kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Etxepare porno / Luis Fernandez / Alberdania, 1998

Zibernetika euskalduntzeko metodoa Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1998-11-21

Guri bezala, bati baino gehiagori harridura eta irakurketari ekiteko gogoa sortuko zion liburu honen izenburuak: Etxepare porno. Euskarazko lehen liburu inprimatuaren egilearen testu erotikoak aztertu ote ditu oraingoan Luis Fernandezek? Kazetari eibartarraren abilezia eta ironia ezagututa, ezerk ez gaitu harritzen, eta, beraz, zergatik ez Etxepare pornoaren kontuak irakurri? Izenburua, ordea, amarru txiki bat da. Ez du zerikusirik Etxepareren bertso erotikoekin. Ez.

Idazleak berak argitzen du liburuaren lehen hitzetan izenburuaren nondik-norakoa:”Ez du inork gogoratuko. Ez du Etxepareren osperik izango, inondik ere. Joan Mari Torrealdaik ez du aintzat hartuko Euskal Kultura Bihar edo Etzi idazten duenean. Baina nik badakit, Lingua Vasconum Primitiae haren mailako mugarri bat dela Goigoiñoei maittea-maittea euskararen historian. Gutenberg galaxian Bernat Etxepare guretzat goizeko izarra izan zen bezala, ziberrespazioko aro berri honetako lehenbiziko supernova distiratsua Vicente Gil de Paules pornografoa izan da”.

Fernandezek argitzen duenez, “Goigoiñoen ipuin hori, pornografia hutsa alegia, izan da ziberrespazioan, Interneten, modu digital hutsean paperean baino lehenago euskaraz argitaratu den lehendabiziko literatur lana. Iruñeko sexshop batek jarri zuen online, erran nahi baita Interneten, kontaktuen sekzioaren eta kontsoladore salmentaren artean”. Horra, beraz, izenburuaren nondik-norakoa argitua. Luis Fernandezen liburua, euskararen eta Interneten arteko harremanaren gogoeta da, eta ez Etxepareren bertsogintzaren alderdi erotikoari buruzko azterketa. Liburuak, ordea, ez gaitu inondik ere axolagabe utzi. Lehen orrietatik dario gaiarekiko interesa irakurleari kutsatzeko ahalmena. Eta ez nolanahikoa, gainera.

Hiru atal ditu liburuak. Lehen biak, Etxepare porno eta Dozen erdi tximino idazmakinan jo ta sua izenekoak, iruditu zaizkigu guri interesgarrienak. Interneten oso trebatuak ez garenentzako ere, liburu arras interesgarria da. Hizkuntzen eta kulturen etorkizuna ziberrespazioan dago, eta euskaldunok bertan dugun lekuaz gogoeta egiten du Fernandezek.”Badugu jada Etxepare porno bat. Baina apenas dugun beste ezer. Biluzik gaude, eta oraingoan ez da pornografia, ez erotismoa eta ez nudismoa. Biluzik gaude, miseria gorrian gaudelako”. Ezker abertzaleak Interneten zituen eta dituen orrien inguruko kontuak, euskarazko foro telematiko bakarraren historia tristea, harreman zibernetikoen faltsutasunaren mitoaren iruzurra eta antzekoak dira hizpide lehen atalean. Ondorioak, berriz, larriak dira: “Anekdota bat bihurtzera goaz, eta beste inora ere ez. Interneten euskaldunak ez gara anekdota bat baizik”.

Bigarren atala ere begirik kendu gabe irakurtzekoa da. Eta literaturzaleak garenontzat ere gogoeta interesgarriak daude orriotan. Internetek eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukera berriek (interaktibitatea eta hipertestuak egiteko loturak) “forma literario berriak” sorraraz ditzaketela, edo literaturaz disfrutatzeko oinarrizko era” orain artekoa izango dela: paperean narrazio jarrai eta lineala irakurtzea.

Asko hitz egin da teknologia berriek liburuekin amaituko dutela eta antzekoei buruz. Fernandezen iritzia, ordea, pisuzkoa da: “Ezin liteke liburu bat pantailan irakurri. Liburu bat eskura dezakezu,oso-osorik eta kosturik gabe, Internetetik, baina hori pantailan irakurtzea beste kontu bat da”. Shakespeare eta beste hainbat egileren lanak oso-osorik Interneten daude, eta minutuetako gauza da konektatzea eta haiek etxeko ordenagailura ekartzea. Horiek pantailan irakurtzea, ordea, beste kontu bat da. Fernandezek dioen bezala, “inpresorarik gabe, zaila da testu luzerik zuzen eta artez irakurtzea… Nik uste dut hori asko garatuko den sektorea dela: inprimagailuak. (…) Nik irudikatzen dudan inprimagailuak orriak dagoeneko josita emango dizkizu, bi aldeetatik idatzita: ez beharbada liburu baten formatuan, baina bai koaderno baten taxuarekin. Eta traste hori etxe tresna elektriko bat izango da, ez soilik bulegoetarako tramankulua”.

Horren ondorioa ere zuzena bezain larria da: “Hortaz, paperaren aroa amaitu dela esatea lerdokeria da. Amazonia arriskuan dago, eta ez du idazkera elektronikoak salbatuko. Akaso okerrera ere egingo du oihanak: Interneten bidez pertsona bakoitzak eskuratu dezakeen testu kantitatea ikaragarri handia da, eta hori inprimatzea okurritzen bazaio…”.

Literatura Interneten egotearen beste erabilera bati buruz ere gogoeta egin du Fernandezek. Bati baino gehiagori zer pentsatua eman digun gogoeta. Hots, Shakespeareren oso-osoa eta Axularren Gero Interneten daude, baina Etxeparetik hasi eta Gabriel Arestiganaino digitalizatua eta formatu elektroniko batean gordeta dagoen euskal literatura guztia falta da Interneten. Norbaitek badu, ordea. “Euskaltzaindiko lantalde batek, Orotariko Euskal Hiztegikoak, erabili du tresna hori hiztegia egiteko. Eusko Jaurlaritzako Informatika Elkarteak egindako datubase dokumental bat da tramankulu hori”, Luis Fernandezek dioen bezala, hori eskuan daukan hiztegigileak hainbat gauza egin ditzake: hitzen aldaerak eta erabilerak erkatu eta neurtu, ikusi zein azaltzen den lehenbizi historian, zein erabiltzen den gehien, zein autorek zer darabilen, eta nola. “Azterketa kuantitatibo huts bat da. Datu estatistiko bat: Amodioak 0, Amorioak 101. Baina datu estatistiko horiek erabiltzen dira gero hiztegiak egiteko, eta hor dago koxka”.

Kontua da, ordea, Luis Fernandezek gogoratzen duenez, oraingoz bederen, OEHrako erabili den datubase hori ez dela publikoa izan, itxura batean. Teknikoki ez litzateke izango hain zaila denen esku ezartzea tresna hori”. Alta, zergatik ez da egiten? “Autore hilen lanak jabetza publikokoak dira heriotzetik 75 urtera, eta, hortaz, ezin da, legez, esklusibotasunik ezarri material horretan. Gainera, erakunde publiko batek ordaindurik (Jaurlaritzak), erakunde publiko batek egin behar badu tresna (EJIEk), onura publikoko akademia batentzat (Euskaltzaindiarentzat), erabilera ere publikoa izan behar lukeela dirudi, baina… Ixo! Ez dut gehiago esango!”. Honelako gogoeta-argibideak dakarzkigu behin baino gehigotan Fernandezek liburuan barrena.

Azken atalari ez diogu aurreko bien indarrik ikusi, baina horregatik ez dugu esango interesgarria ez denik. Alderantziz. Euskaldunak Interneten zer garen ikusteko baliagarria da, eta agerian jartzen du euskararentzako itzultzaile automatiko bat asmatzearen beharra. Fernandezek argi du, eta idatzia beste nonbait ere, “gure etorkizuna ez dagoela ez Ermuko Izpirituaren ez Alternatiba Demokratikoaren eskuetan, baizik eta unibertsitatean lanean diharduten informatikari euskaldunen eskuetan”. Herri honek etorkizunik izango badu, zibernetika euskaldundu beharra dago. Liburuaren azken lerroetan esaten den bezala, “zibertximinoa AEKn apuntatu beharra daukagu. Eta HABEk milioi batzuk eman beharko ditu, ez duelako debalde ikasiko. Bestela jai dugu”.

Zer pentsatua ematen duen gogoeta da eibartarrarena. Zer pentsatua eman digun liburua. Interneten oso trebatuak ez garenok ere gustura irakurri dugu, berehalakoan, zibernetika euskalduntzeko metodoa izan nahi eta gure kontzientziak astintzeko akuilua den lan hau. Anekdota bat baino askoz gehiago.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak