kritiken hemeroteka

8.640 kritika

« | »

Ixtorio hautatuak / Roald Dahl (Luis Berrizbeitia) / Elkar, 1996

Ixtorio harrigarriak Edorta Jimenez / Euskaldunon Egunkaria, 1996-10-12

Ixtorio hautatuak, hona hemen arrakastatsua izateko osagarri gehienak dituen liburua. Ukan ere, Roald Dahl idazle galestarraren zortzi ipuin, Luis Berrizbeitiaren hautaketa eta itzulpen lanari esker, gozatzeko era dugu Elkar argitaletxearen eskutik. Egilea orain arte ezezagun izan duenak, edo haur eta gazte literaturaren arloko lanen bidez ezagutu izan duenak ere, zortzi ixtorio hauek irakurtzean ezusteko atsegin galanta izango duelakoan nago.

Roald Dahl (Gales, 1916-Londres, 1990) irudimena landu duen idazlea dugu, liburu honetako azkena den ixtorioan, autobiografikoa ere badena bestalde, argitzen digunarekin bai. “Orain” —dio idazleak aipatu Zorioneko aukera azken ipuin horretan—, “jadanik hogeita hamar urte baino gehiago igaro direlarik, oraindik ere hortxe ari naiz lehian. Fikzioa idazteko garaian niretzat gauzarik zailena ixtorioak aurkitzea izaten da, Inoiz ez duzu jakiten noiz argituko zaizun ideia polit bat buruan, baina, alafedea, agertzen denean esku biez heltzen diozu eta tink-tinka atxikitzen duzu. Gakoa da berehala idaztea, osterantzean ahaztu egingo zaizu. Ixtorio onek ametsen antza dute. Amets bat itzarri bezain laster idazten ez baduzu, seguruenik ahaztuko zaizu eta betiko galduko da”.

Argi dago; Roald Dahl idazle oparoak besteok ametsetan baino bizi ezin izan ditugunei itzarririk eusteko gaitasuna izan zuen. Edo, bestela esanda, eguneroko bizimoduan gure parean ikusi eta biografia asmatu ezin diegun horiei bizitza oso bana asmatzeko gaitasuna izan zuen. Hara hor, diodanaren adibide, Guardasolaren gizona izenekoa. Bildumako lehen ipuina da, eta ipuina burutzeko idazleak jarri duen azken esaldiak beraren beste ezaugarri bat uzten digu agerian, alegia, amaierak biribiltzeko trebetasuna, joan ere irakurleak itxaroten izan ez duen alderen batera joz baitoaz beren azken burura ixtorioak.

Roald Dahlen ixtorioak lehenagotik ezagutzen ditugunok ixtorio berri baten aurrean jartzen garen guztietan badakigu idazleak bere esku duena azken hitza, edo azken trikimailua, hala nahiago bada. Horrek irakurlea halako gura bixi batez irakurtzera eramaten du, ixtorio baten bukaerara ailegatu eta hurrengoan ekiteko erraz asetu ezineko halako grina egiten zaio eta.

Trikimailu hitza aipatu dudanez, batek baino gehiagok pentsa lezake Roald Dahl sonbreilutik untxiak ateratzen dituen idazle iruzurtia dela. Ez dut uste, askotan horrekiko gogoetan sartu banaiz ere. Beltxarga izeneko ixtorioak erakusten duenez, idazleak giza-izaeraren barrunbeetan espeleologo sartu, beraietan arakatu eta norberaren barne-piztiaren zertzeladaren bat ekartzen digu agirira lantzean behin. Diodanaren adibide, horra Beltxarga izeneko hori, nerabeak zer egiteko gai izan daitezkeen erakusten diguna eta, oker ez banago, Salinger edota Golding-en ildotik idatzia dena.

Gizakion barrunbeetan sartzeko era aparta eskaintzen dutelako edo, nerabeak eta haurrak askotan ageri dira Roald Dahlen ixtorioetan. Gorago aipatu dudan Beltxarga horretan nerabeek ankerkeriarako duten gaitasun kasik infinitoa azaltzen digun maisutasun beretsuaz azaltzen digu haurraren hunkimena Animaliekin hitz egiten zuen haurra izenekoan. Liburuaren atze-azala idatzi duenarekin bat, luzaroan gogoan gordeko ditugun ixtorio batzuk daude liburu honetan, denak esango nuke nik, aipatu gabe utzi ditudanak izanik, agian, hoberenak, ezen gustu eta apeta kontuetan norberak bereak baititu. Liburu honek badu edonorenak asetzeko haina. Berrizbeitiak parean jo du, ene ustez, zeren eta itzultzaileak halako berba zail xamar bat edo beste sartu badu ere, horiek ez baitiote irakurleari traba egiten, joskera erraz, lau eta ulergarriari esker.

Azken kritikak

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak