batean, egi zati bat eskuetan izateak ez du askotako balio.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak