« Betikoa eta berria | Erromantizismoa »
Balizko erroten erresuma / Koldo Izagirre / Susa, 1989
Dinamita bustiaren arriskuak Xabier Mendiguren Elizegi / Hegats, 1994-03
Aitorpen batekin hasi behar: ni ez naiz poesizaleegia, poemabilduma gutxitxo irakurri dut aspaldi honetan, gero eta gutxiago egia esan, baina bada bat, orain lau urte irakurriagatik aldian-aldian gogora datorkidana, zenbait hitz, esaldi eta lerro buruan iltzaturik utzi dizkidana eta berriz ere irakurtzen dudan aldiro erraiak inarrosten dizkidana: Balizko erroten erresuma.
Gaztetxo nintzela, ia-ia umegorri, Becquer-en errimak gustatu zitzaizkidan asko, nerabe askori bezala; gero, artean gazteegi, Arestiren harriak txunditu ninduen, gutariko gehientsuenak legez; haien arrastoa baino sakonagoa utzi du neregan Izagirreren liburu eder bezain mingarri, oinazeraino eder honek.
Zer ote du ba horren berezi egiten duena? Zergatik hunkitzen ote dit barrena? Zinez, ez dut uste egilearekiko adiskidetasunak axola handirik duenik horretan, zenbait poema hobeto ulertzen lagundu badit ere. Ondoren datozenak, galdera horiei erantzuteko ahalegin bat dira, senez eta sentimenduz ikaragarria hauteman dudan obra berealdikoa zergatik den erakusteko saioal. Saio alferra beharbada, kritikarien ekin guztiak gorabehera feeling esanezinezko baten kontua baita azken batean poesia, Balizko erroten erresuma.
Hitzaurre batek eta berrogei poemak osatzen dute liburua. Hitzaurrea bera ere poema bat da, bildumari sarrerarakoa egiteaz gainera doinua eta tonua ematen dizkiona. Bokatiboa da idazkera, guk denok osatzen dugun zuek bati mintzo zaio —eta gu hori ere ez da erretorikoa, gutxi-asko hauxe irakur dezakezuen multzo beretsuak osatzen baitugu, lehen une bateau behintzat—, elkarrizketan ari dela adierazteko edo, gugandik erantzuna, teknikoki feed-back esaten zaiona espero duela.
Hitzaurre-poema horretan bertan ageri dira, halaber, Izagirreren azken aldiko idazlan guztietan eta bereziki bilduma honetan topatuko ditugun ezaugarri nagusietako batzuk: bere aurreko lanekiko aipamen eta erreferentzia Nire bekatuak ez du mea culparik; beti paradoxarekin jolastea, irakurleak espero ez duena ematea, harritzea, gauzen itxuratik harago joateko eskea Erdaldun nazazue piska bat; inongo lotsarik eta disimulurik gabe gure herri-izateaz, bizi nahi eta hilzori luzean iraun beharraz jardutea Nik ez dut euskal herria euskararen gain finkatu nahi, nahiz eta gai horiek ez egon modan eta ez izan poetikotzat jo ohi direnetarik; orain esan dudanari loturik, korrontearen kontra ibiltzea, ausart, jorratutako ildotik bezain urrun domina eta merituetatik ez noa haize-alde, eta, azkenik, umore zakar antxa imitaezina, inoiz herdoiltzen ez zaion ironiaren ezpata zorrotza Erdaldun nazazue piska bat mesedez / Erdaren San Bartolome Gauera gonbidatu baino lehen.
Solaskidearen markoa eta tonua eman dizkigu hitzaurre-poemak, baina ez liburuaren gai zentrala. Ez da gehiegi itxaron behar ordea. Liburuak dituen hamabi ataletako lehena, Izan nintzen poeta hari lehen gutuna, zabaldu ahala, estreinako poema, bere aurreko poesibide erromantiko erosoei eraso, autokritika moduko parodia egin ondoren, honelaxe amaitzen da:
Ikasia behar hengoen hitzak ez lukeela hitzetan loratu behar
Poesia balizko erroten erresuma izanik ere.
Zalantzarik txipiena gera ez dadin, liburua ixten duen poema ere, Izan nintzen poeta hari azken mehatxua ataleko azkena, honelaxe bukatzen da:
Debekatuak dauzkagu arma guztiak baina
Hitzak ez du hitzetan loratu behar
Hitza hitzetan ez geratze hori da, hain zuzen ere, liburuaren motorra, aurrera eragiten dion kontraesana. Bestelako poesia egin nahi du (ez nuen berehalakoan ikasi /Eskua egunero mozten), esana ez dagoen zerbait esan, kostata ere arriskatu (Ez haiz gauza gezurra bezain eder esateko egia), bizitzarekin lotu idazte-lana (Kaleak dira liburu honen orriak). Kontraesan izate hori jasotzen du izenburuak berak ere, eta balizko errota horren inguruan eratzen du poetak indar handiko sinbologia aberatsa, Gandiagak txakolinarena bota zuenez geroztik Euskal Herriarentzat asmatu den erakargarriena.
Bada beste sinbolo-sail bat ere, liburu osoan zehar taupaka eta hegaka: beleen ingurukoa. Ele-bele luma zurikoen elurtea eta erauntsia. Modu prosaikoan esanda: hizkuntzaren saldukeria, bertan-goxoen eskapismoa, zapaltzaileen ideologi erasoa, hedabideen zaborra, letretako harraparien lausenguak, dekoratzaile goranahien apainketa, neurri batean edo bestean ia denok blaitzen gaituen oilobusti izatea… Aro gogorra noski lirikarentzat, sasoi latza mundu hobe baten aldaketan sinetsi nahi dutenentzat. Nere hitzak ziren aurreko lardaskeria horiek, ele, bele eta luma zuriekin Izagirrek asmatzen dituenak edozein antologiatan jartzekoak baitira, beleen balada eta beste, hain dira eta biribil eta jenialak, hain abilki baitarabil satiraren pozoi gozo eta garratza…
Atal guztiak banan-banan komentatzerik ez badugu ere, bada bat bere iruzkin bereizirik gabe utzi ezin duguna: Errotari zaharren oroitarriak deritzan zatiak ez estiloz, ez mamiz ez du liburuaren batasuna hausten, baina hiru euskal poetaren bindikazio antzeko bat egiten da bertan: Lauaxetaren betaurrekoak, Lizardiren mendia eta Arestiren mailuma. Bindikazio hitza ez da egokiegia, zehatzago esanda, errotari zahar horetako bakoitzaren berrirakurketa pertsonalean hiru zeregin biltzen baititu gutxienez: aitorpena eta losintxarik gabeko gorazarrea; poeta bien munduen uztarketa bersortzailea; eta azkenik kontu-garbiketa, gupida gabekoa irudi lezakeen kitapena. Aspaldi honetako esperimentu poetiko liluragarrienetakoak lortu ditu horrela, irakurri ezik azal ezin daitekeena; Lizardirenek, adibidez, egundoko zirrara eragin didate neri behintzat.
Lilurak lilura, ordea, Izagirrek ihes egiten dio ia beti bere etorri txundigarriari; abileziari mugak jartzen dizkio, mihiari traba, etorriari hesia, eskuari langa (Egunero moztu beharduk hitzbidean), hitzjoko, ezusteko irudi, elkarketa polit eta gainerako berba-festa ohizkoetan ez erortzeko. Erretolikatik ihesi, esaldi enuntziatibo soilak pilatzen ditu elkarren gainka, hitzak bere soilean utziz, marmola zizelkada pare batez bere biluztasun guztizkoan uzteko, ohizkoa ez den beste armonia batera iristeko (Egia edertu ere egin behar baita / Gezurra bezain eder)
Esaldi horiek sententzia itxura hartzen dute sarritan, berealdiko perpaus ahaltsuak jaurtitzen ditu harriak legez (Noizbait ikasi duk zerrien negarra / janak isiltzen duela). Eta egileak hau oso gogoko izango ez duen arren, profeta-kutsua ematen diote halakoek tarteka (Ez duzu hau aberririk eztiena), inongo mesiaren etorrera iragartzen ez duen eremutarraren jarduna (Une batetik bestean hasiko da sarraskia).
Ez da hala ere basormortuko oihulari bakartia. Solidaritatearen besoa luzatzen du etengabe, maitasun konsigna debekatua bilatzen, nahiz eta maitasunak malura dakar. Malura hori, sufrimendu hori mila modutan ageri da liburuan zehar, izateko eta sentitzeko era bakarra bilakatu arte (Sufritzen dakigunak bakarrik bizi gara). Maila abstraktotik oso konkretuetara ere eramaten ditu aldian-aldian sufrimenduaren adibideak: deserriaren mina geure baitan sentitzeaz gain (nire herrian nago atzerrian nago nire herrian), larrutan pairatzen dute Vasco izen propioa den hiri lumatuetan; han Non harresiak zikoinek iragaiten dituzten, irakur ezazue torturatuen esperantoa; askok ahaztua izango dute Mikel Lopetegi, Urkizuko urkatua, baina haren eta gu denon oroitzapena itzalitakoan ere oilo-ipurdia jarriko zaio hemengo zenbait poema irakurtzen dituen edonori (Sarrionandiaren kasuan bezala, zenbaitek besterik uste duen arren kartzelako gaia ez baita zoritxarrez koiunturala ezpada guztiz eternala).
Oker dabil beraz, liburuaren irakurketa politikoa egin nahi duena. Euskal borrokaren epitafiorik handi eta ederrena sortu arren (eta nahi gabe aterako zitzaion epitafioa), dimentsio kolektibotik adina du ziurrenik obsesio pertsonaletik heriotzaren agerpen errepikatuak, eta poema batzuek logika arruntaren mugaz harago iragandako espiak klabez igorritako mezuak badirudite ere, kriptikoxeagoa da tarteka, eta etengabea du formaren bilaketa, inoiz erabat atzeman ezin litekeena (Oraindik ez dut hitz hori aurkitu). Goldea ibilitako bidetik urrundu nahi horren beste adibide batzuk dira, esaterako, esaera zaharrak hankazgoratzea (Zuhaitz eroriari orok agur, Orhiko txoriak Orhi gorroto) edo behin eta berriz darabilen teknika, alegia, hitz bat aurreko edo atzeko esaldiarekin irakurtzeko moduan uztea, hartara esanahi-aniztasuna emanez irakurleari (adibide soil bat: Inor ez dadin altxa bizirik / Iraun genuenon bihotzaren eske. bizirik hitza ezberdin ulertzen da, aurreko nahiz atzekoarekin lotuta). Baina ez da forma hutsa bilaketaren helburua: ez dezagun ahaztu literatura lore-joko eta aspertu jantzien denboraemangarri bihurtzen ari den garaian zerbait berria esateko ahalegin etsi baina ez itsuan dabilela Izagirre. Kontrazalean egileak berak diosku: ur meheegiak datozela entzunen duzu […] Iturriak aspaldian agortu zirenez ez omen dago indarrik errotarria mugitzeko. Milaka aldiz ehotutako hitzek ezin dutela ezer berririk eman. Eta orduan Balizkotasuna aldarrikatu beharko duzu […] Eta zeuk sortu beharko dituzu iturriak. Zeu hori poeta da eta gu denok gara, hasieran esan bezala irakurlearen partaidetza eta ekina eskatzen baitigu liburuak
Honengatik guztiagatik, aparteko liburua duzula esango nizuke, irakurle. Tintaz ezezik, geure isurkai mota guztiekin idatzia (gure gorputzak eskaintzen dizkiogu idazteari esango du halako batean), azken hamabost urteotako diskurtso orijinal eta indartsuena nere uste apalean, eta horregatik, gerra osteko poesiaren historian Salbatore Mitxelena, Jon Mirande, Gabriel Aresti eta Bernardo Atxagaren ondoko lekua betetzen duena ekarpen berrien garraioan.
Kontu bat geratzen zaigu hala ere argitzeko: ea hitza hitza ez den beste ezertan loratu ote den. Zaila dugu jakiten. Liburu hau kalera atera bezain laster norbaitek ziplo bota zuen dinamita hutsa zela. Laster asko beste batek arrapostu, dinamita bai baina bustia zela, paperezkoa alegia. Egia, noski, baina hori esan zuenak ez bide zekien dinamista bustiak ez duela indarra galtzen, kontrolagaitza bihurtzen bada ere. Beraz, auskalo halako batean eztanda egingo ote duen.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres