kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Dalila / Laura Uruburu / Labayru, 1986

Dalila, gazteentzako irakurgaia Igone Etxebarria / Idatz & Mintz, 1987-05

Dalila izeneko narrazioa Laura Uruburu idazle gernikarraren lehenengo lan luzea dogu, hau da, liburuxka baten argitaratu dauan lehenengo lana. Idazleak berak egoki eritxi deutso “Galburua” deritxon liburu sortan argitaratzeari bere idaztiaren helburuak sail honen helburuei ondo lotzen jakez eta. Oso interesgarria da zentzu honetan, Laurak liburuari jarri deutsan Sarrera, bertan berak idazteko izan dituan arrazoiak eta helburuak azaltzen ditualarik.

Laurak idazti hau egiterakoan, bere lanaren irakurlego posible moduan 17-19 urtetako gazteak hartu ditu kontutan, horregaitik idaztia eurei zuzenduta dago arrazoi eta alde askotatik. Banan banan aipatuko ditugu.

Liburu honek gazteak arduratzen dabezan gaiak tratatu nahi ditu eta egin be holan egiten dau. Gai nagusia maitasuna dala esan daikegu sexualitateak garrantzi handia daukala. Baina guzti hau ez dago ikuspegi traszendente edo moralista batetik azalduta, gauza arrunta eta egunerokoa moduan planteatuta baino. Idazleak berak dinosku ez dauala filosofietan sartu nahi, jokaera edo konportamentu bat erakustea baino, gero horrek irakurleari galderak sortaraztea bere helburuetan sartzen da baina ez idazleak berak azalduta.

Irakurgai honek daukan beste gauza baliotsu bat idazteko eran datza. Askotan konturatzen gara euskeraz idatzitako liburuak ez dirala gazteen gustukoak, eta baita, alfabetatzen dabilzanak ez daukela liburu horreetan eurak ikasten daben hizkuntza idatziaren eredua, nahiz eta beste alde askotatik guztiz aberats eta ezagutu beharrekoak izan. Idazlearen beraren berbak erabiliz guzti hau gainditzeko berak hartu dauan joera azalduko dogu: “Literaturari oraindino gustu hartu bank dagozanentzat” “hasi ta amaitu arte itxi barik irakurteko” moduko idaztia egin nahi izan dau.

Guzti hau argitu ta gero ekin daiogun lanari berari buruz puntu batzuk aipatzeari.

Narrazioa dan liburu honek argumentuaren aldetik hasi eta amaitu egiten da, ekintza itxia da. Hasieran institutuko ikasle bi, bata bestea baino ausartagoa, neurri baten irakasle edo erakusle izan nahian, gurasoak eta familia kanpotik dirala aprobetxatuz, abentura bila kaleratzen dira. Abenturak neska bategaz oheratzea dauka helburutzat, eta bete be egiten da. Baina abentura moduan hasitako hori gero konplikatu egiten da protagonista ofizioko neska heldu eta ezezagun horretaz maitemintzen danean. Bien arteko harremanak geroago eta sakonagoak dira, baina bakoitza mundu batekoa da, eta mundu bi horreek lotzeko euren arteko “maitasuna” ez da nahikoa izango. Horregaitik ba, azkenean bakoitzak bere lehengo bizimodura itzuli beharko dau, alkar ezagutu ebenetik alkarrengandik banatzeko momentura arte gertatu dana bien bizitzako parentesi bat izango balitz lez.

Beraz, azkenean hasierako puntuan gagoz: mutila institutura, bere eguneroko bizitzara, eta neska bere mundura itzultzen diranean, parentesi horr itxi egiten da, eta azken baten bizitzak bardin jarraitzen dau. Horregaitik dinogu ekintza itxia dala, borobila, azkenean hasierako puntura bueltatzen dalako.

Argumentu honen azpian, eta bere bitartez, gauza asko azaleratzen dira kontakizunean zehar, askotan kontrasteen bidez. Kontrajarpen honeetariko bat errealitate-irrealitatearen artekoa dogu. Ekintzan parte hartzen daben pertsonaiak, protagonistak batez be, guztiz errealak iruditzen jakuz hasiera hasieratik. Ekintza bera ere, edo ekintza horretara bultzatuko daben arrazoiak behintzat, guztiz sinisgarriak eta benetakoak izan daitekez. Baina gauzak gertatu eta aurrera joan ahala badirudi pelikuletako mundu fantastiko baten sartzen garala, bien arteko muga non dagoan bereiztu ezinik gelditzen garala. Gertatu leiteken gauza bat da, zergaitik ez? baina, benetan gertatzen da? Imaginazioa, fantasia, errealitatean txertatuta dago honen parte bat bailitzan.

Liburuari interesa emoten deutsan beste kontrajarpen bat ere badogu, azkenerarte argitzen ez dana. Protagonista biak oso jatorri ezbardinekoak dira, guztiz mundu diferentetakoak. Bien artean muga hautsi ezina dauke, eta muga horr izango da barriro be bakoitza bere lekura bueltatu azo egingo dauana. Mutil gaztea Dalilaren munduan sartzen doa bere maitasun itsuak gidatuta, baina giro horretan nahiko galduta dabrl. Bere inexperientzia eta itsutasunak batzutan egoera ra ra ridikuloetara eroaten dau. Mutilak Dalila maite dau, ez dau besterik ikusten, eta Dalilak berak be momentu baten bere aurreko bizimoduagaz apurtu gura dauala dirudi, baina oso sartuta dagoan gurpil horrek ez deutso urtetzen izten.

Bide bat hartuta dauka eta ezin da orain atzera itzuli. Beraz, bien arteko maitasuna ez da nahikoa tartean dauken muga gainditzeko.

Dalilari dagokionez, nahiko deskonzertantea dala esan daikugu. Apurka apurka azagutzen dogu, normalean ez dau irakurleak itxaroten dauan moduan erreakzionatzen. Ezagutzen dogula uste dogunean bere izaerari ez dagokion eran jokatzen dau. Ez jaku bere datu biografikorik emoten, neurri baten ezezaguna da guretzat.

Mutila ostera, nahiko ingenuoa da. Bere izaera adinari lotuta dago, gaztea eta inozentea da, askotan imaginazioaz larregi fidatzen da egoera berezietara heltzeraino. Holako egoerak, pertsonaiarentzat larriak diran arren, Laurak oso esku finaz deskribatzen ditu, tensioa azalduz baina umore kutsu batez. Bestalde, ekintzaren narratzaile izateak, bere pentsaera, asmo eta barrukotasun guztiak kanporatzeko aukera emoten deutso, irakurlearengandik hurrago jartzen dala.

Honeek biak ditugu ekintzaren protagonistak, eurotaz aparte beste hainbat dagozalarik. Honeetarik bat bakarra da mutilaren laguna, Kapo, inoiz bere gurasoak, institutuko ikasleak, etab. aipatzen baditu be. Beste guztiak Dalilaren lagunak dira, bere mundukoak, eta berak mundu horretatik urten ez dagian ahal dabezan errekurtso eta bide guztiak jartzen dabezanak. Esan behar da, oso bereziak dirala, eta bese giro batekoak izanda, mutilaren bizimodu eta pentsaeragaz zerikusirik ez daukela.

Pertsonaietaz daukagun informazioa ez jaku deskripzio baten bitartez adierazten beti, gehienetan euren jokaeratik ezagutzen doguz, hau da, hasieratik azkeneraino zelangoak diran deskubritzen goaz. Dana dala, esan beharra dago Laura Uruburu oso obserbatzailea dogula, gure bizitzako eguneroko gauza arruntak narrazioaren leku egoki edo kiabeetan balio berezia hartzen dabelarik. Detaile txikienak ere berezko zehaztasunez landuta dagoz, bai egoerak, bai lekuak, bai pertsionaiak zelangoak diran adierazteko.

Detaileak zaintzen dituala kontatzeko eran ere ikusi geinke. Momentu batzuk oso zehatz azaltzen ditu, ekintza gelditu egiten dau idazkera batere astun edo aspergarri bihurtu barik. Hau lortzeko errekurtso ezbardinetaz baliatzen da: umorea, batzutan ironia deitu geinkena, oso garrantzitsua da, serioa izan eitekean gaia atsegina baino ez izateko, hori bait da bere helburua. Bestalde, hizkera aldetik, erreza eta sinplea emoten dauan arren, agila, bizia eta oso aberatsa dala esan behar da. Ahozko hizkerak eskeintzen dituak errekurtsoak, eta idatziz normalean erabilten ez diranak, oso ondo egokitu ditu Laurak idatziari ahozkoaren bizitasuna, grazia ezarriz.

Hizkera da, behar bada, liburu honek daukan alderik garrantzitsuena. Idazleak euskera idatzian hizkera bizia, agila darabil, irakurleak liburua hasten dauanetik amaitu arte gustura egoteko modukoa, irakurgai atsegina dogu. Idazti honetan Laurak argi erakusten dau bizkaiera ondo menperatzen dauala, eta ondo dakiala gauza bakoitza zein kontestutan erabili behar dan aukeratzen. Alde honetatik maisu ageri jaku idazlea irakurleari eredu ona eta gustagarria eskeiniz.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak