kritiken hemeroteka

8.644 kritika

« | »

Ukoreka / Patxi Zabaleta / Txalaparta, 1994

Jakintza, irudimena eta trebezia Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1994-10-23

Bere garai historikoan ederki kokaturik, kontakizun aberats eta harrigarria eskaini digu Patxi Zabaletak “Ukoreka” izeneko bere azken eleberrian. Inoiz haria galdu gabe, harriduraz harridura, gordintasun eta gogortasun ikaragarriko eszenen artean, indarrez eta barne gatazkaz betetako pertsonaiak ezagutuko ditu irakurleak liburuan. Inoiz gehiegi korapilatu gabe, elkarrekin aise eta indarrez lotzen diren pieza ezberdinak lotuko ditu narrazioak aurrera egin ahala, harik eta 20ko hamarkadako Nafarroaren ikuspegi errealista-naturalista ematen duen koadro erraldoi bikaina osatu arte.

Kontaketaren erritmoa egokia da oro har, Beñatek Anai Jakuerengandik jasotako zenbait testuren hitzez hitzezko transkripzio luzeegiek tarteka erritmo hori hautsi egiten badute ere; beharbada egokiagoa zatekeen testu luze horiek laburrago ematea. Kontakizunak sortzen dituen korapiloak ederki tartekatzen asmatu du kontalariak, eta irakurlea ez da gertaeren oihanean galduta sentitzen, nahiz eta etenik gabe egin topo ordura arte finkatuxe zituen eskemak hautsiko dizkion aurkikuntzekin.

Kontaketa moduak klasikoak dira —kontalari orojakilea, kronologia lineala…— baina argi dago Zabaletarena ez dela irakurketa soil eta sinple batez ebazteko moduko kontakizun moralista, hasierako pasarteetan Beñaten zintzotasun eta prestutasun paregabeak irakurleak susmo hori hartzera bultzatzen badu ere.

Ez du hutsik egin Zabaletak bere lehen eleberri luzean. Historiaren ezagutza sakona ezezik, irudimena landu eta indar eta adierazkortasun handiko istorioak asmatzeko gaitasuna erakutsi digu, eta baita istorio horiek ehundu eta irakurleaki modu egokian helarazteko trebezia ere. Benetako eleberrigilea dugu, beraz, Zabaleta, eta liburu hau horren erakusgarri garbia da.

Aingeru Epaltzaren “Ur uherrak” eleberriarekin gertatu zen moduan, Patxi Zabaletaren “Ukoreka” ere kaleratu ostean behar besteko oihartzunik gabe geratzen ari ote den nago. Epaltza bezala, nafarra da Zabaleta ere; batuaz idazten duen arren, nafar kutsukoa da Zabaletaren prosa, Epaltzarena bezalaxe. Bestalde, Epaltzarena bezala, luzea eta gogorra da Zabaletaren eleberria ere. Horiek izan ote dira bazterketarako arrazoi nagusiak? Hala dirudi, eta ezin, noski, hori bidezkotzat jo.

Dena den, bi liburuok badute akats amankomun bat ere, niri dasta —liburu honetan ikasia dut hitz hau— mikatza utzi didana: zabarkeria. Ez dakit zenbaterainoko eragina izan lezakeen akats horrek liburuaren oihartzunean, baina laguntza handia ez da behintzat izango.

Epaltzaren liburuan, hitz bat baino gehiago zen liburuan zehar ortografia ezberdinez irakur zitekeena, eta irakurlea ohitu egiten zen azkenerako “lehio”, “mahaiean” eta antzeko formekin topo egiten. Zabaletaren kasua are harrigarriagoa da. Hiru arrazoirengatik: Epaltzarenean baino ugariagoak eta larriagoak direlako akatsak bere liburuan; Zabaleta euskaltzain osoa delako; eta liburua, atariko orrialde batean irakur daitekeenez, zuzentzaile baten eskuetatik pasatu delako.

Euskaraz idazten ohitura pittin bat duen edozein irakurle nekatu egingo da Zabaletaren liburuari eskuan boligrafo gorria duela ekiten badio, hitzak ezezik —“laister”, “hasera”, “garaiean”, “aspaldian” “aspaldi” behar zuen lekuan, “baino” “baina” behar zuenean, “larunbata arratsean”…—, euskaltzain oso baten lanean benetan mingarri egiten diren akats morfosintaktiko larriak ere markatzen: gutxien-gutxienez, zazpi bider aurkitu ditut ergatiboaren okerreko erabilerak: “Ni ez nuen horrelakorik uste” (225. or.) eta antzekoak; menpeko zein galderazko perpausetan barra-barra aurkitzen ditugu hikako adizki alokutiboak: “Atso hau eginahaletan ari duk, ea zaplaztakoren bat ematen ote ziodan edo” (384. or.); erdarakadaren bat edo beste ere bada; “XX. mendean, berriz, garraioak eta harremanak aldatu eta horrek nire mehatzak bezalakoei porrotera bota” (328. or.).

(Bada beste akats bat, askoz anekdotikoagoa, baina bitxia denez aipagarri iruditzen zaidana: gehienetan Bautista baina zenbaitetan Eusebio du izena Don Ximeno Iribasen informatzaile lanetan aritzen den Olazkiko fraidetxeko donatuak; zuzentze lanen arintasuna salatzen du, nire ustez, akats xelebre honek).

Tristea da honetaz hitz egin beharra, baina arlo honetan ere imitagarritzat dugun Anjel Lertxundik behin eta berriz aipatzen duen espartano izan beharra ez da txorakeria, nahiz eta zenbait liburu irakurririk halakotzat hartzen dela dirudien. Gutxi dira akatsik batere gabeko testuak, normala da zenbait akatsekin eskuzabal jokatzea; baina behin muga bat gaindituz gero, irakurlea deseroso sentitze eta bere onetik ateratzen hasten da. Bai ni behintzat. Kontuan izango ahal du hori Zabaletak —eta Txalapartak— liburu honekin hasitako trilogia osatuko duten beste bi eleberriak argitaratzerakoan!

Kontuak kontu, azken pasarte mikatz hauetako aipamenek ez dezatela lantxo honen irakurlea okerreko interpretazio batera bultza: akatsak akats, gozatu egin dut “Ukoreka” irakurtzen, eta Zabaletarena lan bikain eta harrigarria iruditu zait.

Azken kritikak

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak