kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Hostoak. Gaia eta gau-aldaketak / Tere Irastortza / BBK, 1983

Txikitasunak egiten eta moldatzen gaituenean Amaia Iturbide / Hegats, 1994-03

Komentatzera noan liburuak Hostoak. Gaia eta gau-aldaketak du izena T. Irastorzaren sinadurapean. Berez eta egiturari buruz, liburu batean bi poema-liburu bilduta daudela argitu behar da, bata Hostoak izenburupean 1982an Bilbo Aurrezki-Kutxak eraturiko R.M. Azkue olerki-lehiaketan lehen saria eskuratu zuena, eta bestea Gaia eta gau-aldaketak deritzaiona 1981an lehen aipamen berezia lortu zuena. Baina tonuari eta mamiari dagokienez, liburu bakartzat jo daitezte, poemario batetikbestera ez bait da jauzi nabarmenik ematen, dena hasieratik bukaeraraino hari berberaz josita dagoelako.

Poetek kanpoan egina dagoen errealitatea ez zaielako atsegina gertatzen, besteak beste, bidegabea eta ulertezina delako erabakitzen dute bere unibertsoak eraikitzea. Eta nahiz poeta guztien etxeak elkarren ondoan jartzen diren, hizketaldi batean bezala, etxe bakoitzak bere ezaugarriak gordeko eta zorroztuko ditu. Etxe bakoitzak bere nortasun propioa du, bere sinadura. Tere Irastorzaren etxeko sutondoa sentiberatasuna da, sentiberatasun gaztea, gaztearoak opatzen duena, eta agian horrexegatik zertxobait bigunegia. Eta nik ere sentimendurik bako poesiarik ez dudalako gustoko, hau da, teknika eta artifizioetan soilik oinarritutakoa, patxadaz paseiatzen nabil berarentzat ez ezik irakurlearentzat ere sortu dituen bere hitzen artean, hitzak behatz puntez ukitzen ditudan heinean haiek ere ukitzen bait naute, baina ez didate minik egiten, alderantziz, kontsolatzen naute. Tere Irastorzak minaz, zalantzaz eta denboraz brodatu duen soinekoa ulertzen dut. Eta ulertzen dudalako bere barruan eroso mugitzen naiz eta bere etxeko egongelan erdi etzan naiz ideia batzuk askatu asmoz. Aipatu dudan aurrekoari atxikita, sentiberatasuna ez dela gaira mugatzen esan behar da, mamiari bezala azalari ere bait deutso. Horrela, hitzei erantsitako adjetiboak, zentzumenei egokitutako adjetiboak dira; hitzen arteko kidetasuna sentibera; irudien jarioa sentimenduzkoa. Baina baita ere sentiberak bere poesiarako aukeratu dituen gauzak: gauza txikiak.

Txikitasunak egiten gaituenean, egiten eta moldatzen gaituenean ikuspegia berritzen zaigu, lehen garrantzirik ez zeukaten gauzak hartzen hasten dira, ziluetatzen, argitasunaz puzten. Ez da kasualitatea Hostoak. Gaia eta gau-aldaketak-en zita bakar bat agertzea: Cuando murió el poeta se quedaron / tristes todas las cosas pequeñitas que él cuidaba (D. Alonso). Errreferentzi-puntu honetan ikusten da zertan edo zer gauzetan ipini nahi duen azentoa poema-liburu honen egileak. Dámaso Alonsoren aipamenari zerbait erantsi nahi nioke, ordea. Poetak direla gauzak txiki bihurtzen dituztenak, txiki eta maitekor, jostailu eta pentsabide. Unibertsoa gauza txikiz dekoratzen dute eta beharrezko bilakatzen, magoak, ametsen eta ilusioen kreatzaileak bailiran. Txikitasunak giroa sortzen du, ordu bildua eta laxoa, abegi oneko espazioa, multiplikatzeko bideari leihoak eta ateak zabaltzen dizkio. Harrigarria da, bestalde, euskal poetengan zein hedatua dagoen konzepto hau, eta ez dut uste, orain hain modan dagoen emakumea eta literaturaren gaiari dagokion zerbait denik, baizik eta geografiari lotua. Azken finean, herri txiki baten, Euskal Herriaren seme-alabak gara.

Txikitasunaren erreinutik egunerokora urrats bat egin dezakegu. Egunerokoa egun-gauean (zein espazio laburra!) gertatzen denaz eta dagoenaz osatuta dago, inguru arrunt eta hurbilaz. Eta hemen bai honetaratuko nukeela emakumea eta literaturarena, zeren emakumeok urruntasunari buruz baino gehiago hurbiltasunari buruz, hurbil dauzkagun gauzez eta era zuzenean hitz egiteko joera dugu. Tere Irastorzaren poesian gaurko objetu arruntak desfilatzen ikusiko ditugu, hala nola, telebista, diskoa, boligrafoa… tonu intimista landu baten esku-laguntzaz. Egunerokotasunaren zati bat den unea poesiaren inspiratzailea da (Aurkituko dugu / instante berririk / biharren batetan, 47 orr.).

Joku zentzuaren agerpen ugaria da beste puntu garrantzitsu bat. Fonemen arteko hoskidetasunean sortutako hitz-jokoak aurki ditzakegu, hitz baten barrukoak (sinonimia hustiratuz), esaldien artekoak (azalez zer ikusirik ez duten esaldiak konparazio surrealisten bidez paraleloki jartzen ditu), irudien bidezkoak (kontrasteak direla, simetria dela…) eta abar. Jokuaren tratamendu honek surrealismoarekin harreman estuak ditu, irudimena dantzan jartzeko T. Irastorzak darabilen surrealismo jariotsu batekin, bere poesia mugitzen duen surrealismo batekin. Gau-egunak egin eta desegiten diren bezala, hitzak eta deshitzak ehotzen eta deshotzen ditu, zentzutzen eta deszentzutzen. Poema hauetan zehar entzun daitekeen hiztegia aberatsa da; egileak hiztegia zaindua izan dadin egin duen ahalegina lerrootara ekartzekoa da. Lehenengoz, poemagintzan ez ohizkoak diren hitzak (astzensorea, pasonibela, autobusa…), edo behintzat, ez hain ohizkoak, tartekatzen ditu, eta horrek kontrastasun-sensazioa demaio poemari, bultzada eta berritasuna. Hitz-mota hauek poesian beti erabili izan direnen parean kokatzen ditu, nolabaiteko oreka erdietsiz. Bigarrenez, hitz zentzuz zailtxoak direnak edo zaizkigunak, tokian tokikoegiak direlako edo aintzinakoak, ez ditu tropelka jartzen, baizik eta banaka, hitzei arnasa har dezaten uzten die, bi gauzatxo jadetsiz: irakurketa erraztea eta poemaren giroa lasaiagoa izatea. Eta hirugarrenez, hitzak enfatizatzen daki, hitzari berez dagokion kualitatea edo ez kualitatea azpimarratuz.

Jorratzen dituen gaiei dagokienez, poemaren historian gaindi beti erabili izan direnak dira: amodioa, heriotza, denboraren igarotzea…, baina nagusienak bi dira nire iduriko: ausentzia, hots, presentzia-eza, eta desesperantza, hots, esperantza-eza. Bere lehenengo poema-liburuak, kritika-literatur saria eskuratu zuenak, Gabeziak zuen izena. Hostoak. Gaia eta gau-aldaketak-en “des” aurrizkiz osotutako hitzak nahi adina daude. Baina zer da ausentzia? Zerbait haundia, mugagabea (Bai hatzamar haundiak dituela zure ausentziak / eta hortz ertz azkarrak! Bai ahula nire bizkarra, / ttipia gorputza /zure ausentzia gordetzean, 21 orr.), (Nork beteko du zure hutsunea, 51 orr.), bakardadea ere bada (bakarrik bakartateak/zure ausentzian, / bizia hila, 27 orr.), pobrezia (Poesia zure begirada, pobrezia, 131 orr.), galdera ere bai, galdera luzea eta zalantza desesperantzak tristura dakar. Poemok tristeak dira, tristeziaz malkotuak daude (poeta triste naizen partetik, / poeta, 133 orr.). Mindura behin baino gehiagotan ekartzen digu gogora, horrela limoiaren garraztasunaren aipua errepikatuko da (ilargiaren limoitasun garratzak, 17 orr. eta limoi garratzez kupel bihurtu duzu /nire sabela, 29 orr.). Izan ere, Tere Irastorzaren poemek ez dute ihesbiderik edo irtenbiderik bilatzen, ez dute larrialdirik sortzen, gogo-aldartearen egoerak deskribatzea, adieraztea dute helburu.

Bestealdetik, kontraportadan irakurlearen paperaz esaten duenari interesgarri deritzot, zeren ni ere gero eta konbentzituago nago irakurlearen garrantzia haundia dela, liburuaren hartzaile aktiboak edo T. Irastorzaren esanetan egile edo desegile horiek literaturgintzan, literaturgintzaren prozesoan betetzen duten funtzioa oso kontutan hartu beharrekoa dela. Irakurleak ere egiten bait ditu liburuak.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak