kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Ajea du Urturik / Anjel Lertxundi / Etor, 1971

Ajea du Urturik Luis Haranburu Altuna / Zeruko Argia, 1971-10-10

“Das Wort entschlief, als jene Welt erwachte”, hots “Mundu hau iratzartzean, hitza loak hartzen du”. Krause-k, fazismoa pizten ari zen egunetan esan zituan hitz hauk; eta egun Lertxundik K. Krause-n esaerari buelta ematen dio eta esan lezake: “Hitza iratzartzean, mundu hau loak hartzen du”. Izan ere, honela hasten da Lertxundiren nobela: “Urak harrolez estalitako ametsetatik irtetzean…”. Halatsu hasi zuan Kafkak ere bere Itxura aldaketa, “Amets nahasi baten ondotik itzartzean…”. Kafkaren legez, Lertxundik benetako mundu baten aurrean jartzen gaitu, iratzarririk. Eta mundu hori benetakoa da, fikziozkoa delako. Hitz askatua esnatzean, eguneroko mundu hau loak harturik dakusagu, ametsa deritzagu.

Uraren ezkoa nabari daiteke, nobela guztiaren zehar. Haizeak eragindako ura, eta urezko zurrunbiloaren haizea. Ura eta haizea, agian ur soila da Urturiren ajea.

Baina ura zer da? Nor da ura? Ez noa ni, bederen, interpretazio bortitzik egitera. Interpretazio orok gauzen jatorria hertsi eta hosi egiten du. Ajea du Urturik irakurtzean tentazio bakarrak kilimatzen gaitu, interpretazioari ekitea. Baina bide hortatik abiatzea Lertxundiren obra endelegatzeko oztopo baizrk ez genduke. Errazkeria deritzat nobela honen sinbolismoari interpretazio elbarri bat eranstea. Obra, oso osorik hartu beharrezkoa dugu, bere horretan, itzala itzal bezala eta argia argiaren gisa. Sinbolismo honen argitzeari ekitea, bere esanahia agertuaz teologikoki ihartukitzea litzake. Sinboloak hor dautza, ez ditzagun bortxa, berez doakie izana eta esanahia.

Ajea du Urturiken ipuia, atxakia eta sobera arrunt dugu. “Armiarma sarea zabaldu zen lurralde haietan eta itsasoaren sabela lehertu eta ur handitzeak izan ziren. Urturi urpetu zen eta Urturiarrak anfibio bizitzari ekin zioten”, nobelaren aizken finean Ezkerra arrain bi!akatzen da. Hitz baten esateko hau da nobelaren haria: “Ura, aize eta denboraren poderion urturiarren bizikera irauldua izan zen”.

Ipui xelebre eta estrainio hau ardatz duela, burutu du Lertxundik bere obra. Nobelaren pertsonaiak sei dira ene aburuz: Atanasio, Mikolas, Ezekiel, Ezkerra, Miren eta Ura. Sei elemento hauekin osatzen du Lertxundik bere obraren egitura; eta sei pertsonaia hauen gain iasotzen du Urturingo mundu berezia.

Lertxundik dionez (Z.A. 423) literaturak, gizarte eta izadiarekiko gizonak dituan harremanak azaldu behar ditu. Bere bigarren obra honetan bi mota hauetako harremanak dakazki gure baitara. Harreman hoik, nola bait ere, honela ager daitezke eskematikoki:

(Ideol.) Atanasio; (Polit.) Mikolas; (Ekon.) Ezekiel <==> (Imajinazioa) Miren, Ezkerra.

Nobelaren egitura harreman bi hauen arauz estrukturaturik datza. Bi kontraesan nagusi nabari dira egitura honetan. Batetik, gizonen arteko kontraesana; Atanasio, Mikolas eta Ezekielek multzo bat osatzen dute eta Miren bere lagunak beste multzo bat. Bi multzo hauk elkarren kontra daude, herria tartean dutela. Beste kontradizio nagusia, gizonak urarekiko dituan harremanetan datza.

Egitura honen argitzea forma edo nobelaren azalari dagokiona da. Baina nobelaren funtsaz ezin genezake gisa berean joka. Zeren funtsa itzala da eta ezezaguna zaiku. Kolorezko itzal bat dugu obra honen sustraia. Cezanne edo Renoir margolarien marrazki baten antzera, obra honetan, gauzak ez dizkigu adierazten ez eta erakutsi ere, aitzitik gauzak “azaldu” egiten dizkigu. Horregatik diot Lertxundiren obra inmorala dela, ez baita han dogma edo egia orokorrik hausnartzen. Korronte batetan sarrarazten gaitu Lertxundik, eta korrente horri erotiko deritzat. Baina Ajea du Urturik, obra inmorala bada ere ba du etikarik, eta etika hori “itxaropenaren aizeetan datza. Urturin esnatzean URA dakusa, ohi ez duan mundu bat nabari du Urturik. Mundu berria. Mundu esnatua. Hitz esnatua (ikus Lertxundirena Z.A. 421).

“Literatura, blharko gizona prestatzen duan harma bat da” (Z.A. 423) Lertxundiren hitz hauetan datza, bere literaturagintzaren oinarria. Lertxundiri geroa zaio ardura. Baina geroa ezezaguna eta izkutua da; zientziak ezer guti esan dezake geroaz, batik bat gizonon geroaz. Ezagunetik hasi eta misterioan murgiltzea omen da literatura, eta abiadura hori egiteko imajinazioaren beharrean gara.

Imajinazioa da Lertxundik bere obraren zehar aztarrikarako erabili duan instrumentoa. Imajinazioa ezagupide bezala.

Errotua den gizarte molde (establishment) orok, gizonen arteko eta izadiarekiko harremanak erreprimiturik dauzka edo neurturik bederen. Harreman hoik, ohizkoak diran komunikazio bideetan aditzerat ematen dira. Komunikazio bide hoik, gizarte molde horren zerbitzuan eta menpean dautza. Zenbait errealismo, nola arteetan, hala literaturan gizarte molde errotuen euskarri eta sostengu dira. Nahiz eta inoiz errealismo hori (bortitzegia izatean) gizarte moldeen aurka matxinatu – Zola. Baina imajinaziozko sorketak eta fikziozko obrak dira, gehien batean, gizarte moldeak kolokan jartzen dituztenak, hainbat idazle aintzindariek (lehen Kafka, gero Brecht) beren obran fikziozko sorketez gizarte honen egiturak kritikatzen dituzte, Lertxundi da, lehenik Euskal Herrian, bere fikzio, sinbolo eta irudimenezko sorketaz Euskal gizarteak kritika larri bat egin duena.

Bere kritika (“kritika” hitza, ezagupide baten zentzunean hartzen dut) ondatzaile eta apurtzaile da, analitiko hain zuzen. Bere kritika ironiko da. Socrates ironiaz baliatzen zen egiaren bilaketan. Socrates-en ironia logika gisako tresna bat zen (hots, epistemologikoa). Halaber Lertxundik ironi xehe eta leunaz, bere obra guztra blaitzen du. Hunik arrats artean, bere lehen liburuan, nabarmena eta larria zen bere ironia. Orain, Ajea du Urturik obran, ironi berrura tipiagoa eta mehagoa da, ez da ia sumatzen. Bere bigarren obra honetan, ironia, fikzioan bertan datza. Fikzioa kontestalari eta iraultzaile ba da, bere indar hori ironiatik datorkio. Ironia dela eta fikzioa kritika bilakatzen da. Lertxundirengan, asmaketa soila kontraste kritiko bilakatzen da.

Ajea du Urturik fikzio kritiko da beraz. Eta kritika hori apurtzaile dugu, baina zati ondatu hori beste “zerbaiten” gai dira. Ironia erditzaile da (Socrates-ek “maieutikoa” deritza). Eta hondakin horetatik itsasten da itxaropen berri bat. Geroaren urratsa.

Geroaren urratsean datza obra honen alderdi utopikoa. Imajinazioak beste “gero” bat du proiekto. Eta proiekto hori politiko da. Ikuspegi politiko honetatik Lertxundiren obrari so eginaz gero, zenbait lan soziolojiko baino politikogoa dela jabetzen gara. Ez zen hain eroa Parisko Sorbonaren hormetan “imajinazio boterera” idatzi zuan hura. Marcuse-k, zenbait realista sovietarri egiten dien kritika hemendikan dabil. Eta hildo hontako landarea dugu, ene ustez, Lertxundiren obra.

Aurkezten ari garen liburuan URA arazo da. URA natura egozkor bat da. Finean Ezkerrak, arrain bilakaturik, uretara jotzen du. Uretan arrain izanaz lortzen du bere askatasuna, bere arazoen soluzionea. Urturriarrek bi erten bide dituzte (besterik dira Ezekiel eta Mikolasen proiektoak): ur gartz hura edan eta beren atzekabearen jatorria agortu ala arrain bilakatu. Egoera bikoitz hau tragikoa da. Eta trajedi grekoen gisara “katarsis” garbitzaile bat eskatzen du. Guztitara ere, Lertxundik iraultza baten atarian jartzen gaitu. Aukera bortitz baten aurrean.

Gauzek beren artean antza bat ba dute. Idelaren eitea antz horren agerpide izatea da. Mendebaleko literaturaren zehar eboluzio bat dakusagu antz bilaketa honi buruz, XVI eta XVIIgn gizaldietako literatur “klasikoetan” gauzen arteko antza logikoki ardazten zen. Adibidez, Atsularren sinonimoak logikaren arauz loturik daude, berak esaten duanean: “Hain ongi lot, uzkal, eta amarra ahal…”. Baina Lertxundik esaten duanean: “egun zoragarri hura eguzki, estreptomizina eta zigarro zitzaion…” imaginaziozko lotura bat osatzen du. Lertxundiren imajinaziozko loturak aldrebesak zenbait aldiz, kontraesanak besteetan eta “desegokiak” gehienetan, irudimenaren arauz osatuak dira. Lertxundik, gisa honetako loturaz ezkontzen ditu izadiaren eta gauzen arteko harreman kontraesankorrak.

Izadia, Ura dugu Anjelen obran. Eta uraren altzo dudagarri eta kezkatian igari dabiltz gauzak eta gizonak. Urak krisia dakar. Krisi hori kritikoa da, ezaguerarat garamazkiana. Ezezagunatik misterioara eta handik sinboloaren bidez ezaguera berri bat ematen dauku Lertxundik. Ezaguera kritiko hontatik datorke gure sinismen eta jakintzen krisia eta instantzi kritikoa. Beraz, diot, Ajea du Urturik, gure egungo jakintza hertsi eta erreprimituen kritika dela.

Aurkezpen honen finean, neure egiten ditut M. Foucault-en hitzak: “Hain motza da gure adimena, hain hertsia gure askatasuna, eta hain motela gure hitza… gure azpian datzan ilunpe hau, edan beharrezko itsaso bat dela ohartzen gara”. Lertxundi ohi den lojikazko arauen kontra altxa da, hitz deserrotu batez gizonaren, izadiaren expresio sakona erdituaz.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak