« Por la senda de la poesía vasca | Bide barrijak »
Elerti euskaldunaren zuzenbidea / (Liburu zehatzik ez)
Elerti euskaldunaren zuzenbidea Irigoyen'dar Txomin / Euskal Esnalea, 1931-05
Euskal-elertia aurtzaroan dago, ta ondo azi, zaindu ta erakusteko ama bear du. —Grezia’ko elerti zarra izango litzake beretzat amarik onena—. Bere ardurapean ederki gizonduko litzake euskal-elertia, orregatik jatorritasuna galdu gabe.
Euskal-zaletasuna bizitasunik aundienean dago: olerkiak eta gañerako elerti-gai guziak indartzen ari dira. Gure elertia aspaldikoa da, baña indar asko gabekoa. Bere sortueran gaizki zaindu zutelako, bazterreratu zutelako, orain arte aul-aula egon da, naiz noiz-beinka bere barrengo suaren garrak bat edo besteren biotzak berotu izan.
Aspaldikoa da, bañan ez da oraindik zartu: ezetasun biguña dauka oraindikan bere zañetako odolean. Euskal-elertia oraindik zezendu genezake, bada, ta zuzendu bear degu. ¿Zein da, ordea, guretzako biderik egokiena?
Bi elerti-garai
Elerti guzietan bi elerti-garai zenbatu genezazke: aurtzarokoa ta gizontasunekoa. Aurreneko garaia geienean bi edo iru zatitan betetzen da: bigarrena zati jakiñetan ezin sartu da berari ondoena deritzazkion bazterretatik ibilli oi da-ta.
Gure elertia lenbaitlen gizatasunera irixtea nai genduke, baña askoren ixtillua ori izaten da: ogei ta amar urte izan nai ta lenago zazpigarrenetik igaro bearra. Ikastolara juan bear ez ba-luteke mutil koskorrak, ¡aien poza! Baña, ¡zer egingo diogu!: aurrena beti aurrenekoa izaten da.
Gure elertia, aurtzaroan
Gure elertia aurtzaroan dagoela uste degu, ta ez guk bakarrik. Aizkeneko olerki-jaian orixe bera esan zuan gai oietan edozein ez dan jaun batek. Egia da: Euskalerrian olerkiak eta olerkariak bai-dira ta batzuek oraingoz oso jatorrak. ¿Baña ondorendik etorriko zaizkigunak obeak izango diranaren itxaropenik zeñek ez dauka? Orduan oraingoakgatik agian esango dute —agian, berriz, orrenbesteraño ez— Horazio’k bere aurrekoakgatik idatzi zuana: Saturnius numerus horridus: “¡Aienak bai olerki zakarrak, Jesus!”
Bada euskal-elertia aurtzaroan bai-dago, bakoitzari berea emanaz, aurra bezela bizi bear duala diogu.
¿Zeñek ez du ikusi Euskalerriko ama maitale bat bere semetxoari gerronduan oyal-zapi bat lotuta, parrez-parrez eskuak erabilliaz dabillen semetxo kutun orri, ttapa-ttapa txutik ibiltzen erakusten?
¿Zeñek ez du ikusi andik bi edo iru illabetera semetxo ori bera, orma baten onduan utzi-ta, amarengana balantzaka, erorka bat edo beste agian egiñaz, zaletua dijoala?
¿Eta zeñek ez du ikusi mutil koskor polit bat baztarrik-baztar dabillena, naiz txori kabi billa zugaitz gañetan, naiz belardietan bera amilka, ta bere ama leiotik edo ataritik ausartegia ez izateko ojuka ari zaiola?
Garai onetaraño gutxienez amaren laguntza bear du aurrak edo mutil koskorrak; gero gizondutzen danean, nai duana egiteko azkatasuna edukiko dualako, bide okerrari jarraitzen ba-dio, bere erruz izango da, naiz bere ama samintasunez betea egon, seme biurri bat izan dualako.
Ondo nai zuten elerti gazte guziak auxen egin zuten, elertien kondairan azaldutzen dan bezela, eta gureak ere auxe bera egin bear du: aurrena amaren eskutik ibilli; au da, bere amatzat autatu duan elertiko gaiak euskeratu ta aietan ondo eta aal-dan guzia ikasi —vertere—; gero bakarrik, balantzaka bai-da ere, amarengana joaten ikasi; au da, elerti-amaren olerki ta gañerako idaztien antzekoak egokiena egiten bera ere saiatu —imitari—; gero pixka bat sendotutzen danean, asi liteke gure elertia amagandik (pixka bat) aldendutzen, baña poliki, oraindikan ere amaren ingurua eta bere esanak entzun eta egiñaz ibiltzea izango du onena-ta –percurrere.
Urrengoa gizontasuneko malla da-ta, orduan izango da bere buruaren jabe, eta iñor baño sakonago izan bear du gure elertiak, “euskeraren azkatasuna izango da-ta Euskalerriko azkatasunaren oinarria” –liberari.
Euskeraren elerti-ama
Ondo azi, zaindu ta erakutsiko dion elerti-ama baten bearrean dago, bada, euskera. Eta eginkizun oiek ondoena beteko dituena Grezia’ko elerti zarra degu, eta au berexi bear degu onenaren billa baldin-ba-gabiltza, eta ala ibilli bear degu. Iñungo elertiak izan ez dituzten gauzetatik bat au izan du elerti onek: jaiotzetik bikaiña izatea.
Elerti au degu ludi guziko berdiñena, errazena, nagusiena, mamitsuena; itz batean: onena. Beste guziak baño zenbatez obeagoa dan azaltzeko, orri-alde asko ta asko bearko lirake. Elerti egoki onetatik beste guzietara, txara illun bateko pago galant batetik txillar zimel batera aña bai-dijoala esango genduke.
Errazena dala ere esan det. Bai-dakit, ordea, guk japonesa aña jakingo dutela askok eta oiei etzaie erraza danik ere irudituko. ¿Zer egingo diegu, ordea? Griegoz danak jakitea ez da bearrezkoa.
Euskalerrian bai-dira, ordea, bear dan aña griegoz dakitenak: oiek elerti orretako gaiak egoki-egoki euskeratu bitzate, danak edo geienak edo askok, beintzat, esker onak emango dizkategu-ta.
Baño bai negargarria dala euskaldun batzuek egin dutena egitea: euskaldunak izan eta gai oiek berak gazteleratu egin dituzte, euskeratu bearrean. Badakit oraingoz gai oiek gazteleratzea errazxeagoa dala. Eta gure ama euskerak lan pixka bat geixeago egitea eskatzen digulako, ¿gaztelera edo beste izkuntza bateri emango al-dizkiogu gure lanaren sariak egiazko gure Amari beste irabazbide ta aintza betikoa kenduaz?
Onelakorik egiten duanari ez dio barkatuko Jaungoikoak, ez.
¿Zer da? Semeentzat bear duan dirutza uskeri batean galdutzeak gizon bateri barrena ziñez naigabetu ta aztuntzen bai-dio, diru guztiak baño geiago maite bear degun euskera galduta -era onetan laguntzen ez bai-diogu poliki-poliki galduko bai-zaigu- gure ama euskera galduta ¿ez al-zaizkigu barrenak aztunduko? Egiaz, gure semeai azken-orduan ez bai-diegu euskal-elertia ondo zaindua ta indar-berritua utzitzen, gure ondorengoak madarikatuko gaituzte ta Jaungoikoa’k berak ere ez digu barkatuko ta osoro ondo egiña izango degu.
Grezia’ko elerti zarra, bada, artu dezagun gure elerti-amatzat, eta berakin lan-ibilli-aldi oiek egin ditzagun: vertere, imitari, percurrere, liberari. Danak bereala egin bearrik ez dago. Aurrenekotik asi, besteak ere etorriko zaizkigu-ta.
Olerki-gaietan ori egitea nai ta naiezkoa degu. Ipui aundi edo “nobela”tarako ere asko ikasi genezake Grezia’ko antziñako kondairetan. ¿Eta zertan ez?
Batek edo bestek esan lezake: “Latera ere ez da, ba, txarra onetarako”.
Egia, ez da txarra, baño bestea obea: Grezia’ko elertia, alegia. Ta irakasle onagoarekin geiago eta obekiago ikasten da, noski.
Nere iritzikoak ez diranak asko dira gaurko egunean: baño oiek oartu bitez elerti guziai pitxi jatorrenak “klasikoetatik” datorzkiotela, ta guri ere oietatik, ta batez ere Grezitarretatik, etortzea izango dala errazena.
¿Jatorritasuna kendu?
Norbaitek baliteke esatea: diozun bidea ederra da, baño jatorritasun (originalidad) guztia kenduko lioke gure elertiari.
¿Jatorritasun ori zer degu? ¿Iñork esan ez duana esatea? Ori bai-da, datorrela nai duan guztia olerki gaietaz egoki-egoki idaztera.
Ikusiko dezute: zerbait on baldin bai-du, lenago non edo an esana dagoela aurkituko du; gauza txar asko ere esanak izango lirake; baño berak sortutako danak osoro txarrak izango lirakela esan bearrik ez dago.
Etorriko litzaizkiguken oiek geienez ere gaztelar Gongora añakoak izango lirake onelako asmoak dituanarentzat ez da gutxi esatea—. ¿Ta zer egin zuan Gongora’k onelako gauza bat egiten asi zanean? ¡Iñoiz entzun dan txepelkeri aundiena baño aundiagoko bat! Beste oieri ere onelakoren bat gertatuko litzaioteke.
¿Lenago izandu ziran idazleetatik ezer ez artutzean ote dago egiazko jatorritasuna? Ez, ezin izan. Idazle pizkor ta burutsuenak nontsu arkitu zuten beren iturri emankoia oraingo azterkalari jakintsuak ikusi dutelako, ¿”arrazoiazko”? bidea ote litzake orain arte izandu duten aintza berexia oiei kendutzea? Ez, eta ez.
Bestela eunetatik larogei ta emeretzi ta erdi jatorritasun gabekotzat utzi bearko genituke. Goethe, Bousset, Shakespeare, Cervantes, Fray Luis de León, Dante, Virgilio, ta Homero bera ere bai, oien artean arkituko lirake. Besteak, zer esanik ez.
Eun osatzeko bear dan beste erdi artan sartu litezke Gongoraren Polifemo ta beste egille parragarri batzuen egintza parragarriagoko batzuek.
Entzun izan det, jaun batzuek Ingalaterra’n iñon ez bezelako “erlijio” bat sortu zutela, baña andikan laister oinperatu zuten danok parra galanki egiten ziotelako.
Erriak bere kementasuna ezagutzen duanean ez du gauza berririk ikusi ere nai izaten; indarrez sartu nai bai-dizkiote, berriz, gutxiago. Grezia’ko erriak bere aaltasuna zenbaterañokoa zan bai-zekien eta Homero’ren idaztietako orrietan zerbait berritua edo alde txarrera jarria edo bere buruz sortua zala nabaitu bai-zuan, ez zion egin zion arrera ona egingo. Egiaz, errian esaten ziran ipui ta esaerak pillatu ta olerkietan obetoago jarri “besterik” ez zuan egin Homero’k.
Oiek onela izanagatik, ¿zeñek esango du Homero jatorritsua ez dala?
Jaunari eskerrak, ordea, besteri zer edo zer artutzen ez dago jatorritasuna. Baña zerbait artu bear danean, txarrak utzita, gauza onak berextea izaten da zaillena. Ontan arreta aundiaz ibilli bear da, oso gutxirekin kalte aundia egin liteke-ta.
Norbaiteri au edo ura ez artutzean ez dago, bada, jatorritasuna.
Gauza guzietako jatorritasuna, danontzako jarritako neurri berdiña baño geiago izatean dago. Idazti-gauzetan, berriz, esan liteke ontan dagoela: idatzi diran itzetan egillearen gogo bizia ezarri ta azalduazitzean.
Eta au egitea erreza danik ez uste izan. Idazle asko izaten dira gogorik ez dutenak; beste asko illa edo erdi-illa gutxienez dutenak, eta oiek, jakiña dago, beren idaztietan gogo bizirik ezin iñolaz ezarri.
Nola edo ala lau edo bost “arrasto” egin dituan margolaria ezin izan jatorritsua. Baño “arrasto” oiek berak, bakoitzari dagokion tokian jartzen bai-ditu, ta egin duan etxe edo idi pareari, alako ezin esan dan bizitasun bat ematen bai-dio, ez zalantzan egon, onelako au jatorritsua da-ta.
Askoren iritzia
Amaitzera noa.
Aal-bezela, zertan ez dagoen ta zertan dagoen egiazko jatorritasuna, ustez, erakutsi det. Eta esandako guztitik dator, euskal-elertiak Grezia’ko zarra bere amatzat artu-ta ere oso jatorritsua izan litekela. Berriz diot bat baño geiagorentzat —nere iritziaren aurka daudenentzat, alegia— elerti guziari klasiko’etatik etorri zaiotela beren betiko bizitza, iraunpena ta aintza dizdizlaria.
Eta guk, gure elertiari jatorritasun berdin-gabea eman nai bai-diogu euskaltasuna gure eskuetan artu ta estutuaz, bere odol bizia gure olerki ta idaztien gañera ixuri bear degu, gure elertia beste guziak baño jatorritsuago izan dedin.
Iñork ez dezala uste izan ordea, nik emen esan ditudan gauzak nere burutik atera ditudala, ez. Nererik ez da bat ere. Danak askok eta toki askotan esanak dira.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres