kritiken hemeroteka

8.573 kritika

« | »

Ipuin hautatuak / Jorge Luis Borges (Juan Garzia) / Ibaizabal, 1999

Borges euskaraz Jon Alonso / Euskaldunon Egunkaria, 2000-01-22

Ez da lan makala, gero, Euskadi Saria eraman ez ezik, Itzulist itzultzaile jendea biltzen duen zerrendako heroiaren lana kritikatzen jartzea. Horregatik, hasi baino lehen esango dut Borgesen Ipuin hautatuak-en itzulpena, orokorrean, oso ona iruditu zaidala. Eta horrekin dena esanda dago. Kontu batzuk gaineratu beharko ditut, hala ere, neure burua justifikatzeko baino ez bada ere.

Lehen kontua da ohartaraztea oraindik ere badabilela hortik zehar hainbat jende, franko gainera, Borges jatorrizko hizkuntzan irakurtzen ahal dugunez (euskaldun gehienok), “Borges euskaraz zertarako” galdetzen duena. Arduragabekeria handiaren seinale ote den, edo norberaren gaitasun eza edo nagikeria ezkutatzeko argudioa ote den, ez jakin nik. Borgesek gazteleraz eskaintzen duen eredua eta prosa moldea gaizki etorriko al zaigu, ba? Itzulisten irakurria izango da, agian, baina oso oker ez banago, norberaren diskurtsoa besteren ekarriaz osatzen, mamitzen, aberasten, elikatzen da; hori hala bada, ez al zaigu mende honetako idazle nabarmen eta handiaren erreferentzia —euskaraz— interesatzen? Alferrik da honetaz gehiago jardutea.

Kritika hau egiteko, Garziak euskaratu duen liburua irakurri ez ezik, nire Borgeszaletasunaren ikur diren ipuinetako batzuen —hiru, zehatz esateko: Traidorearen eta heroiaren gaia, Banatuz doazen bidexken jardina eta Hegoaldea— jatorrizko eta euskaratutako bertsioak eta arkatza ere eskuan ditudala ibili naiz. Lan hori eginda, nire ondorioak hauek dira. Lehena, itzulpenaren bertuterik onena dela Garziak lortu duela Borgesen prosaren estiloaren mailako euskal prosa, gaur egun hau posible den neurrian; itzulpenak, uneoro, gazteleraz ezagutzen dugun Borgesen oihartzuna dakar. Horregatik esan dut hasieran itzulpen ona dela, hain zuzen ere.

Larderiazkoa

Niri Borgesen prosa beti iruditu zait dirdaitsua, eruditoa, ezinago betea, zirrikiturik gabea, dotorea. Eta larderiazkoa. Larderiazkoa esaten dudala zer esan nahi dudan zehaztuko dut: Borgesek esaten duelarik, hainbatgarren orrian, “Ez ulertua izateko modu bat da loria, menturaz okerrena”, edo eta “Ryan-ek susmoa du etorkizunean norbaitek egia atzeman zezan tartekatu zituela egileak” (Shakespearengandik harturiko pasarteak), irakurleak loria ez ulertua izateko modurik okerrena dela eta pasarteok egileak norbaitek egia atzeman zezan tartekatu zituela sinetsi beste erremediorik ez duela. Garziaren Borges Borges da, alegia.

Besterik da itzultzaileak nola jokatu duen hori lortzeko. Aitortuko dut hasierako irakurketa-alderaketa axalekoan despistatu nintzela. Hau da, lerro gutxiren buruan “hezetasuna” eta “ezkotasuna” ikustea gaztelerazko jatorrizko “humedad” bakarraren ordez, euskaraz ohikoa ez den “damaigu” bat jatorrizkoan guztiz arrunta den esaldi batean… eta holako batzuk topatzeak apur bat harritu ninduen. Azterketa arretatsuagoak konbentzitu nau itzultzaileak arrazoiak dituela horrelakoak egiteko, batzuetan egiten duen bezala. Hau da, itzulpena orpoz orpo jarraikitzen zaio jatorrizkoari hamarretatik bederatzian; baina hondar batean nolabaiteko mekanismo konpensatzailea ageri da. Eta hortaz, batzuetan “antzemangaitzago” soil bat da “inextricables y heterogéneos”en itzulpena, “morrosko”k balio du “muchachote” eta “compadrito”ren ordez… Baina horrelakoetan egon litekeen galera edo maila-jaistea beste hainbatetan konpentsatzen da, perifrasia jori erabiliz edo adizkiak dotore jokatuz (“liburu bat zeinean azken orrialdea lehendabizikoaren berdina lizen” “un volumen cuya última página fuera idéntica a la primera”ren ordez, “sinologo izatera iristeko ahalegina saiatu aurretik” “antes de aspirar a sinólogo”-ren ordez…). Garziak bere buruari aitortzen dion askatasun mailak ez du testuaren oreka apurtzen, ez du inoiz zuhurtziak agintzen duena gainditzen; eta, aitzitik, esan daiteke testuak, nahibezelakotasun puntu onargarri horrekin, irabazi egiten duela, interpretazio hertsiegi batek gainera liezaiokeen zurruntasunetik askatuz eta elkortasuna saihestuz; bestalde, interpretazio estuegiak emango ez liokeen aberastasuna lortzen laguntzeko ahaleginean, ez dira gutxi Juan Garziak eskaintzen dituen aurkikuntzak, bai testuaren berrantolaketa sintaktikoan (inoiz ere oso bortxatua ematen ez duena, bestalde,eta askotxotan dotore gelditzen dena: “gizon hori, ordea, estatua bat bezalako gogorra zen”, “…mundua deus ez litzaiokeen jainko halako bat irudi…”) baita lexikoan ere (“hondabera”, “bihozbera”, “oharkabezia”, “alboirudi”…).

Hainbeste bertuteren ondoan, hiru ipuinotan, nire ustez interpretazioaren aldetik zalantzazkoa iruditu zaidan esaldi bat eta itzultzaileak jan-ahaztu duen beste bat (“lo imaginé inviolado y perfecto en la cumbre secreta de una montaña”) baizik ez dut aurkitu, alderdi negatiboan.

Gustuz, sen literarioz eta baliabide linguistiko zein tekniko ugariz egindako itzulpena, beraz.

Azken kritikak

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Askatasun haizea
Javier Buces

Irati Majuelo

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ibon Egaña

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Aiora Sampedro

Meditazioak
John Donne

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak