kritiken hemeroteka

8.360 kritika

« | »

Euzkerea eta Yakintza aldizkarietako olerkigintza / Jon Kortazar / Labayru Ikastegia-Zornotzako Udala, 1995

Airearen erroa Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1995-10-15

Liburu txukun honek “Euzkerea eta Yakintza aldizkarietako olerkigintza” izenburua darama, Jon Kortazar egilea delarik. 1989ko Aita Santi Onaindiaren bekari esker burututako ikerlana dugu, Labayru ikastegiak eta Zornotzako udalak argitaratua 1995ean.

Hitzaurretik bertatik Jon Kortazarrek honako esaldi hau idazten digu: “Planeten esplorazioa oro har esanda bukatua badugu, bada garaia sateliteen azterketarekin hasteko…”. Hain zuzen ere, azterketa honen helburu behinenetariko bat hauxe da: gerra aurreko hiru olerkari nagusien lana era batean zein bestean ikertuta dagoenez gero (Lauaxetari eta Lizardiri buruzko tesiak dagoeneko baditugu eta Orixeri buruzkoa bidean omen dago, egin zaizkien bestelako ikerketez eta omenaldiez gain), bigarren mailako idazle ahaztuxeen lan poetikoak ekartzea. Aurrerantzean ez da, beraz, barkakizun izango poeta txikion lanak ez ezagutzea. Ikerlariak gerra aurreko giro literarioaren erakusletzat bi aldizkari aukeratu ditu: “Euzkera”, Bilbokoa eta ideia nazionalisten zale eta “Yakintza”, Donostiakoa, Aitzolen gidaritzapekoa eta asmoz ez bestea bezain zurruna. Dena dela, goragoko esaldi kritikoa errepasatu nahi nuke ostera ere, lan honi ez ezik euskal literaturari ere dagokiolakoan bainago. Jon Kortazarrek bere begirada zoliaz, edo Sanchez-Ostiz-ek esango lukeen bezala teleskopikoaz, abisu bat botatzen digu, arrisku bat aurresentituz. Egia da: gaur egun ere idazle nabarmen eta “konsagratuekin” obsesionatuegi gabiltza, idazle ezezagunen hainbat lan duin eta irakurgarri alboratuz, epe luzerako eta arnasa luzeko lan ez hain begibistakoak baztertuz, gaztearen moda errezaren izen hutsalean.

Ikerlan honetara bueltatuz, lehenengo atalean gerra aurreko poesia molde desberdinak ikusteko parada izango dugu. Gerra aurreko literatura eztabaidak (poesia zaila eta errezaren artekoa, klasizismoaren inguruko Orixeren eta Lauaxetaren eritzi kontrajarriak edo Aitzolen proposamena, herri lirikaren aldekoa) eta jarraian, Orixeren lirika, aro-begiradetan banatua.

Bigarren atala “Euzkerea” aldizkariko olerkigintzari dagokio: molde zaharrekoak (Kepa eta Imanol Enbeita), modernitate kutsukoak (Onintze eta Utarsus emakume olerkariak) eta molde berriak (Lauaxeta eta Erkiaga).

Hirugarren atalean “Yakintza” aldizkariko olerkigintza da gaia: poesia kristaua (Jautarkol eta Jakakortajarena), klasizismo eta sinbolismoaren arteko dialektikan mugitutako poetak (Zaitegi eta Gaztelu) eta olerkari gazteak (Onaindia eta Erkiaga).

Irakurleak inon baino hobeto, teorian eta praktikan, ikasiko du zer diren sinbolismoa, erromantizismoa eta posterromantizismoa, modernismoa, idealismoa, primitibismoa edo parnasianismoa… bezalako kontzeptuak (gaur egun batzuetan hain buru-arin erabiliak) urtetan literatur lanak “disekzionatzen” daramatzan literatur-kritiko honen eskutik.

Gabriel Ramos Urangaren barruko irudiekin (miraz gelditzeko trazu barrenkoi eta sentiberak; keinu zehatz eta bahetuak; aise eta aisira nora gabe aukeran, galduan geldiak ezarian bezala), Jon Kortazarrek, Lauaxetaren estetizismoa, Antonio Tabucchi-ren tonu estilistikoa eta Pascal Quignarden iradokizuna gogoko dituelarik, bere estilo propioa azaltzen digu berriro ere ikerlan honetan, arin-olgatia, jakintsu-fina, ironiko-zizelkatua, sarritxutan hitz isiletan txairoki limuria, tartean bere bereak diren eritziak ekarriz luma kulto baten bidez. Jon Kortazarren pentsakizuna (pentsamoldea baino haruntzagokoa) ez baita lur gizenean sustraitu eta iltzatutako erroarena, isil antzean zantzu diseinatuaren atzetik abiatutako airearen erroarena edo hariarena baino.

Azken kritikak

Twist
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Detaile xume bat
Adania Shibli

Jon Jimenez

Antzerkiaren labirintoan I
Ander Lipus

Amaia Alvarez Uria

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Maite Lopez Las Heras

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Jon Jimenez

Uztapide eta Xalbador
Pako Aristi

Mikel Asurmendi

Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio

Jon Jimenez

Monogamoak
Iñigo Astiz

Paloma Rodriguez-Miñambres

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Joxe Aldasoro

Lanbroa
Pello Lizarralde

Mikel Asurmendi

Sorginak, emaginak eta erizainak
Barbara Ehrenreich / Deirdre English

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Gerezi-denbora
Montserrat Roig

Amaia Alvarez Uria

Presbiziak lagundu omen digu
Edu Zelaieta

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

Hedabideak