kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Euskararen auziaz / Aita Luis Villasante / EFA, 1988

Euskararen auziaz Dabid Zuazalde / Argia, 1988-12-04

Honez gero zuetako gehientsuenok baduzue liburu honen berri, Villasanteri hainbat elkar hizketa egin bait dizkiote azken asteotan Euskal Herriko komunikabide gehientsuetan. Liburua “Luis de Elizalde” sailekoa da, egileak berak euskararen batasunaren inguruan zertutako bilduma horretako bederatzigarrena, eta oker ez bagaude sail horretako euskarazko lehena, sintaxiari, deklinabideari, hitz eratorpenari eta abarri buruzkoak erdaraz ezagutzen genizkion eta. Zalantzarik gabe poztekoa da aldaketa, orain artean hitzaurre eta halako lantxo laburretara mugatzen zen Villasanteren euskal prosa dotorea luzaz dastatu ahal izanen bait dugu.

Baliteke honetan ere huts egitea, baina uste dugu EFArekin argitaratzen ez duen bildumako lehena dela, orain artean Oñatiko frantziskotarren aipamena bait zetorren eta honakoan berriz Lizarrako inprimategiarena besterik ez. Baliteke EFAk liburu gehiago ez ateratzea, baina ez dakigu. Dena den, txikikeria horiek ez zaizkio gehiegi axola irakurleari.

Benetako garrantzia duena, jakina, euskaltzainburuaren eritziak ezagutzea da. Eta horretatik bada ugari liburu honetan. Asko ere asko esaten eta adierazten du Villasantek, eta ezinezkoa da, noski, guzti horiek hona laburbiltzea. Are ezinezkoago halako baieztapenen bat edo beste egoki iruditu ez zaigula eta, lerro guti batzuetan gure desadostasuna adieraztea. Zentzudunak dira Villasanteren eritzi gehienak; zenbaitekin ez gatoz bat, baina hori ere ez da harritzekoa auzitan dauden hainbeste gai aipatzen dituenez gero.

Euskaltzaindiako lehendakariaren bertute nagusia, eztabaida goriak pizten dituzten gaietan erakusten duen zentzuna litzateke. J.A. Irigaraik aurten kaleratu zuen liburuaren izenburua erabiliz, “orekaren mintzoa” dei geniezaioke. Ez da erraz berotzen gure frantziskotarra, eta hori eskertzekoa da, “epel” izatea beti eta edonorentzat dohai ez bada ere.

Hamabost kapitulutan zehar ikutzen dituen gaiak honokoak dira: burutik kendu beharreko irudipenak, premiarik premiazkoena: hitz egin, purismoaren alde ona eta txarra, tresnatasuna eta tresnakeria, euskararen hitzak, normalkuntza eta euskara idatziaren batasuna, Euskaltzaindia, prosazko tradizioa osatu beharra, elebitasuna, irakaskuntza, esaeren mundua, itzulpena, euskara eta euskalkiak, maileguzko hitzen istiluak, lexiko berrikuntzaren beharra.

Ikusten ahal denez, kapituluen artean ez dago halabeharrezko segida eta loturarik. Gai askeak dira, eta horietako bakoitzaren barnean hainbat puntu ezberdin jorratzen ditu, guzti-guztiak kapitulu hasierako laburpenean aipatu eta gero.

Liburuko gehienak hizkuntzalaritzazko gaiak dira, baina Villasanteren ikuspegia ez da zientifikoa; ez hertsiki behintzat. Ez da hori bere helburua ere. Linguistaren bat aipatzen du, baina ez doa Saussurez harantzago. Aita Villasanteren oinarria euskal bibliografia bera da, euskaldunek hizkuntzari buruz idatzi izan dutena, euskaraz nahiz erdaraz, eta hemen bai erakusten duela erreferentzia euskaldunen ezagutza zabala. Eta hala behar, euskaltzainburu den aldetik.

Tira bada: nahikoa luzatu gara, ezer gutxi esan ahal izan badugu ere. Aurrerantzean, Luis Villasantek hontaz eta hartaz zer pentsatzen duen jakin nahi duenak badaki nora jo. Eta ez zaio faltako zer ikasia.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak