« Bidez bide | Poesia 80ko hamarkadan »
Borroka galduetatik gatoz / Urtzi Urrutikoetxea / Susa, 1997
Gazte indarraz, gasolinazko poemak Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1997-11-29
“Borroka galduetatik gatoz eta traidoreen gezurrezko bakea baino ez dugu ezagutu”, dio Urtzi Urrutikoetxea bilbotarrak bere estreinako liburuan. Min egiten dute gazte honen hitzek, eta horregatik Urrutikoetxearena ez dute gogoratuko euskal poesian 90eko hamarkadako liburu garrantzitsuenetako bat bezala. Oraindik ere, erantzuna jakin arren “zuek zer zarete lehenago, poetak ala demokratak?” galdetuko luketen kritikoak ditugula dakigun bitartean, Urrutikoetxearen liburuak egurra jasoko duela aurrera dezakegu hanka sartzeko arrisku handirik gabe. Demokratak baino lehen poetak diren horien hitzek bakarrik salbatuko dute Urrutikoetxea. Gainontzean, inork gutxik aipatuko du bilbotar gaztearen poesia. Literatura, hizkuntzaren erabilera, poesia, forma, indarra eta abar ahaztu eta mezua madarikatu ezinean zenbait lerro idatziko dituzte betikoek, gehienez ere liburua bere horretan deskribatuz.
Askoz gehiago da, ordea, Urrutikoetxearen lan hau. Lehen poeman zera aitortzen du: “Bizikleta egongelan aparkatuta daukat / bila datozkidanean bizkor errefuxiatu ahal izateko”, eta hortik aurrera euskal gaztediaren isla zuzena da orrialde bakoitza, beste inork azaldu gabeko ausardiaz idatzia. Poema liburua osatzen duten lau atalen izenburuei begiratu besterik ez dago: Sei botila huts, Botilen etiketak, Botila bat gasolina eta Azken koktelak, hurrenez hurren. Lur hauetan bakea prostituta garestia den ziurtasunaz idatzi ditu poema hauek Urrutikoetxeak.
“Gure eskuetako gasolina usainak / ez du inoren konprentsiorik erdietsiko”, diote poema baten lehen lerroek; aurrerago “Heroiak iparrean daude. Eta hegoan. Eta Sarajevon. / Baina hemen heroiak aspaldi desagertu ziren / hodi katodikoen labirintoan galdurik. / Munduan zehar barreiaturik daude heroiak / eta ez hemen. / Hemen gu eta besteak bakarrik gaude. / Gerizaren eta gasolinaren umeak bakarrik gaude” jarraitzeko. Euskal gazteriaren indarra nabari da antzeko poema askotan, eta zenbait lerro erabateko gerra parteak dira, betiere poesia bihurtuak: “Eta ohituegi gaude etsaiaren tiro hotsetara / eTa lau harri eta gasolina litro pare bat / etA zure trikitien zain gaude eta armak behar ditugu. / Gure kotizazioa goitik dabil eta gure litro erdik / bederatzi milimetrok eta bostehun kilok beste balio du”.
Bere herriaren egoera eta bere belaunaldiaren egunerokotasuna islatu ditu santutxuarrak hirurogei poema hauetan. Amodioa, eta tarteka erotismoa, lotu zaizkio borroka galduen kantuari eta, osagaiak botila berean nahastuz, bidaia atsegina eskaini digu Urrutikoetxeak euskal gazteriaren erroetatik zein institutu eta unibertsitateko gela, taberna eta Irlandako kaleetatik. Indartsu iritsi da gazte hau, arrastoa urteko moduan. Batzuek, lehen ere esan dugu, ez dute onartuko Urrutikoetxearen bizitasuna, indarra eta ekarpena. Baina hogei urte besterik ez dituen honek zer pentsatua eman eta isiltzera kondenatu behar lituzke adin horrekin poesia argitaratzea disparate handia iruditzen zaiela esan dutenak. Izan ere, inork gutxik bezala hitz egin du Urrutikoetxeak liburu honetan. Autokritika eskatzen zuen Izagirrek bere azken poema bilduman, eta ez oinazearen mistika. Poesia arriskutsua zela zioen liburu bereko beste orrialde batean, “orratzaren zuhurtzia baino bortitzagoa”.
Hau guztia biltzen du Urrutikoetxearen liburuak: poesia arriskutsua, orratzaren zuhurtzia baino bortitzagoa; eta oinazearen mistikaren ordez, autokritika, hogei urteko gazteak egina, beste batzuek bizitza guztian horrelakorik egiteko ausardiarik oraindik erakutsi ez dutenean. Lehen liburuan ezin diogu gehiago eskatu Urrutikoetxeari. Kritikariek ezean, euskal literaturak jakingo du egile hau non kokatu. Eta zenbait, beude prest santutxuarrak hurrengo koktelak prestatzen dituenerako. Gasolinak ohi duen indarraz erreko baititu hainbat liburu.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro