« Haiku ximurrak | Sagarraren ahogozoa »
Emon biar yako / Iñigo Aranbarri / Susa, 1994
Laino trinkoz zehatz zizelatua Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1994-12-18
Zer kontatu ezezik kontatu beharrekoa nola kontatu ere ondo pentsaturik ekin bide zion lan honi Iñigo Aranbarrik. Kontaketa bera abentura gisa hartzen duten eleberrien artekoa da “Emon biar yako”. Kontaketa modu egokienaren bilaketan izan omen dituen erreferentzia eta eraginen artean, honako hauek aipa daitezke, liburuaz solaskide izan ditudan hainbat irakurleren iritziak neurearekin batera bilduz: nouveau roman-a, minimalismoa, Ramon Saizarbitoriaren “Ene Jesus”, Koldo Izagirreren “Euzkadi merezi zuten” eta Anjel Lertxundiren “Kapitain Frakasa” (euskal narratibarik abangoardiakoena beraz). Ezaugarri nagusienetako bat, aditz aspektu eta denbora ezberdinen erabilera, tarteka orainaldi edo geroaldi zinematografiko bati lekua emanez, betiko “zuen-zen-zegoen” errepikakorra saihestearren. Estraperloan poesiatik narratibara pasatutako ezaugarri bat ere badu liburu honetako kontaketa moduak: “Ez dago soberako hitz bakar bat ere” (egilearen hitzak, EGUNKARIA, 94-XII-8, Durangoko Azokari buruzko gehigarrian).
Irakurleari dena esan beharrean, irakurleari lana eskatzen dion kontaketa modua da Aranbarrirena, hala dio berak, eta hala erakusten du liburuaz solaskide izan ditudan irakurleen esperientziak ere. Patxadaz eta oso astiro irakurri beharreko liburua da, eta hala ere berrirakurketan estreinako irakurketan baino gehiago gozatzen dena, liburuaki bigarren aldiz ekin diotenek esan didatenez eta neuk ere neure kabuz egiaztatu ahal izan dudanez. Ikuspegi horretatik begiratuta, “Euzkadi merezi zuten” eta “Kapitain Frakasa” gogorarezten ditu Aranbarriren liburuak, dudarik gabe.
Handik eta hemendik bilduak aipatu eta baietsi ondoren, neure iritzia emateko ordua ere izango da honezkero. Harritu egin nau liburu honetan aurkitu dudan prosa neurtuaren trinkotasun barnebilduak, zehaztasun zorrotzak. Iñigok berak esan bezala, ez dago soberako hitzik batere, perpaus guztiak eta parrafo bakoitza narrazioaren tonuaren arabera zizelatuak daude, zehatz, osotasun ezin trinkoago bateko osagai guzti-guztiak, kontzesiorik gabe, errukirik gabe, kontaketak berezkoa ez lukeenari zirrikiturik txikiena ere utzi gabe. Liburuak zer kontatzen dion nahastu edo ahaztu gabe, kontatutakoa nola kontatzen zaion zaio harrigarri, parrafoz parrafo, perpausez perpaus eta are hitzez hitz ere zenbaitetan, inoiz hutsik egiten ez dion prosak harrapatu eta bereganaturik duen irakurleari.
Prosa aipatu dut, eta ez kontatzeko teknika, eleberri honetan aurki daitekeen kontaketaren abentura deskribatzeko. Izan ere, prosan baitu, estiloan, oinarria abentura horrek kasu honetan, eta ez kontaketa teknika tradizionala iraultzeko pentsatutako teknika ikusgarri eta harrigarrietan. Garai, plano eta kontzientzia ezberdinek lotzen dituen prosa sentitu hori baita liburu honek egiten duen aportaziorik behinena, ez besterik gabe aberatsa delako, baizik eta, batez ere, narrazioari damaion indar adierazkor bereziagatik.
Euskal prosarentzat bide berriak urratzeko asmoan, bere-berea duen estiloa landu du Aranbarrik eleberri honetan, lehendik irakurriak genizkion hainbat kazetaritza artikulutan erakutsi izan duenaren antz handikoa. Bere esplorazio eta bilaketa lanean, perpaus luze eta konplexuen bideari —berez zilegi, baliagarri eta estimagarritzat dudana, noski, ez beza inork kontrakorik pentsa— uko egin eta esaldi labur eliptikoetan —ez horregatik errazagoetan— aurkitu du bere bide hori azkoitiarrak.
Trinkoegi, zorrotzegi, eliptikoegi, neurtuegi, serioegi, hitsegi, itogarriegi, gupidagabeegi irudituko zaio beharbada zenbaiti eleberri honetako prosa, baina aukera bat besterik ez da, beste edozein aukera bezain zilegi izateaz gain, Aranbarrik kontaketaren gaiari eta giroari —60ko hamarkadako erresistentzia kulturala— ezin hobeto egokitu diona. “Lainoz akribilatutako bihotza zuen”, dio 72. orrialdean kontalariak eleberriko protagonista nagusia den Julen Azkueri buruz. “Tristuraz hiltzen diren horietakoa”, gaineratzen du geroxeago. Halakoxea da liburu honetako prosa ere, laino trinkoz zehatz akribilatu eta zizelatua, histasun triste eta hilgarri baten doinu.
Saio bikaina, beraz, Iñigo Aranbarrik liburu honetan egin duena. Ez da aise eta arin irakurtzeko moduko liburua, baina oraindik ere eleberri bati txukun kontatutako argumentu interesgarri bat baino zerbait gehiago eskatzeko prest dagoen edozein irakurlek derrigor irakurri —eta agian berrirakurri— beharrekoa. Ez da denen gustukoa izango, planteamenduetan okerreko bidetik jo duela irudituko zaio zenbaiti —irakurleari lan gehiegitxo eskatu ote dion eta horrelakoak— baina kontua da Aranbarrik anbizioz jokatu duela bere lehen eleberri honetan, eta betebetean iritsi dituela hasieratik planteatutako helburuak. Hori behintzat nekez ukatu ahal izango dio inork.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro