kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Gauzak apur bat konplikatu dira / Pablo Sastre / Elkarlanean, 1998

Isiltasunak hitz egiten duenean Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1998-10-31

Egia da. Gauzak konplikatu egiten dira bizitza honetan eta, batzuetan, muturreko egoeretaraino iristen dira. Hainbat aldiz pentsatzen dugu gertaera jakinen berri izan ondoren, “gaur goizean, ohetik jaiki naizenean, nork esan behar zidan gaur horrelakorik gertatuko zenik?”. Edo antzeko zerbait. Pablo Sastrek Gauzak apur bat konplikatu dira honetan biltzen dituen hiru ipuinetako protagonistei ere gauza bera gertatzen zaie. Beraiek ez dute ezer egiten. Beren egunerokotasunean egonean daude, bakoitza bere gauzetan. Gauzak, ordea, apur bat konplikatu egiten dira. Lehenengo ipuinean, Baiona Ttipiko etxe batean ezustean agertu den familia judu bat gorde behar du protagonistak. Bigarren ipuinean, ez nor den ez nondik datorren inon ageri ez den emakume batez maitemintzen da komisariako polizia. Hirugarrenean, ordu eta leku ezegokian egoteagatik, sabotaje bat egin izana leporatzen diote gazte euskaldun bati. Hiru istorio. Agerian, bata bestearekin harremanik gabekoa. Baina gauzak konplikatuagoak dira.

Lehen ipuina, K.ren egunkaria izenekoa, egunkari moduan dago atondua. Egia esateko, II. Mundu Gerra garaira bidaiatu eta Baiona Ttipiko etxe batean gordetako familia juduaren kontuek, egunerokoak eta egunkariaren idazleak maite duen Suzanne gazteak Anna Franken eguneroko ezagunaren oroitzapena ekarri digute. Giro eta egoera bera da Amsterdamgo neskatoarenak eta Baionan ezkutaturiko familiak bizi dutena. Baina honako hau Euskal Herrian kokatzen da. Hori da ipuin horren kontu aipagarrietako bat. Sastrek lan handia egin du garai hartako Baionako giroaren eta juduen egoeraren berri izateko. Sinagogako kontuak, komunitatearenak eta gainontzekoak jaso ditu ipuin luze hau osatzeko. Emaitza, amodio istorio berezi batean eskaini digu. Amaiera latza du, garai hartan judu askok ezagututako patuaren erakusle. Baina irakurleari zabalduko dizkiogu ateak.

Fuster-en testimonioa izeneko bigarren ipuinean emakume berezi bat iristen da Kataluniako komisaria batera. Ez du hizkuntzarik ulertzen, ez du hatz-markarik, ez du izenik eta ez du ezer. Henri, narratzailearen lankide isil eta berezia, emakume misteriotsuaz maitemintzen da, eta bien artean beste inork ulertzen ez duen harremana sortzen da. Inork ulertzen ez dituen kontuen eta maitasun harrigarri baten lekukotasuna dira orrialdeok. Guztiak zuzen, bere izenarekin, bere ordenarekin egon behar duen lekura, izenik gabeko bat, inongo araurekin bat ez datorren bat, absurduaren sinbolo bat iristen da. Gauzak apur bat konplikatu egiten dira. Irakurri.

Gau bateko distira da azken ipuina. Narratzailea, protagonista, amonarekin bizi da baserrian. Urbanizazio bat egiteko, ordea, etxea bota behar diete eta inork ez die ezer esan. Apur bat baino gehiago konplikatzen zaizkie gauzak. Lagunak, gaua, parranda, amodioaren mina, garagardoak, gaupasa eta sabotajeak lotzen ditu Pablo Sastrek azken ipuin honetan. Hiru ipuinetan atseginena egin zaigu guri. Irakurterrazena, beharbada. Baina hirurek dute irakurlea kateatzen duen zerbait. Idazkera sinplea da Sastrerena. Eguneroko hizketa moduaren antzekoa. Eta hiru istorioek ere badute antzekotasunik. Ezustean konplikatzen zaizkie gauzak protagonistei. Gertaerak bere horretan iristen zaizkie eta, bakardadean, haien gogoetak eta haien bizitzak islatzen dizkigu Sastrek. Hiru istorioetako protagonista bakoitza mundu bat da. Gizakion barrura begiratuta bakarrik aurki daitekeen mundu bat. Isiltasunak hitz egiten duenean azaltzen den mundu bat. Gauzak apur bat konplikatzen direnean, esaterako.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak