kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Pololoak, poxpoliñen lurriña / Patxi Gallego / Elkar, 2004

“Jatorrismoa” eta beste gaitz euskaldun batzuk Ibon Egaña / Berria, 2004-12-04

Komikia literatura ote den, komikia literatur generotzat har ote daitekeen, hara lehen zalantza pizten zaiona bati literatur kritikari eskainitako orri honetara Pololoak. Poxpoliñen lurriña ekartzean. Eta komikiaz deus handirik ez dakien bati (lerrook sinatzen ditudan honi, alegia) zilegia ote zaion komikiaz jardutea, hara bigarren zalantza. Lehen galderari dagokionez, komikia literatur generotzat hartzea hura murriztea ez ote den nago, ez baita hutsean literatura; literatura eta irudiaren uztartze bat, bat-egite horretatik sortzen den lengoaia berri bat baizik. Baina lan honek, komikia ez ezik narrazioa ere biltzen du, eta hurbil dago alderdi askotatik ohiz literatura deritzogunetik.

Ez du idazletzat bere burua Patxi Gallegok, etiketa arranditsuegia, puztuegia agian nork bere buruari ezartzeko, idazlea-rena. Egileak ez omen du literatura egin nahi izan Pololoak. Poxpoliñen lurriña osatzerakoan. Xabinaitor super-heroiaren abenturak komikitan ematea zen bere asmoa, baina, ia oharkabean, narratiba idazten aurkitu du bere burua, istorioaren hariak, kontatu gogo zuenak hartara eramanda. Eta pozten gara, irakurle moduan, Gallegoren ustekabeko desbideratze horretaz, izan ere, idazlea ez izateko ondoegi mugitu baita literaturaren uretan gipuzkoarra. Narratibaz emandako pasarteak freskoegi, biziegi, sinesgarriegi, landuegi begitantzen zaizkigu idazle ez den norbaitek idatziak izateko. Euskal literaturan, eta batez ere, gazteek egindako literaturan faltan sumatzen dugun zirikatzeko gogoa, malezia punttua, ironia eta malaletxea erruz aurkitu ditugu Gallegoren lanean, eta estimatzekoa da.

Sabino Lizuniaga Xabinaitor super-heroi bilakatu aurreko denbora eman du narrazioz Gallegok, ilustrazio eta bineta zenbaitez hornituta bada ere, eta komikia super-heroiaren balentriak kontatzeko baliatu du. Irakurle honi atal horiexek, super-heroiaren abenturen inguruko komiki laburrak, iruditu zaizkio liburuko ahulenak. Ur epeleko artzaina, Xabinaitor eta Segada Bilbaon, Xabinaitorren hiru abenturak antzekoegiak, anekdotikoegiak, lauegiak dira, hasiera-garapen-amaiera eskema berdintsuegiari jarraituz eginak.

Ez zen, baina, Gallegoren asmoa Xabinaitorren abentura liluragarriekin irakurlea aho-zabalik uztea. Bestelakoa zen asmoa eta bestelakoa liburuaren funtsa eta lorpena. Geure zilborrari begira (“munduaren zentroa bagina”) bizi garen euskaldunoi geronen buruaz barre eginaraztea izan da Gallegoren xedea, eta hori behintzat, barre edo, gutxienez, irribarre eginaraztea lortu ez duenik ezin esan. Klixeez, topikoez eta estereotipoez baliatzen da Gallego, ironia erabiliz, haiez barre egiteko. Iban Zalduari entzuna da ironia sarkasmotik bereizten duena ironiak objetuarekiko duen afektibitatea dela, sarkasmoak ez duena. Eta Gallegok hurbilekoa duen horrekiko, berea duen horrekiko distantzia bat markatzeko darabil ironia, fin erabili ere.

Ironiaz baliaturik, parodia bat da hasi eta buka Pololoak. Poxpoliñen lurriña. Hamaika norabide eta modutan egindako parodia. Lehenik, super-heroi tradizionalen gainean egindako parodia da Xabinaitor pertsonaia bera. Baina, batez ere, Euskal Herriko eta euskaldunoi buruzko topikoak erabili eta parodiatzen ditu egileak: ligatzeko ezintasun kronikoa, folklorismorako eta jatorrismorako joera obsesiboa, ezker nahiz eskuineko abertzaleen iruditeria eta estetika… Estereotipoak erabili ditu Gallegok horretarako: baxkitak, borrokillak, peneuvistak… Umorea erabiliz, ironiatik bada ere euskalduntasunaren eta abertzaketasunaren inguruan sortu den euskaldun jatorra-ren arketipoaren kritika ere bada liburu hau, euskalduntasun horretatik ihes egin nahi bat, Xabinaitor eta Karine pertsonaietan gorpuztua. Ez dakit aski den pertsonaia batekin identifikazioa lortzea, haren iritziekin bat etortzea liburu baten kalitatea edo efektibitatea epaitzeko. Hor nonbait entzuna dut hori irakurle eskasek, bigarren mailakoek egiten duten zerbait dela, identifikazioa bilatzea. Nolanahi ere den, nik neuk hurbil sentitu dut Karine pertsonaia eta neure egin dut bere jatorrismoarekiko kritika eta asperdura, eta horrexek bakarrik barkagarri egiten dizkit liburuaren gainerako ahuleziak. Hori bai, identifikazioarena arras kontu pertsonal eta intransferiblea dela, zalantzarik ez.

Euskal erreferente kulturalak, geuregandik hurbilenekoak erabiliz (Oteiza, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Anari…) umorea, fina eta efektiboa, egin daitekeela erakusten dio Gallegoren liburuak horretaz zalantzak zituenari. Eta geure buruaz barre egitea beharrezkoa bezain sanoa dela. Ez du Xabinaitorrek euskal literatura gaitz guztietatik salbatuko, baina aire berri bafada bat, umorea eta freskotasuna, behintzat, ez zaizkio falta. Gutxi da?

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak