kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Bihotz bi. Gerrako kronika / Ramon Saizarbitoria / Erein, 1997

Bihotza eta gerrak Mari Jose Olaziregi / Hegats, 1997-12

Bihotza eta gerra zailtasunez uztartzen diren hitzak ditugu eta hortik, R. Saizarbitoriaren azken nobelak hasieratik bertatik gugan eragin zuen asaldura. Behiala A. Schopenhauer-ek erabilitako irudiaren ildotik, gure ardura eta igurikimenak baldintzatuko zituen gezi baten gisara genekusan nobelaren titulua. Eta titulu horrek bikoiztasuna iradokitzen zigun, gerretan bezala, erritmo desberdinez, taupada desberdinez kasu honetan, mugitzen diren bi fronteen irudia.

Liburuaren paratestua (titulua, epigrafeak, oharrak…) datekeenaren irakurketa osotuz, gerrako kronika gisara aurkezten zitzaizkigun barrukoak, gertakarien kontaketa objektiboa izan nahi zuketen kronika gisara, hain zuzen. Baina, oraingoan ere, R. Saizarbitoriaren helbururik behinena ez da historia bat soilik izan, haren nobelagintzan ezaguna zaigun estrategia narratiboaz baliatuz (ik. Hamaika pauso), hasieratik bertatik irakurleok jakitun baikara bertan kontatzen den istorioaren amaieraz.

Ez dago, beraz, inongo sorpresarik narratzaile-protagonistak gertakizunei emango dien konponbideaz, adarrak jarri zizkion emaztea leihotik botata hil zuela hastapenetik aitortzen duen kontalariaren aurrean gaude-eta. Aitormena diot, lehenengo pertsona narratiboan taiututako nobela hau, ezer baldin bada, aitortza bat delako. Modu honetan irakurleon konplizitatea eta ardura dira bilatzen direnak, eta hala frogatuko lukete testu barneko irakurleari (terminologia kritikoan narratario deritzonari) etengabe egiten zaizkion erreferentziek, hala nola: “ez dakit diferentzia ulertzen den” (105), “eman dezagun” (108), “honezkero mila aldiz esango nuen” (108), “petrila ezagutzen ez duenarentzat diot hau” (133), “esan dudan posturan” (226), “esana nagoela uste dut” (272)… bezalakoek.

Aitortzetan, M. Bajtinek zioskun moduan, gizarte arauen hausteak (transgresioak) azaleratzen dira, eta nobela honi dagokionez, Bibliaren agindu oinarrizkoenak dira preseski urratzen direnak: “Ez duzu inor hilko. Ez duzu adulteriorik egingo”. Bikote baten arteko harremanen gainbehera datorrenean, zilegi litzatekeen irteera bakarra (nobelan Beltranen hitzez edo Leo Ferrer-en kantez irudikatzen dena) banaketarena da, hain justu, protagonista koldarrak hautatzen ez duena. Duintasunez bukatu ordez, nahiago du mendeku hartu eta maitea hil, modu honetan, G. Bataille-ren hitzak gogoratuz, “desiratutako objektuaren sakrifizioarekin” amaitzen duelarik bere amodiozko istorioa.

Beraz, narratzailearen ahotik testuratzen zaigun aitormen honetan iraganeko gertakariak, amaiera tragikoa izango dutenak, dira kontagai. Eta, M. Prousten nobelagintzaren ostean, iragan hori iragan bizitua den heinean, protagonistaren oroimenetan oinarritzen da. Atzerunzko anakronia handi bat bailitzan, pertsonaiari funtsezko zaizkion bizipenetan harilkatuz doaz lehenaldiko gertakarien kontakizunak, eta horretarako, errepikapenak eta aurrerapenak denbora narratiboa zehazteko estrategia funtsezko bihurtzen dira. A. Robbe-Grillet-en nobela gehienetan bezala, denbora psikologikoa da, finean, irakurleoi aurkezten zaiguna. Etendako kronologia hau bi plano narratibotan azaltzen da, eta titulutik bertatik adierazten zaigun bikoiztasuna bi gerra desberdinen kontaketan gorpuzten da: Hanbre sagardotegiko jubilatuek behin eta berriro kontatzen dituzten Gerra Zibileko pasadizoek eta protagonistaren “etxeko gerraren” eskena errepikatuek xehetasun berriak eransten dizkiote narrazioari. Izan ere, narratzaileak dioskun moduan, “kontakizun baten emanaldi desberdinen arteko xehetasun eta ñabardurak atzematea” (23) baitzaio gogoko edo, beste modu batean esanda, “kontaketa, historia bera baino” (23) erakargarriagoa baita. Horregatik jotzen du beti istorio edo gertakari berak kontatzen dizkioten zaharrengana, Calvo Soteloren hilketa aipatze hutsarekin gertakari jakinaren kontaketari xehadura berriak eransten dizkiotelako, “beste era oso desberdin batean gerta zitekeela” (101) pentsatuz.

Ene Jesuseko (1976) protagonistak bezala, “historiak kontatzeak eta entzuteak libreago egiten gaituela” (101) onartuz, behin eta berriro errepikatzen diren gertakizunek mataza-narratibo konplexua bilbatzen dute. Alabaina, hirugarren nobela hartan kontaketaren beraren ezintasuna, metafikzioa beraz, testuratzen bazitzaigun, Bihotz bin historia maila da gailentzen dena. Horregatik suertatzen da irakurterrazago R. Saizarbitoriaren azkeneko nobela hau, ez dagoelako narrazioa behin eta berriro eteten duen idazketaren gaineko hausnarketa literariorik. Modernitatearen ostean nobelaren baitan nagusitu den narratibitateranzko bira posmodernoan, oroimena da donostiarraren azken nobeletan kontaketa behin eta berriro bideratzen duena. Hamaika pausoko (1995) “memoria plater hautsi bat da” simoniar hartatik, Bihotz biko “oroitzea beti da imaginatzea” robbe-grilletiarrera iritsi gara, eta azken nobelaren kasuan, erraza da oroimen horren zutabe bihurtzen diren eskenak aurkitzea.

Zutabe nagusiena, eta nobelan adiera sinboliko izugarria duena, 13arekin lotutako data-zerrendak osatzen du: 1936ko irailaren 13an sartu ziren erreketeak Donostian Ategorrieta gainetik okupazioa burutuz (55…); ia hirurogei urte beranduago, irailaren 13an, haserretu ziren protagonista eta bere emaztea azkenengoz eta egun berean ezagutu zuen senarrak Bioleta (58); 1936ko otsailaren 13koa da, halaber, Mikele de Abando eta protagonistaren aita azaltzen diren argazkia (eta gerora esango denez, Bioletaren ama egun horretako harremanen fruitu da); 1936ko utzailaren 13a da Calvo Sotelo hil zuten eguna…

Guziarekin ere, maisutasun handiz testuratzen den errepikapenaren teknika narratibo honen adierazkortasuna historiaren beraren nolakotasunak indartzen du, dudarik ez baitago edozein irakurleren begietara arras erakargarriak suertatzen direla infideltasun kontuok. Azken batean, bikoteen arteko inkomunikazioak, mixeriak, bakardadeak, obsesioak dira nobela honetan kontatzen direnak, hurkoa zigortzeko erabiltzen diren estrategia pentsatu eta kalkulatuak.

Senar engainatuaren obsesioa J. Joyceren Ulises (1922) edo Finnegans wake (1939) nobeletan iraunkorra bada ere, irlandarraren Harold Bloom protagonistak, Mollyren fideltasunik ezaren jakitun izanik ere, ez du bere emaztea hiltzen. Hark ere, Bihotz biko protagonistak Donostia eraldatuan egiten duen atzera, adulteroen eskenak imaginatzen ditu Dublin literarioan barna. Hori gutxi balitz, “Bloom” ingelesaren itzulpen kontsidera genezakeen Flora izena duen pertsonaia, musikazalea eta oparoa dugu, Molly bezala (etengabeak dira beraien ipurdi “naharoei” egiten zaizkien erreferentziak).

Hortik aurrera, ezin esan bikotearen arteko gatazkak tratamendu bera duenik irlandarraren nobelan eta Saizarbitoriarenean. Hasiera batean esan dugun bezala, donostiarrarena sentimendu-gerra baten kontaketa da, ikuspuntu bakarrez egituratua gainera, hau da, senar adardunaren ikuspuntutik. Protagonista futbol eta boxeozalea da, Love story bezalako kantez hunkituta geratzen zaigu eta bere jokabide arrazionalistaren frogagarri “jakituria” kulinario dudaezinezkoa dauka: zehaztasun flaubertiarrez, arrautzak frijitzeko moduak, entsalada edo lasagna gustagarriak egiteko prozedura zehatzak, edo legatza prestatzerakoan kontuan hartu beharreko aholkuak eskaintzen dizkigu; baita emazte eta emakumeei buruzko topiko matxista guztien adibideak ere: guri, emakumeoi, Tomate berde frijituak (120) bezalako filmeak gustatzen zaizkigula esanez edo “nobela lodikoteak” (215) irakurtzen ditugula adieraziz. Hori gutxi balitz, Florarekin izandako eztabaida nagusienak “bere jakituria entziklopedikoaren aurrean” emaztearen nortasuna finkatu beharrak (35) eragindakoak zirela aitortuko digu protagonista itsu honek.

Ezin esan gizonezkoen irudi ona ematen denik nobelan. Floraren ahotan jartzen diren “ona zaude” (65) etengabeak eta Hopperen Hoteleko logela (1931) koadroarekin egiten diren etengabeko gonbaraketak (10, 63, 170, 186…) desolazioaren, abandonoaren erreferentzia plastikoak ditugu. Liburuaren lehenengo argitalpenaren azalean agertzen zen koadro horrek J. Updike nobelagilearen poema bat merezi izan bazuen, gizakiaren bakardadea irudikatzeko duen indarrarengatik izan zen.

Izan ere, Flora, ezer sentitzen bada, emakume “abandonatua” sentitzen baita, hasieratik bertatik senarrari egozten dion abandonoa dela medio (9). Eta argi dago, bikotearen indiferentzia hori dela emazteari jasangaitzena suertatzen zaiona. J. Ortega y Gassetek bere Estudios sobre el amor (1939) gogoangarrian zioskun bezala, maitemindutako emakume batek nahiago du bikotekideak eragiten dizkion nahigabe eta sufrikarioak jasan, bere indiferentzia pairatu baino. Hortik, Florak pianoz jotzen dituen piezetan aireratzen den irudi malderra: “Look at me, I am as helpless as a kittem up a tree” dioen kantan bezala (18).

Flora eta Mikele de Abando gizon koldar batek abandonatutako emakumeak ditugu. Lehenengoa, sasintelektuala den senar jeloskorrak; bigarrena, senarraren aita antiheroikoak, haurdun utzi ondoren, frontetik desagertu zenak. Bi pertsonaia femenino hauen deskribapenak (dela fisikoak, dela psikikoak) emakume sendoaren irudia ematen dute: Florak Artetaren koadro batetik irtendakoa badirudi (13), Mikele Emakume Abertzaleen Batza elkartearen (103) kide aktiboa dugu, Lauaxeta, Aitzol edo Orixerekin batera Euskal Herri osoan mitinak ematen dituena. Hogeita hamalau urterekin, lepoko orezta dela kausa hiltzen den pertsonaia honen izenak, Emakume Abertzaleen Batzan bazkide kopuru handiena izan zuen taldeari, Bilboko Abando auzokoari hain justu, egiten dio erreferentzia.

Biktimak izango dira bi emakumeok, gizonezko baten biktimak hain zuzen, eta narratiboki Floraren kasua suertatzen zaigu nobela honetan garrantzizkoena. Emazteak iruzur egiten diola dakienetik, deliriora eramango duen obserbazio eta antsietateak guztiz ezkutagaitzak suertatuko zaizkio protagonistari. Desiratutako objektuak ihes egiten diola pentsatzeak beragan sortzen duen urrikaltasun eta ziurtasunik ezaren adierazle ditugu bere buruaz dituen irudi penagarriak. Protagonistak kiratsa besterik ez dio sumatzen bere buruari (linimento eta sardin-usainaren nahasmendutik eratorria, 86) eta zakur-deslai baten modura abandonatzen da etxean (121). Senar horren jeloskortasunak, La Jalousie (1957) nobelako protagonistaren kasuan bezala, emaztearen eta amoranteen obserbazioa eragingo du, ezaugarri optikoz soilik transkribatzen diren eskenen errepikapena bultzatuz. Dena dela, infideltasun gertakariak imaginatzen dituzten bi narratzaile hauen artean bada alderik: A. Robbe-Grillet-en nobelakoa gela batean entzerratuta dagoen bitartean, Bihotz bin pertsekuziozko lasterketa paranoikoen protagonista bihurtzen da.

M. Kunderak zioen moduan, maitasuna ez da sexu-desioan soilik nabarmentzen, norbaiten ondoan lo egiteko desioan ere bai, eta horregatik dago kondenatuta bikote hau asteetan bananduta lo egitera. Irtenbidea, nobelan adierazten denez, senarraren erabaki tragikoan egongo da, eta berau iradokitzeko misé en abime *teknikaren adibide ditugun kontakizunez baliatzen da narratzailea. Funtzio iragarle hori lukete, hortaz, dominan aurkitutako ilebiloa Gustave Doré-ren (164) grabatua azaltzen den orrialdean gordetzeak edo Hanbreko jubilatuek infidelitatea konpontzeko (201) ematen dizkioten gomendioek. Protagonistari alferrikakoa izango zaio sexu-harreman desiozkoez galdutako emaztearen “jabegoa” berreskuratzen saiatzea. Berdin generrake Bioleta gaztearekin —sexu-fantasia guztien batura kontsidera daitekeenarekin— dituen harremanez, hauetan, bere grinak asetzeaz gain, oraindik “gauza” dela frogatzen baitio bere buruari. Telefono kabinako eskenan azaltzen den “Macho de Guerlain” (132) iragarkiak ongi baino hobeki irudikatzen digu protagonistaren ustezko errealitatea.

Azken batean, gezurra badirudi ere, Florarekiko desioa “debekuzkotzat, intzestuosotzat” jotzen du protagonistak (84), bere iloba datekeen Bioletarekikoa ez bezala. Bikotearen arteko harremanen gainbeheratzea bistakoa denean, eskuragarriagoa izango zaio intzestuaren adierazgarri den Bioletarengana hurbiltzea emaztearengana baino. Horixe baita pertsonaia gazte honek nobelan irudikatzen duena: desioa, debekua eta amildegiaren amaieran dagoen heriotza. Misterio edo fantasiazko narrazio askotan bezala, argazki baten azterketak erakutsiko dio, heriotzaren ikurra lepoan daramaten emakumeak debekatutako desioaren ikurrak direla.

Seguraski, amaieran bere buruaren biktima suertatzen den senar honek ezin du aitortu bere emaztea beharrezko zaiola bizitzen segitzeko, bere burua erabat ez suntsitzeko, eta Florak egindako aukera (Mollyk bezala, senarrarekin geratzea erabakitzen baitu), sinestezina iruditzen zaio. Saizarbitoriaren aurreko bi nobeletan bezala hemen ere agertzen zaigun J. J. Lasa psikiatrak dioen moduan (136), larrialdietan fabulazioara jotzeko joera baitauka protagonista honek. Baina fabulak (literaturak) arriskurik ez duen bitartean, bizitzak bai. Horregatik da hain erakargarria nobela hau, bizitzaz eta bere amildegiez hitz egiten digulako.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak