kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Euskal literaturaren historia / Ibon Sarasola / Lur, 1971

Euskal literatura eta soziologia (I) Ibon Sarasolari Joxe Azurmendi / Zeruko Argia, 1971-10-24

Oraingo hontan, mugatu beharrez, literatur azterketaren alde soziologikoari bakar-bakarrik lotuko natzaiok, hire liburuaren irakurpenak sortzen dituen balio literarioari buruzko problemak alde batera utzita. […]

Apaltasuna gauza oso ederra duk. Eta hik heure liburua […] antzean juzgatzea zuhurtasuna eta apaltasuna duk. Hire partez ni harrotuko nauk, hire liburuarekin guztiok dugula harrotzeko haina ziorik uste diat-eta: hire liburua, oro har, akatsak eta hutsuneak edukirik ere, osotara abiada ez baino 1964eko belaunaldiak lortu duen lehenengo sintesia duk. Kritikoen aldetik merezi izan duen harrerak berak ez ote horixe erakusten, apika? Hasierakoa ez baina nolabaiteko akabera probisionaleko lana iruditzen zaidak hire historia, hortakoz. (Abia lanetako pioneroak, euskal literatur kritikari sukaldekeriari gain-harraraziz merezimenduz bete direnak lehenagokoren batzuk dituk). Hirea urra-lan haiek baino geroago zetorrek eta gorago zegok beharrik. Halako gehiago eduki bagendu errazago izango zela hire lana, horixe besterik ez nian esan nahi monografien falta ohartarazten nuenean, hire liburuak falta hori ere berak bete behar izan baitu. Beharko dituk monografiak eta eraskinak oraindik, baina denboraldi batetarakoan hirearen osagarri eta gehigarri bakarrik izango direla uste diat. Hots, hire erizpideekin izan beharko dik. Eta niretzat horixe duk inportanteena: jadanik metodo bat ba diagu, ez azkenik hik heuk paratuta. Nik neuk ere osagarri izateko ustez, baina heure erizpideak erabiliaz egingo diat ohar sarta hau.

Zeren-eta hire liburua funtsean —ta horregatixe ezin diat abia lantzat eduki— Euskal Herrian azkeneko boladan sartutako ideien eta Europako ala Ameriketako erizpide gaurtiarrenen, literatur kritika egiteko jardupide modernoen maneran zegok. Beraz, abiadak franko gaindituta utzi dituk. Kritikoren batzuek aitzindariaren ohoreak aitortu dizkiate. Baina nik ere, baina zentzun hontan: novum hire liburuan, nik uste, ez duk ikusgune hau ala hura, bakar harturik, eta bai 1) gutxi asko ezagunak ziren baina sakabanaturik erabiltzen ziren ikusguneak bateratu eta ikusguneon bildumarekin metodo bat osatu izana, eta 2) metodo honen baliagarritasuna euskal literatura osoa azterkatuz probatu eta erakutsi izana. Alde biotatik novum printzipiozko eta praktiko. Nik behintzat hire liburua prozeso errekasto asko elkartuz agertu den ibai antzeko aurkitu baitut, azken urteotako (eta kritikan baina produzioan, zinez) hamaika lehia ta saioren frutu gisa, ez eremu errean bat-batean irtendako iturburu bezala. Liburuak, liburuak osoan merezi didan judizioa hori izanik, nire begietan inportanteena horixe duk.

Hurrengo lanak hire liburua hik heuk (abioaren ustearekin) uste duala dirudien hainean superatu behar baldin badik, nik neure ustea esango diat: kostako duk makina bat. Halare osatuko duen lana beharrezko izango duk. Monografiekin osatu, batik bat.

Baina hori baino garrantzizkoago nik hau ikusten diat: metodoa bera borobildu, zalutu, garbitu, trebatu beharra. Ikuspegi soziologikoaren aurka egon ez inolaz ere, ezta inola santa ere ezin egon ninteke, oso alde negok eta ondo erabilita ikusi nahi nikek.

Literatur kritika eta soziologia

Literatur kritikan soziologiaz baliatzea nahiko zaharra duk, bai, baina ez diat uste “modaz pasata” dagoenik. Bai zera! Estrukturalismoak ere bere premia agiriago jarri dik. Prolema, soziologia nola erabiltzean ikusten diat nik, eta honekin batera, literatur soziologia bereziari orokorrarekin ematen zaion loturan. Konforme, gai luzeegiak dituk hauk astekari batetarako, baina besterik ez zedukagu. Xehetasun bat halare egin nezaiake: soziologiak kultur azalpen oro ekonomiari atxiki-atxikita uste zuelako literaturan produzio hartuemanen batzuen diztira edo aparra besterik ezin bilatu zuen eta literatura guztia baldintza ekonomikoekin argitu nahi zuen kritika moldea mende honetantxe esperimentatu izan duk. Astakeria hori bai, pasata zegok. Hik “soziologikeria” hori onartzen ez duala jakiteko aski duk or. 10-eko oin-ohar 1 irakurtzea. Printzipialki hori. Baina, hire jardupideari erizkera haien kutsurik nabari ez ote zaion? Ez negok inola ere hain seguro.

“Literaturatik at dauden” euskal literaturaren zerikusi soziologiko inportanteenak, hire historiaren arabera, hirurok ziruditek:

1) Kleroak, literatur produzioan parte hartzailerik ugariena ta inportanteena bezala, literaturaren sujeto soziologikoa mugatzekoan;

2) Ekonomiak: literatura lapurtarraren beherapenean (23), gipuzkoarraren goraitean (26), industriatzearen eragindura giro aldarazlea 64-eko hazaldiaren agerpena esplikatzeko (81), irakurleria berriaren sorrera ere industriatzearekin esplikatzen duk (83), etc. Or. 58-an proletargoaren berri estadistiko ematen duk eta hori, nola ez, dato ekonomikoa duk. (“Produzio indarretako lehen-lehenengoa proletarioa bera da”: K. Marx). Hik hire liburuan “dato ekonomiko bakar bat” ez dagoela osteratzea Jaungoikoa baino misterio haundiagoa egiten zaidak bene-benetan. Proletargo horrek ez zuela esistitzen euskal literaturarentzat demostratu nahi omen huen. Hori ikusita nedukean. Bi modutara demostratzen duala ere bai. Batekoz, euskal idazieek gaitzeritzi besterik egiten ez ziotelako, ta gertakaria honen euskal literaturan eskurik hartu ez zuelako, ta niri hontan berriz oraindik ere motzagoak iruditu esplikazioak! Ala Barojak-eta erderaz idatzi “behar” izan zutenik demostratzeraino ailegatu ote haiz? Alde biak batera hartu beharko lirakeala uste diat;

3) Politikak: nik uste or. 81 ta hurrengoetan lerro artean irakurri behar dela. Zehaztasun haunditan sartu nahi ez izatea konprenitzen diat. Eragipen politikoari hire liburuak ez ziok behar baina, begiratzen, nire ustez, eta hori besteengatik ere esan bait zitekek (liburua ttikia duk), beste faktoreak proportzioan ere askoz hobe irten direla esango alegia. Faktore politikoa 1901-1964 arteko literaturan zegok gehienik. Eragin horrek literaturaren kalitateari mesede gehiegirik egin ez zionik zeinek uka egunotan? Kritika hori Mitxelenak, Villasantek, Txillardegik eta beste milak egina zegok, eta kritikarik konbentzigarriena, egunotako praktika bera duk. Beraz, hire jokabideari hemen ere dagiodan kritika ez duk zer egiteari, nola egiteari buruzko baizik.

Guztitara soziologiazko azter-aldea sakontasun konbentzigarririk gabe kausitu dudala huen nire kritika ta hona adibide bi muestratarako. Liburuko lehenengo Autore biak:

Etxepare

Etxepare: Autore honengana “estrukturalismo genetikoz” hurbiltzea (ik. L. Goldmann, EI método estructuralista genético en historia de la literatura) guztiz interesgarria litzakek, baina ez negok ziur oraingoz posible ote den, inoiz izango ote dugunik ere. Poeta honen dualismoa (fedea mundua) aipatzen duk eta beronen oinarri soziologikoa feudalismoaren eta burgesiaren arteko burrukan ezarri. Hori nahiko harrigarri duk lenengotik, zeren-eta dualismo hori gaurtik hasi ta Jesukristo baino urte asko lehenago arte (Ovidio, etc.) hedatzen baita. Dualismo hori katolizismoari —protestanteei ez bezala— berezko baitzaiok (S. Agustin). Gerrarekin edo krisi sozialen batekin batera beti atzera indarberritzen baita (esistentzialismoa). Etxepareren garaian Eliza guztia dualismo horrexek urraturik bait zegoan, eta Euskal Herri politikoa gudurainoko interes dualismoan etenda (Etxepareren gartzela). Guzti hau hik dioan burruka hartara biltzerik ba ote zegok? Ba zirudidak, bada, Etxepareren ariurria, egoera erlijiosoa, zorte politikoa ta soziala (haundikitatik gartzelara), denak agiri direla dualismoan, eta denak daudela bere poesian kontraespilaturik. Sozial-ekonomiazkoari, aldiz, feudalismoaren eta burgesiaren arteko burrukari alegia, beste ezeri baino lausoago antzeman lezaiokek bere poesian, zuzen banago. Presondegitik ere ez dik absolutismoaren kontrako kexurik agertzen, bai lagun gaiztoen, zortearen eta edozeren kontrakoak. Dualismo sozial-ekonomikoaren seinaleak, egotekotan, bestelako dualismoren batzuk estalita zeudek inondik ere. Ta guzti honengatixe, hain zuzen, hire baieztapenak azalpenen bat merezi zian, esakune hutsetan ez gelditzeko.

Burgesiarekin idekotzeko abstrahikuntza asko behar duk, eta batez ere, Eliz Hierarkiako kargudun eta Gortean ez sartu-irtenik gabeko bati, Etxepare halakoxea izanik, ezaugarri errenazentista tipikoak hauteman eta haien arrazoia klase burruka hartan aurkitzeko datoak behar lirake. Munduaren sentimentu pagano hori, adibidez, burgesia ta jaun feudalak hasarretu aurrekoa duk, eta beste inorena baino Aita Santuenago (Elizarenago). Hik ere, beste askorekin, Errenazimenduan plantatzen duk Etxepare. Erantsi duan xehetasun hori egiztatu egin duanik ez diat uste. Beraz izana erabili baino izena esanagorik ikusten diat nik hemen soziologia. Eta beharbada ez zedukagu gehiago zorrozterik ere, dato gehiago eduki arte behinik behin. Etxepare bakar-bakarrik baitzegok eta gizon baten soziologiarik ez zegok. Etxepare soziologialki epaitzeko bere ingurunea azterkatu behar, beraz. Eta hik egindakoa aski ote duk?

Leizarraga

“Betirako hertsia izan zen ate zabal bat”. Fenomeno honen esplikazio soziologikoa kontrarreformaren intolerantziak zirudik (or. 15). Beste dato soziologikorik ez, nafar merkatariek La Rochellen zuten etxearena ezpada. Ate her-[…]

Non zegok hik aipatzen dean dualismoaren giro hortako berezitasunen aztarnarik? Agian haragiaren, fortunaren begirune positibotan hiretzat. Hori Errenazimenduaren gauza tipiko duk, ordea. Feudalismoarena ez, burgesiarena (gogora puritanismoa) denik ezin besterik gabe esan zitekek: burgesia Eliza feudalistaren aurkako burrukari lotu zitzaionean haragiari uko eginez izan huan. Frantzian, esaterako, katoliko feudalistek dotorezia izugarria zerabiltean soinekoetan (barrokoa fenomeno “katolikoa” izanen duk); hugenotak, aldiz, apal-apal eta txit austero jantzita. Kapitulo hontan Etxeparek ba dik Errenazimenduarekin (Petrarca, Bocaccio ala Julio II della Rovere) nahiko esplikaziorik, garai hortakoxe Euskal Herrian hik dioan burruka hori nola zegoen azaltzen ez den artean batik bat. Hik dioan burruka horrek Etxepareren Euskal Herrirako zenbait balio duen ez diat ondo ikusten, ez bait zekiat hemen zenbaterainoko burgesiarik egon zitekean ta norainoko eragindurarekin.

Burgesia aipatzeari, garai hortarako batik bat, eragipen magikorik ez zaiok falta, baina aisa falta zaiok zehaztasuna. Florentziara ala Flandesera, Nurenbergera ala Baionara begiratu, eskierki burgesia oso gauza ezberdina ta konplesoa duk. Errenazentistak teari bai, baina Leizarraga fenomeno literarioari berari ez diok hik azalpen soziologikorik ematen. Halare, hartu Biblia itzultzaile protestante guztiak, eta gure Leizarraga ia bakarrik zegok bere joera kulteranoan: beste denak hik hain zuzen Leizarragaren kontrast Axularrena derizkioan “bide herrikoiago ta humilagotik” zohaztek. Areago, hik humanistekin elkartzen duk Leizarraga ta kostako zaik Lutero edo Calvinorekin horixe bera egitea. Zerbait gertatu duk hor. Bitxitasun horrek ez ote dik esplikazioren bat behar? Zer izan huan euskal protestantismoa? Leizarragaren euskerak ez ote dizkik Gortearen ekanduak, euskal merkatalgoa eta nobleziarenak, euskal aiton-semeen interesak Gortearen begiz-begi edo-ta hoen goraite politiko ta abertzalea ere kontraespilatzen? Nolatan duk beste inor ez eta Leizarraga kulterano?

Aroaz azterkatzeko beharrezko samar dizkiagu noski eskema orokorrak, aroak nolabait ulertzeko bide gisa. Baina soziologian arrisku haundia zegok eskema jenerala gero kaso partikularrari aisa aplikatzeko, bide bat zenak (eskemak) helburu antzean bukatzen duelarik. Bistan zegok azterpideak erraztu ordez zehaztasunak jeneralidadean urtu egiten direla horrekin, azterketa azterkaiarentzako etiketaren bat bilatzera labur-laburtuz. Barrutiaren “Gabonetako Ikuskizunari” buruz hik osteratzen didaana benetan harrigarri duk: ez dakigula idazlearen izenik eta ez urte zehatzik, eta “estudio soziologikoa ezinezkoa dela”. Hori, ordea, kronikarako ta kronologiarako, gehienik ere azterketa sikologikorako litzake inportante; soziologikorako, ostera, Mondragoen, zein garai ingurutan, idazten ez zekien norbaitek, Gabon festetarako, etc. egina, izatea askoz argigarriago duk, berriz ere gizon bakarren baten soziologiarik egin behar ez baldin badiagu behinik behin.


* * *

Bildur bait naiz hire soziologiazko jardupideen beste failo bat horixe ez ote den, Autore zaharrez aritzekoan behintzat: pertsonen, pertsonen, Autoreen soziologia-edo egin nahi izatea, literatur soziologiaren hastapenetako huts ezaguna hori ere. Roland Barthesez oroitu behar (Essays critiques eta Critique et vérité): “Soziologiarekin eginez gero bakarrik da literatur kondairarik posible hots, ekintzetaz eta erakundeetaz axolatzen denean, eta ez gizabanakoez… Honela gizabanako bezala gainditu egiten duen erakunde mailako ekintza batetan parte hartuz begiratzen zaio idazleari… Orain arte guk ezagun izan dugun literatur kondairaren arazoa, hortakoz, sustrai-sustraitiko aldakuntza lortzekoa da, Errege kronikak idaztetik kondaira zentzu zuzenean idaztera iragatean egin zen bezalakoxe aldakuntza. Ez du ezer laguntzen gure literatur kronikak osagarri historiko gehiagoren batzuz betetzeak, oraindik argitaratu izan gabeko iturriren batez ala beste biografia xeheagoz: egin beharrezkoa hesiak bota ta (literatur kondairaren) gaia aldrebes jartzea da. Amputer la littérature de l’individu!”. Ez diat nik hau erabat onartzen (honezkero Barthesek berak ere seguraski ez, Picardekin-eta izandako istiluen ondoren), baina pasarte honen ondoren hik niri “modaz pasatakoari” buruz gomendaturikoa atzera bueltatzen diat: “lehendabizi metodoaren abantailaz baliatu behar duk (…), hau egin ondoren baztertu behar baitugu teknika hau, eta ez lehenago…”.

Horixe, baliatu egin behar duk, eta zehatz-zehatz egin ere. (Jarraitzeko)

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak