kritiken hemeroteka

8.766 kritika

« | »

Kristo Ebolin geratu zen / Carlo Levi (Koldo Biguri) / Alberdania, 1997

Literaturan geratu den liburua Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1997-09-13

Ekainaren lehen hamabostaldian aurkeztu zuen Alberdania argitaletxeak Carlo Leviren euskarazko lehen liburua, Miguel Torgarenarekin batera. Garai hartan, ordea, azterketak zirela medio edota beste arrazoiren bat bitarteko, askok utziko zuten Leviren lan mardul hau uda sasoirako, patxada gehiagoz irakurtzeko asmotan. Hala egin dugu guk ere eta, Liluratura honen urtealdi berriarekin batera, ausartu gara irakurritakoa hizpide hartu eta Kristo Ebolin geratu zen honetaz zenbait gogoeta egitera.

Handia izanik ere, euskaraz behintzat, ezagungabea genuen gurean Carlo Levi eta haren lana. Alberdaniak argitaraturiko liburuak, ordea, ezusteko atsegina eman digu bati baino gehiagori, eta egile beraren beste lanak euskaraz noiz irakurriko zain utzi gaitu. Liburuaren aurkezpenean argitaletxeko arduradunek eta Koldo Biguri itzultzaileak esandakoa bildu zuten egunkariak irakurrita, bagenekien faxismoaren aurkako jarrera agerikoa oinarri hartuta, Italiako hegoaldera, Lucaniara, deserriratu zutela Carlo Levi 1935ean eta bizipen hartatik sortu zuela orain solasgai dugun liburua.

Aurrerago helduko diogu liburua bere horretan aztertzeari baina, asmotan liburu bat ulertzeko liburua sortu deneko testuinguruak duen garrantziaz jabeturik, Kristo Ebolin geratu zen honen sorreraren nondik norakoak azalduko ditugu, Koldo Biguriren hitzaurretik zenbait lerro berreskuratuz.

Gogoan izan behar da Levi 1902an jaio zela, Turinen, eta medikuntza ikasi bazuen ere gazte-gaztetatik pintura eta literaturan aritu zela batik bat. 1920-1930 urteetan, faxismoak indar handia zuen urteetan, giro sozialistekin lehen harremanak izan zituen Levik eta faxismoaren aurkako borrokan Justizia eta Askatasuna higikundea sortu zuen. Jarrera hori, noski, ez zuten ontzat hartu faxistek eta 1935ean Lucraniara bidali zuten deserriraturik. Han bizitakoaren isla da liburu hau. “Gerra bukatu eta berehala”, dio Koldo Bigurik hitzaurrean, “Kristo Ebolin geratu zen argitaratu zuen eta ospe handia irabazi zuen Italian eta kanpoan ere. Urte haiek faxismoak eta gerrak utzitako miseriaren ondoriozko arazo sozialez arduratzen hasi neorrealismoaren atarikoak ziren. Italiako literaturan aurreko garaiko idazle erregimenzaleen arte konpromezugabe eta otzanarekiko salaketa eta erreakzio geldiezina etorri zen, eta eztabaida bizia lehertu zen intelektualek gizartegintzan eduki behar zuten paperaz. Giro horretan kokatu behar da orain euskaraz irakur daitekeen nobela eder hau. Levik beste zortzi obra idatzi zituen gero, baina inoiz ere pintura bazterrean utzi gabe, hainbat erakusketa egin baitzituen Europa osoan”.

Lucaniako mendi artean galdutako Gaglianora, eleberriaren hirugarren orrialderako iristen da mediku deserriratua, Estatuaren bi ordezkarik lagunduta eta eskuak lotuta. Lehenago dauden lerroek, ordea, dagoeneko eleberriaren lirikotasunaren berri ematen digute, nekazaritza giroko paisaia eta protagonistak azaltzeko Levik erabiltzen duen hizkera —singlea baina erabat poetikoa— agerian utziz. “Gu ez gara kristauak”, diote bertakoek, “Kristo Ebolin geratu zen”. Hangoek ezin dute argiago hitz egin: “Inork ez du ukitu lur hau, ezpada menderatzaile, edo etsai edo bisitari ulergogor moduan. Urtaroak nekazarien nekearen gainetik igarotzen dira, Kristo baino hiru mila urte lehenago bezala gaur ere: giza edo jainkozko mezurik bakar bat ere ez da zuzendu pobrezia sorgor honetara. Hizkuntza ezberdinetan hitz egiten dugu: gure mintzaira ulertezina da hemen. Bidaiari handiak ez dira beren munduaren mugetatik harantzago joan”.

Hasieratik bertatik, beraz, lurralde galdu batean aurkitzen da eleberriko protagonista. Hasieratik bertatik, lagunak egiten baditu ere mesfidati agertzen zaizkio medikuari ingurukoak. Alkatea, Milillo eta Gibilisko doktoreak… ez daude oso pozik mediku arrotzaren etorrerarekin. Mesfidantza bekaizkeria bihurtzen da sendagile arrotzak, nekazariek eskaturik, gaixo bat ikusten duenean. Gainera, non eta nekazariek medikuari deitzen ez dioten lurralde hartan. “Nekazariek ez digute kasurik egiten”, dio Gibilisko doktoreak, “edo ez dute ordaindu nahi izaten”. Ados dago Milillo doktorea ere: “Burugogorrak dira, bai. Ai, ai, ai! Gauzak beren kontura egin nahi dituzte. Guk kinina eman, eta haiek hartu nahi ez. Ez dago zer eginik”.

Lucanian galdutako herrixka hartara deserriraturiko urtearen hasiera besterik ez da izango orain artekoa. Hegoaldeko nekazarien arazoak, bizimodua eta ohiturak ezagutzeko bide ematen duen istorioa bihurtzen da ondorengoa. Gaglianoko nekazaziek jasan behar duten pobrezia gogorra eta bidegabekeria ugarien isla da liburua, irudimenean bazter ahaztezinak zabaltzen dituena. Dena dela, lan mardul honen irakurketa atseginak irudimenean sorturiko bazterrak suntsitu nahi dituenak badu aukerarik, Francesco Rosi zuzendariak 1978an zinemara eraman baitzuen Kristo Ebolin geratu zen eleberri hau.

Liburua, bere horretan, erraz irakurtzen da, itzulpena dela ohartzeke oro har. Hori da zalantzarik gabe Koldo Biguriren meritua. Beste behin, itzultzaile eta interpretari gasteiztarrak italieratik euskaratu du eleberria, eta oraingoan ere —Paveseren Muinoko etxea, Moraviaren Erromako emakumea edota Lampedusaren Gattopardo bezala, besteak beste— bere lana zuzen egiten badakiela erakutsi du. Carlo Leviren handitasunari eta eleberri honen distirari, beraz, Biguriren lana gehitu zaio, eta emaitza, euskal irakurleen zorionerako, ederra da.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak