kritiken hemeroteka

8.790 kritika

« | »

Itzalaren ertzean / Pablo Sastre / Susa, 1996

Irakurlearen bideak Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-04-05

Literaturan eztabaida desberdinak egon dira, eta badaude egun ere. Hauetariko gehienek ez dute inoiz erantzunik izango. Azken finean, arrautza ala oiloa, zein izan zen lehena, erabakitzea bezala da. Aurreko beste iruzkin batean idazlearen ikuspuntuaz hitz egin genuen, liburu batean pertsonaiaren ahotsa aukeratzeko orduan ea gizonezko bat emakume baten azalean sar zitekeen. Gai honek, betidanik eztabaida sutsuak piztu ditu eta, nire iritziz, zorionez irtenbiderik gabe jarraituko du. Horrela jarrai dezala.

Literaturan, eta orokorrean baita artean ere, eztabaida asko sortu dituen gaia, idazlea eta irakurlearen (artista eta ikuslearen) arteko erlazioa izan da. Batzuen iritziz, idazleak edo artistak sormen lanaz soilik arduratu behar du. Irakurleak edo ikuslegoak, berriz, bigarren maila batean geratu behar du. Hau da, liburu bat idazteko orduan irakurlegoak ez du helburu edo nahien artean egon behar. Idazlearen eginbeharra idaztea da eta, liburua ona bada, irakurleak gero azalduko dira.

Beste iritzi batzuek diotenez, idazleak, liburuak eta irakurleak maila berean egon behar dute. Idazleak beti irakurlearen garrantzia eta nahia kontutan hartu behar du eta, idazten duenean, irakurlego bati zuzentzen zaiola garbi izan. Eta askotan liburuaren zati edo alderdiren bat aldatu behar bada, aldatu, beti ere irakurleari gauzak errazteagatik. Besteen iritzia kontrakoa da, idazleak ez luke inoiz irakurleagatik lerro bat bera ere aldatu behar.

Hemen aurkezten dizuedan liburua Pablo Sastreren azken ipuin bilduma da. Bertan misterioa ardatz bezala duten hamar ipuin aurkituko dituzue. Baina misterioa, edo harridura, aipatzen dudanean, ez dut esan nahi ipuin hauen bukaeran soilik aurkituko duzuela misterioa. Batzuetan bai, baina gehienetan ipuinetan barrena nabaritzen den giro berezian antzemango duzue.

Ipuin hauek irakurtzerakoan erreferentzia asko etortzen dira burura, bai beste idazleen izenak eta baita beste jenero asko ere. Ipuin hauen istorioetan murgiltzen bazarete, beldurrezko ipuinekin gozatzeko aukera izango duzue, fantastiko kutsua duten errelatoekin harritzeko parada, baina baita errealista diren beste askorekin liluratzeko ere.

Hala ere, liburuak bukaeran ez zaitu guztiz betetzen edo, hobeto esanda, ez zaitu gustura uzten. Eta ez soilik duen giro misteriotsu horregatik, gehienbat liburua nahiko itxia gertatzen delako baizik. Bai. Irakurlea askotan galduta sentitzen da, ez daki oso ongi nondik doan eta nora joan behar duen. Agian Sastreren asmoa hauxe da, desorientazioa lortzea irakurlearengan, baina gauza bat misterioa edo harridura da, eta bestea nahastua sentitzea, norabiderik gabe, ipuinak zeharkatzeko eta dastatzeko orduan.

Hori dela eta, liburua irakurtzen nuen bitartean idazlea eta irakurlearen arteko harremanetaz gogoratu naiz. Ez dut uste, gai honetaz egia edo arrazoi biribilik dagoenik, alde batean zein bestean liburu zoragarriak daudelako, baina baita pisutsuak ere. Sastreren ipuin bilduma hau erdian gelditzen da. Irakurlearekin jolastu nahi du, desorientatu, baina ez dizkio oinarrizko bideak ongi erakusten. Bide bat aurkezten dio, baina bide horretan zehar engainatu edota ezusteak eman beharrean, irakurlea bidean bakarrik uzten du, eta literaturan ez dago hori baino gauza okerragorik.

Euskal literaturan, irakurlea eta idazlearen arteko erlazioa zaila da; gehienbat irakurlegoa murritza delako. Zer egin orduan? Idazlea gehiago gerturatu irakurleei? Ez dut erantzunik, ez dakit hurbiltasuna den irtenbidea. Agian ez. Baina bideak errazten dituela beharbada bai behintzat. Ea Sastreren hurrengo ipuinek ere harritzen gaituzten, baina bide erosoago batzuk aukeratuz.

Azken kritikak

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak