kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Mimodramak eta ikonoak / Juan Mari Lekuona / Erein, 1990

Poesiaren katedralea Felipe Juaristi / Hegats, 1994-03

Katedrale bat irudikatzen dut, zerutik begiratuta, noski, txori batek egingo lukeen gisa, baldin eta txoriek ikustekoaz gain irudikatzeko ahala balute. Erdi Aroko kronikalari jakitunen ustetan, garaiko sinbologia zehatz bezain adierazgarriari atxikiz, katedraleak izar eroriarena zuen antza; baina gauza guztiak, goitik behera edo behetik gora begiratuz gero, ezberdin direnez, gaurregun ez genuke halako irudipenik jasoko, itsasuntzi erraldoi batena baizik, garizko itsasoan noraezean.

Hala ere, ez da harrizkoa buru muinetan finkatuxe daukadan katedralea, ez du Burgoskoaren, edo Leongoaren itxurarik, ez da horiek bezain ikusgarria, horiek bezain handia, baina bai horiek bezain ederra; formaz apalagoa bada ere, sinbolo kontuetan ez die inongo enbidiarik. Irudimenekoa baita nire katedralea, zerbait izatekotan. Mimodramak eta ikonoak.

Beharrezkoa zaigu Juan Mari Lekuonaren poema liburuaren funtsaz jabetzeko azkeneraino jotzea. Laster aurkituko dugu “Barandiaran” izeneko poema. Beharrezkoa zaigu poema hori behin eta berriro irakurtzea, horko hitzekin hausnarrean ibiltzea:

Sei aurpegiko, sei koloreko. Seiak
nahastuz, seiak txandatuz. Hala da
giza ulerkuntzaren kubo magikoa;
sei hegaleko aingeruaren kosmobisioa.

Okrea ezilkor. Megalitoa iraunkor.
Mitoa adierazpide. Liburua berri on.
Katedralea gizarte. Hiria etorkizun.

Antzinako gestuak datoz kontzientziaren
azalera: orain bat, gero bestea.
Bildumenaren bizgarritasuna; zuhaitzen babesa;
kronlexaren kontsumazioa; teilaren jabegoa;
eguzkiaren bidaia; habearen halabeharra…

Sei zenbakia aurkitzen dut behin eta berriro. Sei zatitan banatua liburua, zati bakoitzean sei poema.

“Zer da sei zenbakiaren errepresentazioa?”, galdetzen dut ahots ozenez, norbait balego nire barnean, hark entzuteko moduan. Erantzunik ez. Den-dena dago bare eta lasai, inork gutxik, sarritan ezta neuk ere, soma lezakeen sakontasun horretan. Baina ez zait burutik joaten katedralearen irudia. Aspaldiko garaietara eramaten dut neure irudimena; hobe esanda, bera da joaten zaidana, nik agintzen ez diodan arren. Orduan, badira zenbait mende, Frantziatik ekarritako planoen arabera, Santiagorakoa izanik Europaren eta hemengo lurren arteko elkartzebide, katedrale berriak eraikitzeari ekin zioten, milagarren urtearen aurreko izuak airean aienatu zirenean; munduaren akabantzarena, Azken Judizioarena, jabaldu zirenean jende xehe zein handikiaren baitan. Izuaren aurkako eraikuntza izango ziren katedrale haiek, beren kupularekin, beren harrizko murruekin, beren lehiartzarekin, beren sinbologiarekin, zeina gure mendeko biztanleontzat aski ezezaguna egiten baitzaigu, hiztegi teknifikatu eta argigarri baten laguntzaz izan ezik. Gogora ekartzen dituzte aspaldiagoko kobazulo haietako iruditeria, hango bobedak. Katedralea da, ikuspegi horretatik begiratuta, kobaren ondorio eta jarraipen. Batean zein bestean giza-emakumeak bildu eta istorioak (mitoei buruzkoak) kontatu ohi zizkieten teoriaz besteak baino prestuagoak ziren apaizek, inguratzen zituzten eta ulertzera iristen ez ziren fenomenoen sorkuntzaz jabe zitezen. Mitoa kobazuloetan jaio zen eta mitoaren argi-ilunakadierazteko marraztu zituzten haitzulo haietako harrizko paretetan halako eskena batzuk (Juan Mari Lekuonak mimodramak deitzen die), eguneroko bizitzarekin zerikusirik zutenak, baina adimena harantzago ere eramaten zutenak, traszendentziaraino hain zuzen. Ezen traszendentzia (norbere egoera hilkorra gainditu eta ezilkor bihurtzeko saioa) baita artearen funtsa. Katedralearen ikonografiari eta sinbologiari gagozkionez, katedralea da giza-emakumea Jainkoarengana hurbiltzeko (Harekin bat egiteko ere bai) lekurik aproposena eta sakratuena. Baita Zerua Lurrarekin berdintzekoa. Juan Mari Lekuonaren “Obertura” izeneko poema hitz hauekin amaitzen da:

Eta hasieran koba zen. Eta kobako
ilunbean gaueko urek zuten aginte.

Kobazuloak historialeku bilakatu dira. Haietan idatzirik aurkitzen dugu garai bateko izuen genealogia, garai bateko antsien eta desiren morfologia. Elizaren antzekoa dugu kobazuloa, katedrale historiaurrekoa, errito zahar baten lekuko eta pinakoteka. Juan Mari Lekuonaren erreferentziak zuzenak dira alde horretatik, darabilen sinbologiak horixe adierazten digu bederen:

Zaurien santutegia. Harri estanpatuetan (Obertura)

Munstro odolzaleak, beldurraren aldarean, (Alegoria)

Harkaitz molduretan —lehen irakurgai—
zooantropiaren traktatua, logos elemental
baten erretaula polikromoa.
(Magma)

Bitan dago liburua banatua. Lehenak “Gruteskoak” du izena. Hirutan dago banatua: “Izuen Genesia”, “Fantasia Beltza” eta “Atabismoak”.

Izua nola eta noiz sortzen den galdetzen dut ahots ozenez, norbait balego nire barnean, hark entzuteko moduan. Erantzunik ez. Den-dena dago lehenxeago bezain bare eta lasai.

Ezezagunaren aurrean, natur fenomeno ulertezinen aurrean sentitu ohi dugu izua. Gizakia baino gehiago ziren piztia eta animalien aurrean beldurtu ohi gara eta beti bilatu izan dugu izua leunduko lukeen kontsolamendurik. Aspaldiko haitzulo eta koba bazterrak eliza bihurtu ziren, giza-emakumeen txikitasunaren erakusle, handitasunaren bilatze etengabea. Juan Mari Lekuonak adierazten digu poliki-poliki izuaren genesia eta haren garapena. “Eztanda” izeneko poeman, esaterako:

Belarritik barrendu zen zorigaitzen oroit-
harria. Zitala tximistaren leherketa.
Infernuko ortotsa galernaren itsas
kolpea. Danbatekoa mendian bi suk
elkar jotzean. Bizi denak daki,
eztandarekin bat, etena dagitela
odol zaragien larru joskerek.

Mitoaren jaiotzaz ari zaigu poeta. Une honetan sekulako gogoa dut “Hasieran mitoa zen” edo antzeko esaldi koloretsu eta betiguztirakoa esateko, baina esana dago jadanik: “Hasieran hitza zen”. Mitoa, azken finean hitzak sortua baita. Giza-emakumeek ehizatzen zituzten animaliak mito bihurtu ziren kobazuloetako paretetan. Horixe da guk ikusten duguna, Altamirako edo Ekaingo bazterretan: animalien irudiak, Arte hitzaz defini daiteken prozedura estetiko baten lorpenak. Ikusten ez duguna gehiago da ordea ikusten duguna baino. Zer da giza-emakume haiek sentitu zutena? zertan sinesten zuten? zein ziren inguruarekin zituzten harremanak? Badakit ikerketa historiografikoak gertaeren haritik interpretatuko duela guzti hori. Badakit ere interpretazio hori ez dela bakarra, badagoela beste bat, mitoetan oinarritua, poetikoa alegia, Juan Mari Lekuonak proposatzen diguna. Interpretazio hori, noski, estetikoa izango da, nahita nahi ez, edertasuna baitu helburu.

Mito guztiek zentzu elijiosoa dutela frogatu nahi izan digu, besteak beste, Mircea Eliadek, Jainkoarengana eramaten gaituztela, haren izatea baieztatzeko erabiliak izan direla esanez. Teoria hori, gaurregun, zaharkitua badago ere, ezen mitoei buruzko zientziak, arrazionala zientzia guztien moduan, mitoak sinbolo diren gisa ikertzen baititu, sinboloetan oinarrituz soilik, euskal mitologia aztergai izan duten askok eta askok Kristautasuna erabili izan dute galbahe mitoak aztertzerakoan eta mitoak biltzerakoan, oraingo euskal kristaua eta antzinako euskalduna arraza bera direla frogatu nahian.

Juan Mari Lekuonak ez du hura frogatzen, frogatutzat jotzen baitu. Haren poema liburuaren arkitekturan ikusten duguna da, kobazuloetako eta katedraleko giza-emakumeen artean ez dagoela etenik, ez kulturalik ez estetikorik.

Liburuaren bigarren zatian garbiago somatzen dugu zer eraikitzen ari den Juan Mari Lekuona. Nabarmen egiten da horko asmo estetikoa:

Kandelarioz zikoinek udalehena
sahats farfailetan irutean, zuhaitzak
biluzik prozesioan elurraren tenplu
altura…
(Otsail)

Usain gozoak, musikak eta fantasiak
emankor bihurtu dute —dohatsuen
paradisu— maiatz birjinaren kupula
alegorikoa, jainkosen agerleku oskarbia.
(Bedatse)

… Diz diz hierofanien hamabi
argi-zuziak, bidaia eliptikoen bobedazpian.
(Eguberri)

Eta zuhaitzen nerbadura gotikoek
helmugatzat hartua dute, erakargarri,
dorre sideralaren puntaren puntan.
(Artizar)

Abside metafisikoen alabastrozko arrosa da. (Eguzki)

Estasiaren gainezkaldian, leihoteria gotikoek
su hartu zuten, mihi eta hosto
kausituz, brodadura biribil simetrikoetan.
(Atarrabi)

Hitz eta esaldi —zutabe eta moldura— bazuen
mintzagai ederrik. Baina Erdi Aroko lati-
na, euskal moldetara isurtzean, baxuerliebe
bihurtu zuen lekuko mintzaiararen arkitekturan.
(Axular)

“Planeten adar-biran” du bigarren zatiak izena. Eta hirutan dago banatua: “Kalendera”, “Enblematika” eta “Itzalen Galeria”.

Katedrale gotikoa eraiki digu Juan Mari Lekuonak, haitzuloen arrastoa betidanik egon den tokian, euskal irakurlea bertara bilarazi eta euskal nortasuna definitzen duten mitoak eta sinboloak ahots garbiz adierazteko. Horixe da hasiera-hasieratik irudikatu dudana, zerutik begiratuta, txori baten gisa, txoriek irudikatzeko ahala baitute. Eta hegan egiten dute mitoen gainetik, giza-semen nekeen gainetik. Nekea baita mitoaren beste izena. Baina baieztapen horren argibidea hurrengorako utziko dugu.

Irudimeneko katedraleak izar eroriarena du antza. Sei zenbakiaren errepresentazio geometrikoa.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak