kritiken hemeroteka

8.758 kritika

« | »

Ipuin arinak / Jabier Gorostiza / Labayru, 1989

Umore beltza baino harago Josu Landa / Argia, 1990-02-11

Literatur aldizkari eta taldeek betetzen duten zuzpertze eta ereite lana emaitza eskasekoa izaten da hastapenetan. Urte batzu behar izaten dira emaitza sendorik argitaratu ahal izan arte, eta horrek kutsatu ohi dio etsipena, maiz bakarkakoa izaten den asto-lanari. Etsigabe iraun duen talde horietako bat Labayrukoa dugu, eta “Idatz & Mintz” aldizkariaren bitartez burutu dute urtez urte azpilan horixe. Jabier Gorostizaren “Ipuin arinak” liburua ildo horretan lerratzen da, eta orain arte horretatik sortu den libururik aipagarriena da, gure ustez.

Hamabi ipuin laburrek osatzen lute liburua. Kasu batzutan izugarri laburrak dira, eta jakina da laburtasun horrek erraztu baino alde askotatik zaildu egiten duela narraziogintza. Idazlearen alderditik behintzat. Jabier Gorostizarengan ikusia dago jeneroa behar bezala menderatzen duela, eta horrelako ipuinek behar dituzten ezinbesteko ezaugarriak erabiltzen oso ongi dakiela: kokatzea eta girotzea lehenbiziko lerrotik bertatik hasi, gertakizunen eta gainerako elemendu narratiboen garapen gorakoa eta azkarra, aurrekoa borobilduko duen bukaera ezustekoa…

“Ipuin arinak” definiziopean bildu dira ipuinok, baina arintasun horri behingoz bere esanahi egokia egotziz. Arinak dira irakurtzen duenari begira, eta ez, gure artean sarritan ulertu izan den bezala, idazlearen ikuspegitik.

Aurreneko ipuin parea irakurtzea nahikoa da liburuko aurkezpenean esaten zaiguna frogatzeko: “narrazio beltzerako zaletasuna eta gauzak ironiaz azaltzeko joera argi agertuko jakuz”. Umore beltzeko bukaeren bidez ematen die buelta ipuin gehienei. Irakurlearenganako eragina bukaeren bidez bilatzeak azken buelta horrekin bete-betean asmatzea eskatzen du, eta egia esan ipuin pare batean ez du bestetan bezalako borobiltasunik lortzen (“Osaba Edison” eta “Zer egingo eukean berorrek”). Baina orohar, oso ongi burutzen ditu, “Inguratuta” eta “Lagun minak” izenekoak esate batera.

Baina Jabier Gorostizaren abilidadea ez da umore beltzaren esparruan agortzen. “Gowna” ipuinean bestelako estilo batean murgiltzeko saioa iragartzen digu, liburu bukaerako ipuin ederretan gauzatuko dena. Bukaerako umorearen ordez testuan zehar barreiatutako ironia erabiltzen du. Ipuin luzeagoak dira, baina laburrak bezain intentsoak. Dramatikotasuna kutsatzen ere maisu dela erakusten digu. Aipagarriak dira, ildo honetatik, “Florencia 1457” eta “Orestes gauean”.

Medikuntzarekiko zaletasuna ere argi dago liburuan, zaurituak, sendagaiak, hildakoak, izurriteak, etabar deskribatzeko orduan. Baina distantzia hartzen ere primeran daki Gorostizak. Garai eta leku erabat desberdinetan kokatzen ditu ipuinak, eta kasuan kasuko estiloa egokitzeko saioa egiten du (amodiozkoa, intrigazkoa, historikoa, judiziala, epikoa…). Ipuin pare batean egunerokotasunak ere bere arruntaren indarra erakusten du.

Barietate horrek esperimentazio kutsua eman diezaioke liburuari. Halere, ezin garbiago frogatzen du Jabierrek ipuinona baino arnas luzeagoko urratsak emateko gauza dela.

Baliteke hizkuntz ereduagatik edo argitaletxeari darizkion zertzeladak direla medio, hau bezalako literatura bazterrean gelditu izana. Aspaldi jo zuen horrelako prejuizioak hausteko orduak. Areago, honelako liburuak tartean direlarik.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak