« Neskazale gazte baten balentriak | Euskararen auziaz »
Narraztien mintzoa / Xabier Montoia / Susa, 1988
“Sugegorri, bandera urduri” Edorta Jimenez / Egin, 1988-12-01
Uda alderantz agertzen dira narraztiak eta Montoiaren Narraztien mintzoa hau ere udako sargoripean datorkigu. Narraztien gaitasuna da, baita, azalez aldatzea. Lehenago fotokopietan ezagutu dudan lan honek beste zerbat eragin dit Susa ren eskutik Joxean Muñozek sortu dion azalaz jantzita ikustean. Horregatik ote den ala zer, hobetsi egin dut liburua, ze aurreko Likantropo harekin nahiko liluratuta geratu nintzenez ni, zaila egin zait honetan datozen aldaketak onartzea. Irakurketaz irakurketa inposatu zait liburua; zaila denik esan gura gabe honek.
Diodan, hasteko, harako kritiko harek behin esaten zidana hura, poetak poetika behar duela eta liburuak trinkotasuna eta unitate legez osatuak behar zirela, egia baldin bada, poeta agertu zaigula Montoia oraingo honetan ere, baldintza biak betetzen bait ditu.
Lehen eta azken poema irakurri eta egitasmo argiaren eraginpean gauzaturiko lana denaz konturatzen gara. Gainera, liburuan zehar tonuari eusten jakin du idazleak, halako trinkotasuna emanez lanari. Trinkotasuna, jakina, ez datza tonu nahiz egitura hutsean. Bestelako faktore batek ere baldintzatzen du dena, poetikak alegia.
Liburua irekitzen duen poemaren izena “Poetika” da. Ez dago zalantzarik. Poetika du Montoiak, poema horretan adierazita ezezik liburuz liburu eta lerroz lerro landua; nahikotxo ausnartua, ze ez daude hasi berriaren “harrikada” liburuaren aurrean, bere berea duen bidea egiten ari den poetaren hirugarren lan argitaratuaren aurrean baino.
Leku edo zeregin berezia betetzen dute animaliek poetika horretan. Bestiario txikia osatu zuen Likantropo haretan eta beste bat osatu digu oraingoan ere, joera hori nondik datorkion argitzerik berak ere ez omen duelarik. Berdin digu. Efektiboa da animalien agerrera. Aurreragokoaren aldean badago aldaketarik baina. Tonu beltza aukeratu zuen bigarren liburuan Montoia, liburuko giroa ere literariogoa zen bitartean. Oraingoan, aldiz, tonu ironikoagora jo du, bestea zeharo baztertu barik aitzitik. Interlokutorea hurbilago dago oraingoan, berriketakoagoa da hizkera, liburuko orrialdeetan bitxi poetikoak aurkitzen badira ere, “sugegorri, bandera urduri”. Hala ere, ez du gorroto eta amurru ikutua galdu, ironia egilearentzat berarentzat ere terapeutikoagoa delakoan nagoen arren. Hortxe daude, lekuko, aurreragoko Montoia gogorarazten diguten poema laburrak Ohitura izenekoa, esaterako.
Labur ala luze esan, flasha ala kaina, poemaren fuuntzioaren arabera azter daiteke hor egiten den aukera. Ez dut kasualitatea denik uste; tonu aldaketari dagokion egokipena baino, poema luzeagoak idatzi ditu oraingoan, aurrera pausu ederra emanez. Poema luzeek lan itzela eskatzen dute eta, huts egitearen arriskutik hurbilago sortzen dira. Halakoen arkitektura musika pieza luzeena da, poemaren barne-loturak sendo eraikitzea eskatzen du, tentsioa galduko ez bada behintzat. Ez da apostu makala izan.
Apostua da baita Montoiak proposatzen dituen lexikoa eta irudiak. Animaliekin batera hortxe ageri zaizkigu androiedeak eta beste, esate baterako, kohete hori beste gehintsuak edo guztiak baino arinago datorrela erakutsiz. Bidaiarako hitzak ere aukeratuak dira, liburuz liburu lexiko zabalago, malguago eta kromatikoagoa erabiltzen du eta. Dena den, ez da nire zeregina halakoetan sartzea, gozatzea baino. Taxonomistak ditu museoak, betaurrekodun pizti honen autopsia egiteko, darion errai-erre usainak atzeraka eragin ezik halakoei. Nik neuk badut udarako euskal liburua.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi