kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Amodio barregarriak / Milan Kundera (Karlos Cid Abasolo) / Erein, 1993

Udaberriaren patua Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1995-10-21

Literatura unibertsalaren irakurle zaleek Milan Kunderaren Amodio barregarriak (Erein, 1993) aurki ditzakete euskaraz, Karlos Cid Abasoloren itzulpenean.

Zazpi ipuinez osatutako liburu hau idazlearen lehenengo epealdiari dagokio, hots, Prahako udaberriaren atarian idatzia da. Izan ere, Milan Kunderaren bizitzan eta lan literarioan sobietar gudataldeek Txekoslovakia indarrez hartu zuteneko gertaera historikoak, Prahako udaberria izenaz ezagutuak, lehena eta geroa markatuko ditu. Destinoa eta arimaren bisaia aldatuko dizkion trena izango da, marra beltz azpimarragarria. Nahiz eta kasualitatea edo dekadentzia bezalako ezaugarriak bere literatura osoan egon, lehenengo lanen tonu txantxazkoa motelduz eta ozpinduz joango zaio eta Prahako udaberri aurreko barre algara emankorra antzutuz.

Amodio barregarriak direla medio jolasa bizitzarekin nahasturik dabilela esango digu Milan Kunderak, jolasean bere benetako izaera hartzen, jolasean askatzen. “Jolasak gaztetatik badu niretzat errespetatzen eta neure interes pertsonal guztien gainetik jartzen ikasi dudan balore bat” (58. orr.). Hauxe da, hain zuzen ere, liburuaren haragia eta izpiritua, gorputza eta arima, zama eta airea, bizitza aztertzeko erabiltzen duen zirujia. Giza-harreman sexualak gaitzat hartuz, plazerra izango du iturburu, erotismoa, bere egia mantso paseiatuko duelarik lasaitasun geldoan eta begiratze geldi sensualean, edertasuna bilatuz eta bizitzaz gozatuz. Milan Kunderak begian elkartuko ditu erotismoa eta humanismoa.

Amodioaren bidez bizitzari buruzko mezua oraindik alaia, txoriburua, arduragabea eta lizuna da eta amodio barregarriok egituratzeko modu bitxia. Prahako Zinema Eskolako irakasle izandako idazle honek eszenaka eta saioka eskainiko dizkigu amodiook, kamara ezkutu batetik bailegoan eta istorioan hari korapilatsuen gainean trama eta tramoia hedatuko. Hitzean eta hitzaren keinu eta esanahian maisu den Kunderak edozein egoeratik elkarrizketa pozointsuak sortuko ditu.

Amodio barregarrion gorputza jolasa da, baina ez da goresten. Begiratzen belutzea atsegin zaion idazle honentzat gorputzak beste dimentsiorik hartuko du. Dekoratu dekadentearen parte bat izango da eta, hein batean, gogora lezake Frantzian mende honen lehenengo zatian egin zen artearen filosofia. Kunderarengan, ordea, dekadentzia, besteak beste haragiarena, ez da bakarrik nazkan bukatzen, baizik eta, baita ere eta batez ere, maitasun mugagabe eta geldo batean.

Istorioak garatzeko orduan kasualitatea eta kasualitatearen sinonimoak liratekeen absurdoa eta ezereza dira klabeak. Eta ez da kasualitatea Kunderak erabiltzen duen kasualitate hau, kezka existentziala baita gizaki modernoaren bereizgarri agian sinbolikoena. Horrela, beste idazle haundi baten izena datorkit burura: Paul Auster. Idazle iparramerikar honen literatura guztia kasualitatearen gainean egina da, bere mezu nagusia destinoaren indarra delarik. Baina Kunderari kontrajarriz, Auster-en kasualitatea ez doa dekadentziaren eta geldotasunaren eskutik, baizik eta ekintzazkoa da.

Milan Kundera, Pragako udaberrian tximeletak hauts bilakatuko zitzaizkion idazlea. Liburua lorea bezalakoa dela badakielako sinesten du kasualitatean eta literatura onean.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak