kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Haur besoetakoa / Jon Mirande / Kriselu-Lur, 1970

Oraindik ere “Haur besoetakoa”-z Itxaro Borda / Hegats, 2004-12

Azken urteotan agerian biderkatzen diren pedofilia-afera ugariek eraman behar gintuzkete Jon Mirande jatorri zuberotarreko izkiriatzaileak 1959. urtean idatzi zuen Haur Besoetakoa nobelaren berriz irakurtzera. Haurrekiko amodioaren elementu likitsak oro kausitzen dira lan honetan, baina hau fikzioa da eta obraren sortzaileak testuan zehar frankotan adierazten duen eran sinbolo bat. Erran nezake, urrunago ikusiko dugun maneran, metafora bat dela. HaurBesotakoa Nabokov-en Lolitarekin konparatu da anitzetan, alde handiak nabaritzen dira hargatik bi nobelen artean: Lolita, Theresa baino ekileagoa da eta bere destinoa eskuetan atxikia du fermuki. Haur Besoetakoa aspaldi irakurri nuen eta halako disgustu batekin geratu nintzen bururatzean. Neure lagunek ez zuten aise jasaten (patitzen) liburuan emazteek pairatzen duten tratamenduaren kontaera. Artikulu honen ontzeko berriz ekin diot leitzeari, behialako gohaindura bazterturik. Aitortzekoa dut liburuko bost kapituluak ura bezala edan ditudala, istorioan gurutzatzen diren pertsonaiak beren traketsean hunkigarriak direla eta azkenean, nobela hau azaleko blasfema guztien azpitik filosofiaz moralista dela, elitista eta faxista. Eta, Haur Besoetakoa erromantizismo totalitarioaren altzoan koka genezakeen nobela balitz? Zergatik ez azpimarra goraki Jon Mirandek Parisetik euskara batuaren lehen muskilak lora araziz izkiriatzen duela, bere hizkuntzan zuberotarraren aieruak nabaritzen zaizkion bitartean. Idazkera-mota hori soila eta funtzionala da, garai hartarako jadanik arraroa, euskaradun guztiek ulertzeko modukoa. Hizkuntza izan daiteke, istorioaren haria baino agian, Jon Mirandek euskarari egin zion oparia: mintzaira eraginkorra, sotila. Gabriel Aresti, Lur argitaletxean publikatu zenean egin zuen aitzin-solasean ez zen engainatu, nobela hau euskara-mailan, 1970 inguruko urteetako gure literaturaren berrizaleen uhin berean sartu baitzuen: “Miranderi eskerrak, lizarditasunetik herritar eskolara hirugarren bide bat zabaldu zaio euskal literaturari: Lasa neba-arrebak, Peilhen, Harzabal eta Sarasola lekuko.” Mirandek ez zuen bere lanaren zabalkundearen eta famaren ezagupena dastatu, ezen ordukoz bere buruaz beste eginik baitzen Parisen, 1972ko Eguberri batez.

Pertsonaiak aipa ditzagun behinik behin. Izenik gabeko narratzailea harrapatzen dugu, berrogei bat urte ditu eta emetzear doan haurra ukitzen hasi eta sei egunen buruan ezkontzekoa da, eskualdeko andere ponpox batekin. Therese hamaika udaberritako neskatxa da beraz, gizon zohituaren amodioaren helburu, eta gaztetasuna ihes doakiola sentitzen duen arau, mirail amilgarri. Isabela, ezkongaia, emazte aberats eta konbentzioen errespetatzailea da, gizonaren jendarte arruntarekiko lotura bakarra irudiz gurasoak hil eta hauen etxera aterbetzera etorriz geroztik. Etxea itsas bazterreko notableohien gaztelu antzekoa da, sehi edo neskame batekin. Atso adinduak gizonaren familiakideak leial eta fidelki zerbitzatu ditu, deus erran gabe, nahiz eta aldion, bere ikusmolde mutua ager arazten duen, alegia Isabelarekiko ezkontza begi onez dakusala eta garatzen segitzen duen Theresa eta narratzailearen arteko harremana erabat alderantziz. Haur Besoetakoa giro hertsi eta itogarri horretan hedatzen da, eskandaluak premiazkoa duen kartzela ilun batean, hots. Gizona alkoholikoa da. Edatea patologia latza zaio, Isabelen konkistatzeko saihesten saiatzen den arren. Gurasoak istripuz zendu zitzaizkionean Theresa etxera ekartzea erabaki duen narratzaileak, gauez ferekatzera eta musukatzera joan aurretik vodka ausarki irentsi behar du, Schuberten “amaitu gabeko” sinfonia entzunez. Theresa itxuraz lo-gailuz emokatua, ez da ohartzen gizonak egiten dizkion laztan ahalkegarrietaz, ahalketuena narratzailea delarik noski. Honen urratsetan faltsukeria, maltzurkeria eta ezkutukeria agerikoak dira: alkoholiko nazkagarriak ongiaren eta gaizkiaren mugen jakimena galdu du, horditzearen erruz. Egoera horrek higuina hazten du irakurlearen baitan, Theresa konplize isila dela baimentzen duen arte. Alabaina neskatxak ez ditu erremedioak hartzen. Gizonak uste du, ilusioan baitirau, mundua tronpatzen duela, baina ez zerbitzari zaharra eta are gutxiago Isabela ez dira petzero: badakite edo behintzat susmatzen dute. Jon Mirandek darabilen hizkuntza zehatza jartzen du nobelan zehar emendatzen doan jokoaren menpe. Haur Besoetakoa-n herrak eta bazterrekobizi-ildoak neurriak baino haratago urratzeko desira hilkorrak kutsatzen du gizona, hain garbia lehiatzen duen neskatxarekiko maitasunagatik. Bolada berdinean gizon erdibituak gordea eta denen ikusgarri izatea xede du, maitatua eta bertan hastiatua, lege sozialak hautsiz neskatxaz jabetzea, eta Isabelarekin ezkonduz, ingurunean indarrean dauden normak errespetatzea. Pertsonaien arteko harremanak bikoitzak, anizkoitzak? eta nahasiak dira; bistakoa denez Jim Morrisonek abesten zuen bezala, inor ez da honetarik sano aterako!

Bi gauza dakizkigu Jon Mirandetaz: batetik pentsamenduz, hori hala deitzen ahal bada, biziki hurbil zela nazien ideologiatik. Eta bestetik, egun guztiak funtzionario gisa higatu zituela, honek arduradun zein maila apaleko chef de service (zerbitzuburu) delakoekiko jende-esklabutza zerbait dakarrelarik. Haur Besoetakoa ez daiteke izan nobela autobiografikoa, eta balitz ere, bost axola, baina segur aski bi elementu horien aldeko zein kontrako erreakzioz izkiriatu hostoak ditugu eskupean, liburua errealitate dorpearen mendekuz ekoitzia bailitzan. Erantsiz, denboraren ihes debaldeak gizonarengan sortzen duen melankolia ikaragarria. Hor dauzkagu, Mirande nobela honen izkiriatzera bultzatu zuketen hiru itzal garrantzitsuenak.

Haur Besoetakoa nobela azpatu egiten du maisu-esklabo lotura sadomasokistaren ingumak. Gizonaren etxeko emazteekiko harremana gisa horretakoa da: Isabela eta sehiarekin argiki menpekeria zitala da, mesprezuz eta gorrotoz josia. Sehia kanporatzen du eta Isabela, zakur ernaria bailitzan, odoleraino jotzen. Doako biolentziak zurkaizten du pertsonaia horiekiko jauntxokeria. Biolentzia berdina zuzentzen die aberatsei (burges handikoiak/Isabel) eta pobreei (proletaria kontrola-ezina/sehia) gizona bestelakoa delako, aristokrata bat, esteta bat lehen kapituluan dioenez. Bitxi da hargatik nola bai Isabelarengandik eta bai sehiarengandik gaztigatuko lukeen oldar bortitza espero duen, biolentzia zinezko bezain zilegizkoa dela berarekiko segurtatzeko. Baina biak desagertzen dira buru-makur, gizona bere sentimendu hutsalen aurrean, hobendun eta bekatoros abandonatuz. Barneko biolentziarekin jokatuko lukeen ume sufritu eta herabearen antzera dabil nobela honetako narratzailea.

Theresarekin daukan maisu-esklabo haria ezberdina da, hein batean baikorragoa. Theresa walkiria txikia jostailua du, maisu lehiakorrak haren orotariko irakasle bilakatu nahi du, kanpoalde zikinaren aztaparretarik neskatxa gatibatuz. Emeki-emeki eskolan edo karrikan neskak zeuzkan ezagunak ezabatzen dira, jabe bakarra gizona daukala onartzera heltzen den arte. Laster nagusiaren pentsua txertatzen zaio haragian. Narratzailea irakasle bakun bilakatzen da, Theresa amodio debekaturen desafioak akuilaturik behar bada ikasle ona delarik, perestua, umila, apaletsia. Hautatua izan den gizonaren betekizuna gizarte arruntaz oraindik kutsatu gabe dagoen neskatxen heztea daiteke, hala nola aitzinetik aukeratutako populazio zapaldu eta ezjakinekiko den aristokrata faxistena. Hauek diziplinaz zorrotzak eta estetak izan behar dute, musika zainarta maite “musika goibel bat entzun nahi zuen, ez latin-errietakoa inola ere, Alemania edo Rusiakoa baizik” baitio nonbait, eta bortizkeria baliatzeko ez uzkur. Haur Besoetakoa eleberrian edozein egitura totalitario eta faxista zurkaitzen duen paranoia kausitzen da, intentzio txarreko gizarteak gizonari walkiria txikia eta zoriona ebatsiko diolako beldur-izua hain zuzen. Halaz barrakia itsua eraikitzen du Theresaren inguruan, leihorik gabeko harresi astuna. Aldi berean, etxea hustu eta, aipaturiko zoriona, parada militarrak zinominokatuz erakusten du, neskatxa jatetxera eta teatrora eramaten baitu, agerkeria edo exhibizionismo larrutuaz paranoiak baldintzatzen dion gordekeria zurkaiztuz. Jeloskeria eta sentimenduekiko xantaiak hondarrean nahitarako baztertze urguilutsu honen baliabide eraginkorrak dira. Gizonak bahitzen du neskatxa, kapritxoen meneko, errespetatuko duela errepikatzen dion arren. Theresa ondorioz zehargi bihurtzen da herionahikunderaino: kontrolatzen eta desiratzen ez dituen korronteen gauza.

Haur Besoetakoa-n azaltzen den Gaztedi Lurra amets idatzitako nobela franko irakur daiteke, Kolaborazioaren garaian Drieu La Rochelle bezalako izkiriatzaileen eskutik onduak. Alde horretarik pixka bat berandu dabil Mirande, baina beste aldetik bigarren mundugerla ondoko ohituren askatze mugimenduaren partaide dela erran dezakegu, erkaketa-neurriak bereziki zainduz Bataille eta Genet-en sailetik adibidez, zuberotarraren kasuan hargatik, garaikoa ez eta gaur nekez jasan daitekeen nazismoaren nostalgiaz beterik. Nobela osoan irakur daiteke gizarte normalaren gorroto erraldoia.

Usu salatzen du idazleak jendarte motelegia, trufa gorakoiez bezainbat mehatxu gisa. Itsas hegiko hiri horretako biztanleek bere amodioa hauts eta ebats diezaiokete noiz nahi, familiakoek barne, ezen Theresaren osaba bat baitatorkio bila, neskatxa berriz bide onean jartzeko asmoz. Mehatxu horren aurka, aterabide bat baizik ez da, herioa. Hiltzean bikoteak Gaztedi Lurra erdietsiko du; han denborak ez dizkie gehiago sentimenduak erraustuko. Mito indoeuropar hau kultura eta erlijio ugariren oinarrietan aurkitzen da: betikotasunaren ohoreak herioan dauzka bermeak. Gaztedi Lurra birjintasunaren eremua ere da. Garbitasunarena, gizarteak gizon kurkuilatuaren eta neska emazte egin gabearen arteko maitasuna gaitzetsiagatik. Gaztedi Lurrean indar kultua, estetikoa da lehen. Haur Besoetakoa-n ez da bortxaketa fisikorik, ukitze lizunak salbu, eta bortxaketa, neskaren izpirituaren jabetza erraldoian datza.

Harritu nau, bukatzeko zenbait aldiz, bizpahirutan menturaz, Mirandek izkiriatzen duen hau guztia sinbolo bat dela, amodiozko istorio horren eskandalua bururaino eroateko kemenik ez bailuan: “simbolo bat baizik ez zela ulertuko ahal zuen Theresak.” Zeren sinboloa bestela, ez baldin bada bere gizartean euskal idazlearena? Alabaina badakigu zuberotarrak nola pairatu zuen hemengo kulturakraten bekaizgoa eta nobelaren irakurketa berria egin dezakegu zirrikitu horretarik, ene ustez, testuak daukan blasfema-usaia kendu gabe. Neskatxa euskara eta euskal herria izan daiteke eta gizona, jendarte malgu eta axolagabearen aztaparretarik biak salbatzen saiatzen dena. Eta Haur Besoetakoa, nehor maite ez duen eta bere dohainaz segur den euskal idazlearen ipuina balitz? Bukaera patetikoa da. Theresa hiltzen da eta gizonak bizirik dirau, kontzientzia txarrak eta errukeriak barruak larrutzen dizkiola. Gaztedi Lurrak lehia dauka baina ez da ausartzen ametsa egiaztatzera neskatxarekin batera: ez ote du nahikoa kuraiarik horretarako? Beranduago obratuko du, beste behin bere istorioa tindalari misteriotsu bati kontu ondoan, erakutsi behar baitu sakrifizioa ez dela debalde izan. Haur Besoetakoa ez da alabaina Eric Segalen Love Story, ez da ere Nabokov-en Lolita, hain ederki zinemaratu zuen Kubrickena begiko, Lolita azkenean ezkontzen baita, gizarte normalera ihes eginik. Hogei urteren buruan, berriz irakurri dut Haur Besoetakoa. Orduan baino goragale gutxiagorekin. Huts egite triste eta hits baten aitortza dator Miranderen hitzen atzealdean eta horrek inarrosten nau. Liburuko pertsonaiek ez dute libertatea ezagutzen, ez diote askatasunik bata besteari eskaintzen. Libertate eremu bakarra literatura dela dateke obra honen erakaspenetarik bat, moral faxistazalea ahanzten baldin bada (baina nola ahantz dezakegu hori?). Dena dela Euskal Herriak bizitu duen mende-erdi baten lekuko zehatz eta harrigarri moduan, hor daukagu oraindik ere, gogoeta-gai Miranderen Haur Besoetakoa.

2004-08-20 Baiona.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak