« Umore beltza baino harago | Ezpondetako pneuma »
Ilargia lekuko / Jesusmari Mendizabal / Erein, 1989
Kontrabandoaren kronika polifonikoa Josu Landa / Argia, 1990-02-18
Literatura erruralak euskaraz aspalditxotik izan ohi duen indarra eta arrakasta ulertzeko eta bere neurrian jartzeko, zenbait xehetasun eduki behar dira kontutan, guk uste: lehenik, herri honetako memoria historikoa baserri edo herri txiki giroan idatzi izan dela; bigarrenik, giro horretatik jasotako istorio-ondareak fikzionatzeko ahalmen txikia eskatzen diola idazleari; eta hirugarrenik, hizkuntz aldetikako korapilo asko eta asko tradizio bidez aldez aurretik konponduta daudela. Zertzelada horietaz eta horiek eskaintzen dituzten erraztasunez egin izan diren erabilera kaskarrak direla medio, nolabaiteko gainbehera heldu zaio azken aldian euskarazko literatura erruralari. Osasungarria, bestalde.
Jesusmari Mendizabalen “Ilargia lekuko” ipuin-bilduma goitik behera lotzen zaio arestian aipatutako jeneroari, eta gainbehera jeneriko horregatik ez balitz, merezimenduzko toki nabarmena eskuratzera letorke liburua. Kontrabandoa harrobi nagusi bezala hartuta, bilduma borobila burutu duelarik, alderdi ugari ditu Mendizabalenak bere alde.
Ekimen berezia antzematen zaio egileari garai bateko kontrabandisten izaera eta pentsamoldea bereganatzeari buruz. Hain kasta berezia den fronterizo jendearen muinera hurbiltze guztiz erakargarria burutu du Jesusmarik, pertsonaiak abenturero bezala aurkeztu gabe, heroismo erromantikoetatik urrun, kanpoko ikuspegi batek sortarazi ohi dituen joera moralizanteak erabat baztertuz. Halere, esan daiteke giroko jendearekiko sintonia horrek eraman duela Mendizabal pertsonaiak modu positiboegian agertzera, apenas maltzurkeriarik dagoen eta jende guztiak fideltasunik haundienarekin jokatzen du aldioro. Pertsonaiekin bat egitearen ondorio lortuenetakoa geografiak hartzen duen garrantzia litzateke: baserriak, soroak, basoak, errekak toponimia konplexu batez baliatu da egilea bere lanerako, baina tokiok ezagutzen ez dituenarentzat pisu eta nekagarri bihurtu gabe.
Mugalari eta gainerakoenganako hurbiltze saio horren ondorioz, erretratu polifoniko gisa datozkigu ipuinok. Batean mendiz mendiko akzioa izango da nagusi (“Apextegitik goitti”), bestean etxean zai dauden emakumeek hartzen dute protagonismoa (“Errekorte”), hurrengoan zelatariarena egiten duen atsoaren txanda izango da (“Bentaberriko amona Manula”)… Kontrabando mota desberdinek ere laguntzen lute ikuspegiaren aniztasun horretan: kotxe bidezkoa (“X jauna”), andreek txalupa bitartez egindakoa (“Peri-kitto”), edota lehorrean itsasuntzi zai burututakoa (“Errotako girixian”). Azken ipuina (“Justiz edo egiaren ipuina”), aldiz, guztiz kontestutik kanpo dagoela iruditu zaigu, bildumaren haritik landa, funtsik gabe, ipuinen izaerari buruzko printzipio deklarazioa egiteko ez bada.
Guztiz aipagarria da kontalariak hartzen duen ikuspegia. Konplejurik gabeko narratzaile klasikoa darabil, guztia dakiena eta pentsamendu guztien jabe dena. Kasu batzutan, klasikoa baino prehistorikoa dugu, ahozko narrazioetatik heredatutakoa, irakurlea partaide egin nahi duten horietakoa. Ipuinon indarra, beraz, ez datorkio narrazio tekniken lanketatik, gertakizunen lekukoek kontaketan erabiliko luketen ikuspegia ahalik eta fidelen ematetik baizik. Ikuspegia, eta hizkuntza. Hizkuntza bertakoena izan dadin berebiziko esfortzua jo bait du Jesusmari Mendizabalek, erritmo eta hizkera kuriosoak sortuz (nahiz eta ipuin bitan erantsi dituen hiztegiak zertara datorren batere ulertzen ez dugun).
Arrazoi guzti horiengatik pentsatzen dugu merezimenduzko toki nabarmena eskuratu duela Mendizabalek bilduma honekin. Asetzen duten horietakoa.
Azken hitza atariko solaserako gorde dugu. Liburu gutxitan izaten dira hitzaurreak aipagarri, eta liburu honetarako Joserra Garziak egin duena horrelakoa da. Irakurleentzat seko lagungarria gertatzeaz aparte, Joserrak bere ikuspegi eta interpretazio partikularra eskaintzeko ere baliatu du, eta bi elemenduok behar bezala uztartzea ez dugu liburugintzan egunerokoa.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez