kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Bi anai / Bernardo Atxaga / Erein, 1985

Bi anai edo indibiduoen hauskortasuna Jesus Maria Agirre / Idatz & Mintz, 1986-10

Gaiak

Gai nagusia desdoblamendu edo haustura pertsonala litzateke, rol sozialak indibiduoa irunstea, garapen orekatuaren ezina baldintza sozialen eraginez. Beste zentzu baten, gizarteratze arazoa ikutzen da tonu pesimista batez, zailtasun eta frakasu ikuspegitik, izakiak itxiak eta sekretudunak bilakatuz, erlazio onargarriak ezin sortuz.

Era berean, arrotzaren edo bereziaren gaia plazaratzen da, gizarte eratuaren egia eta mugatasuna desestaltzeko, biolentzia ezkutua agerarazteko desenkadenatzaile legez.

Gazteak diralarik, iniziazio errito edo prozesuaren kutsua ere badakar liburuak, gizarteratze pausokatua agertuz. Maitasuna edo sexualitatea da bilakaera sozialaren neurria, zubia, fidantza, helketaren mostraleku. Zubiaren beste aldea, ostera, bakardadea eta marginazioa, mundu isolaturako kondenazioa. Askatasun edo heldutasun gurariari ezin osoki erantzunez, biolentzia ageriko da, ofentsiboa edo defentsiboa, rol sozialen eta gurari pertsonalen artean.

Pertsonaiak

Paulo txoria da, idealista, delikatu eta zalantzakorra. Negarra dogu bere expresio, gaueko herritar bere kondenazio, anai marginatua bere amodio, gurasoen mezua bere zama ustiatzailea. Inpotentzia da bere bilakaera, biktima izatearena. Daniel katagorria da, olgetari eta sinplea, indibidualtasunaren erreibindikatzailea (“nerea”); berezia izanez, bazterketara ez etsia, kontrapuntu paradoxikoa. Teresa litzateke Pauloren erreferentzia, zubiaren beste aldea, sozializatzearen isladura; ez dau bizi barne etenik, afektibitatea da bere ezaugarri nagusi. Carmen sugea da, aurpegi bi dituana, akonplejatua eta bengatzailea; berau dogu argudioaren bideratzaile, kontzientzia kausalez jokatzen dauana. Pertsonai guztiok dira bata bestearen eta zirkustantzien biktima, jasale, euren izatea mozturik geratuz. Abadea eta herriko andreak rol soziala edo ordena eratuaren ordezkari dira, kontrolatzaileak. Pauloren gurasoak, ostera, gizarte horren balore maskulino eta femeninoen eredu, hots, eginbeharra eta errezeloa.

Arazo egituralak

Hiru planutan lerratzen da fikzioa. Aurreplanu legez Mintzoa legoke, barne bizitza edo indarra, jokatzeko deia, zorionerako gonbita. Hurrengo planu logiko edo mitikoa dago, indar naturalena, jarrera kontrakoen jokalekua, animalien sinbolopean datorrena. Azkenik, planu historikoa, errealitateko gertaerena, argudio konkretua.

Ikuspuntuaren aldetik lehenengo eta hirugarren pertsonan kontatzen da, barne kontzientzia edo indibiduo-animalia identifikazioa eta iraganaren erakuspena egiteko. Pertsonen barne desdoblamendua ilustratzen dau kontaera bikotx honek.

Mintzoa barne kontzientzia da, kontzientzia barria, krisialdietan presente egiten dana, destino propioa sinbolizatzen dauana. Bere energia jokatzeko, aktuatzeko da, erlazionatze deja. Txoriak idealismoa eta hauskortasuna suposatzen dau; antzarak heldutasuna, erabagia, urteera edo liberazioa; katagorriak umetasuna eta dependentzia; sugeak arroztasuna, maltzurkeria eta bortxa.

Istoriotxo ilustratzaileak premonizio kutsua damotse erlatuari eta planu naturalean (gau eta eguna, ibaia eta sagarrak, apoa eta txoria) edo kulturalean (neska gaztea) emoten dira. Erreferentzia sinbolikodun elemendu naturalak (ibai, itsaso beltz, udara, trena, kanpai, txakur, karretera, etab.) poetikotasun eta konnotazio kutsuz gain, natura eta kultura arteko sinbiosia osotzen dabe.

Badago haurtzaroaren paradiso galduzko kontsiderazioa, zoriona hasieran bailitzan. Literatura fantastikoaren zantzua ere errepara daiteke, errealitate / irrealitate mugak gaindituz eta historia planu natural eta gizakoian nahastatuz. Nabari da, baita ere, objetibitate/sujetibitate halako jokoa, patente/latente mailetan lerratzen dana.

Kronologiari buruz, udatik udazkenera hedatzen da eta flash back ugari dagoan arren, nahiko lineala da erditik aurrera. Iraupenaren aldetik introspekzio asko daukagu, nahiz eta aukeratuak; erritmo astiroak edo elemendu narratiboen dentsitateak gehiketa suposatzen dau, kontenplazioa, eszena urritasuna. Kausalitateari dagokionez, bideraketa fatala nabari da, gertaeren motibazio soziala alde batetik eta biktima jasaleak eta inpotentzia bestetik.

Estiloari bagagokoz, elemendu poetiko eta konnotatibo ugari dago liburuan, erresonantzia sinbolikoak; plastizitatez hornitua ageri da kontaera, ingurugiro eta pertsonen arteko sinbiosia bilatuz. Tonu nagusian ternura nabari da, hunkigarritasun depuratua, sentimenduen estilizazioa, jarrera nolabait idealista. Hiztegiaren aldetik arrunta, sineskorra, giro narratuan errotua, naturala eta freskoa.

Eretxia

Liburua interesgarri egiten da gaiaren traszendentziagaitik, argudioaren asmaketa konpiexuagaitik eta egitura aldetiko aberastasun eta barritasunagaitik. Horrez gainera, erlatuari darjon sentsibilitatea, erreztasuna, baretasuna eta adierazkortasuna gogobetegarri bihurtzen dira duda barik.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak