« Udaberriaren patua | 17-17-N.M.5 »
Poliedroaren hostoak / Joan Mari Irigoien / Erein, 1982
“Poliedroaren hostoak”: Joan Mari Irigoienen mundu literarioaren eleberri fundazionala Xabier Mendiguren / Hegats, 1995-11
Badira idazleak besteen ibilbideak markatzen dituztenak, atzetik mugimenduak sortarazten dituztenak, joera baten aitzindari edo bozeramaile edo bihurtzen direnak, nahita edo nahigabe, eta horri loturik agertuko dira aurrerantzean komunikabideetan, batzuen txaloak eta besteen gaitzespenak jasoz. Badira beste idazle batzuk, ordea, bere bidea egiten dutenak, bakarka eta poliki, zurrunbilotik urrun samar bere obrari erreparatu eta hori egunik egun aberasten, umotzen, hobetzen ahalegintzen direnak, jarraitzailerik baduten arduratu gabe, beren estiloa eta hautuak modako diren edo ez gehiegi axolatu gabe. Jakina, ez dago esaterik jarrera bat edo bestea ote den egokiena, bietatik behar baitu kultura bizi batek eta bi alderdietatik zer edo zer izaten dute idazle gehienek bere baitan. Hala ere, Joan Mari Irigoien sailkapen horretako bi txuloetako batean sartu behar izanez gero, inolako zalantzarik gabe bigarrenean kokatuko genuke, eta ez dut uste berak protesta handirik egingo lukeenik.
Ez du inork zalantzan jarriko Irigoienek, urteen eta lanaren poderioz, obra pertsonala, heldua lortu duela, eta horrekin batera estilo berezko eta bereizia; kezkatzen duten gaiek kezkatzen dute, ez puntako inork puntako gal izendatutakoek. Eta urte hauetan guztietan biribildutako obra horri esker lortu ditu Joan Marik izena eta lekua, errespetua eta estatusa.
Gaztetako Oilarraren promesa nobelaren eta Hutsetik esperantzara poema-bildumaren ondoren, Irigoienen heldutasuna, bere mundu-ikuskeraren eta literatur jardueraren finkatzea, handik zenbait urtetara kaleratutako Poliedroaren hostoak (aurrerantzean P H.) eleberri mardul, sakon eta konplexuarekin iritsi zirela esan daiteke. Hain zuzen ere, 1983an kaleratu zen lehenengo aldiz P H., urte batzuk lehenago idatzi bazuen ere, eta 1995 honen hondarrean kaleratuko omen da berrargitaraldi zuzendua, ondo merezia duena eta orain arte ezagutzen ez zutenei horretarako aukera emango diena. Harritzeko moduko datu bat bota dut oraintxe, komentatzea merezi duena: zer dela eta pasa ote ziren urte batzuk idatzi zuenetik argitaratu arte, horren obra mamitsu eta bikaina izanda, endemas sari handi bat irabazi eta gero? Erantzuna, askori harrigarria irudituko zaien arren, hauxe da: garai hartarako zailegia, anbiziotsuegia, handiegia gertatzen omen zen, eta inor ausartu ez, edo asmatu ez edo auskalo. Andu Lertxundi izan omen zen azkenean kaxoi batetik atera eta, hainbat ukitu eta kenketa egin ostean, liburua plazaratu zuena. Datorren mendeko filologoen edizio kritikoen zain egon beharko dugu kenketa horien aurreko orijinala nolakoa zen jakiteko baina, Anduren literatur sena ezagututa, seguru irabazian atera zela eleberria. Nolanahi ere, urteen ikuspegi zabalaz gure literatura zer edo zertan behintzat aurreratu eta hobetu dela esan liteke, garai hartan txundigarria zen lexikoa gaur egun aberatsa baita besterik gabe, orduan —ni behintzat euskaraz irakurtzen hasi berria, esaterako— izugarri luze eta harrigarriro nahasi iruditutako lanari zabal eta sakon irizten baitiogu orain. Ez da seinale txarra.
Egilearen heldutasunaren abiapuntutzat hartu dugu arestian PH. Zehatzago esanda, Irigoienen literaturan obra fundazionala dela baietsiko nuke, hitz potolo samarra bada ere. Izan ere, PH.n aurkitzen ditugu geroztiko bere eleberrietako funtsezko gai eta ezaugarri guztiak: dualismoa, ametsa/errealitatea jokoa, saga familiarrak, karlistadak, azken frankismopeko gazteen errebeldi gosea, historian arakatzea, epikotasunaren xarma, transzendentziarako joera… Beste asko ere aipa genitzake baina, gehiegi ez luzatzearren, hauetako batzuk komentatuko ditugu.
Dualismoa funtsezkoa da guztiz P.H.n (lurra eta haizea dira bi elementu nagusiak, eleberri osoa sinbolikoki egituratzen dutenak, gero nahastu eta itxura polimorfikoa hartzen badu ere). Obraren hasieran bertan egiten zaigu aitorpena:
Osaba joxek ez zian ulertzen gauza bat aurkakoaren eraginaz edo aurkakoaren funtzioan ez bazen behintzat: ez zian beltzik gabeko zuririk ulertzen, ezta beste edozein margo ere bere osagarririk gabe.
Dualismo berbera dago, esaterako Consummatum est nobelaren egitura eta kontzepzioan, bai eta Babilonia-koan ere. Azken kasu honetan, gainera, bada beste kointzidentzia nabarmen bat: gerrate karlistetako ideologi banaketarekin batera taxutzen da dualismo hori.
Gerra aipatu dugu. Hau ere iturri aberatsa da Irigoienen obretan. Historia bera ere bai orohar, trebea baita garai historiko zehatzetan kokatu eta haren xarmari zukua ateratzen, dokumentaziolan zorrotz bati eskerrak; dokumentazioaren kontu hau, nolanahi ere, areagotu egin da egilearen azken lanetan. Garai historiko horietan, berriz, gerra-aldiak izaten dira beti muina, gunea. Paradoxikoa ere bada, egilearen ideia antimilitarista aitortuak ezagututa; gainera, gerraren gaitzespena baino gehiago —horretatik ere badagoen arren— haren zurrunbiloaren mozkorraldia ageri da, epikaren lilura nolabait esanda. Ustezko kontraesan hau egileak berak beti asumitu izan du ordea, eta are gehiago: konplexutasun horixe da P.H.ko leitmotiv indartsuenetako bat, ahalik eta fruitu gehien ateratzen zaiona. Hona hemen horren aitorpen bat, eleberriko hasiera aldetik hartua:
Izan ere, zenbat gauza ezezagun norberaren baitan zenbat pertsonaia bizi ote den gugan eta gu ohartu ere egin ez! Gauzek, ez izatetik izaterako bidean, forma bat edo forma baten aierua behar duten bezala… zenbat eta zenbat pertsonaia forma baten beharrean, itzaletik konszientziaren mundura iragan ahal daitezen.
Ez litzateke batere zintzoa, ordea, Irigoien egile epikotzat hartuko bagenu. Epikatik adina baitu lirikatik. Zehatzago esanda, bere epika lirikotasunez blaitua ageri da beti; zakarretik baino gehiago gozotik izaten du Irigoienen epikotasun horrek. Honekin loturik esan liteke P H.n —eta halaber Irigoienen hurrengo lanetangerrara doazenek patu saihestezin baten morroi diruditela beti eta bere buruaren jabeago diruditela, adibidez, emakumezko protagonistek, gerrara joatetik libre geratzen direnek.
Irigoienen obra historikoetako emakumezko protagonistek aparteko azterketa mereziko lukete, norbaitek inoiz heltzea nahiko genukeena. Pertsonaia liluragarriak dira, errealak baino gehiago mitikoak, supranaturalak (gaur egun kokatutako bere historietan ez da horrelako andrazkorik ageri, eta bestalde gizonezkoak dira protagonista halakoetan), eta alderdi majiko bat badutenak, beste munduarekin lotzen dituena edo. P H.n Martzelina da diogunaren adibide nagusia, baina oso kasu politak daude Babilonia-n ere.
Emakumezko hauen bitartez gauzatzen da nagusiki Irigoienen beste ezaugarrietako bat, transzendentziarena deitu dudana. Hitz hau oso zabala da, eta gauza asko sartzen da bere zakuan. Bat, P H.n oso nabarmena eta behin eta berriz agertzen dena, gure munduko errealitateaz gain badela beste errealitaterik, ametsa deitu ohi duguna esaterako, adibide honetan ikusten denez:
— Ametsak… Arrazoi duzu, baina nola esplikatu bizitza ametsen bidez ez bada? Ez al dira gure gorputzak ametsez biribilduak? Ez zela hori gertatu diozu, baina zer inporta du gertatu zen ala ez? Gainera zer da gauza bat gertatzea? Non gertatzen dira gauzak, zuk diozun errealitate hotzean ala geuk amesten dugun errealitate beroan? Eta besterik ere esango dizut: amesten den neurrian da errealitatea gero eta errealitateago… eta esango didazu hemendik urte batzuetara, bestela…
Transzendentzia horrek beste aurpegi bat hartuko du beste obra batzuetan: Consummatum est azken eleberrian adibidez, erlijiotasun argi bat agertzen da, mistizismorako isuria duena gainera (bere oso modu konszientean sortzen baititu bere obrak Irigoienek. Aldaketa hau ez da zaila ulertzen, kontuan izanik abangoardia eta esperimentalismoa indarrean zebiltzala gure artean 70eko hamarkadan eta denok garela gure garaiaren seme-alaba, are gehiago gazteak garenean.
Generoen kontua eta eraginak aipatu berri ditugu, eta honetan sartu garenez gero, ezinbestekoa zait P H.z hitz egitean orain dela urte batzuk puri-purian zegoen errealismo majikoa aipatzea. Irigoien bera ez zen alferrik Hego Amerikan bizi izan bolada luzeetan liburu hau idatzi aurretik, hango biziera ezezik bertako literaturgintza ere xurgatuz. Beste zenbait idazlerekin ezagupide zuzena izan bazuen ere, niri bi izen handi datozkit burura P H.z pentsatzen dudan aldiro. Bata, Gabriel Garcia Marquez eta zehazkiago bere Cien años de soledad hartako familiak, eta gertaera harrigarriak, eta hizkuntzaren lilura… Bestea, Juan Rulforen Pedro Páramo, batez ere hilen eta bizien planoen erabilera ezin abilago horrengatik. Dena dela, eraginen eta iturrien gaia agortezina da eta ez du balio lan baten neurria emateko. Horretarako ez dago liburua irakurtzea bezalakorik, eta horretaraxe gonbidatzen zaituztet guztiak: bai orain arte ezagutzen ez zenutenok, bai garai batean miretsi eta orain atzendu samarra duzuenok.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres