kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Verdi / Itziar Gillenea / Elkar, 2007

Mitoaz haratago Iratxe Retolaza / Berria, 2007-07-29

Badira historian mito bihurturik belaunaldiz belaunaldi igarotzen diren sortzaileak, haien nortasuna gorderik igaroz, eta ahoz aho, testuz testu, irudiz irudi, mitoak baino iraunarazten ez duela. Halako zer edo zer gertatu da Giuseppe Verdirekin. Musikagile honen musikak gaur egunera arte arrakastatsu iraun du, eta oraindik ere han eta hemen entzungai dugu, bai haren operak urtero-urtero antzeztokiak betetzen dituztelako, bai bertsio berritu eta gaurkotuetan entzungai direlako. Baina, Verdiren nortasunari buruzkoak ez dira hain ezagun eta hedatu. Itziar Gillenea biografoaren ustez, bi arrazoi nagusi egon litezke Verdi musikagilea irudi eta ikur modura iraunarazteko, eta haren nortasunaren berri gutxitxo izateko: batetik, Verdiren musika eta musikagilea bera Italiako batasunaren ikur bilakatu izana; bestetik, Verdik berak bizitza publikoa eta pertsonala bereizteko izandako jarrerarengatik. Itziar Gilleneak honako ezaugarri hau kontuan harturik abiatu du Verdiren biografia, eta are gehiago, biografia osatzerakoan bi alderdi nagusi horiek uztartzen ahalegindu da: alegia, batetik Verdiren inguruan sorturiko mitoaren oinarriak zeintzuk izan diren azaltzen ahalegindu da, eta bestetik, ezezagunagoak diren datu pertsonaletan oinarrituz, Verdiren nortasunaren berri ematen ahalegindu da. Eta eskertzekoa dena, bi alderdi horiek aldi berean aurkezten ahalegindu da, elkarrengan izan duten eragina aitortzeko asmoz.

Verdiren bizitzaren lehen alderdi hori marrazteko, eta batik bat Verdi mito bilakatu izanaren arrazoiak helarazteko, biografoak Verdiren bizipenak eta haren sorkuntza-lanak Italiako eta Europako egoera historikoarekin lotu ditu. Are gehiago, Verdiren biografia bera Italiako batasun prozesuarekin batera eginiko ibilbide gisa aurkeztu du, baita atalen banaketan ere. Gehienetan datu historiko horiek Verdiren sorkuntza-lanen testuinguruan kokatu dira. Hau da, kasu askotan, garaiko datu historikoak eman dira, baina, Verdik idatziriko operen sorkuntza-prozesuaren ingurukoak hobeto ulertzeko, edota harreraren ingurukoak hobe ulertzeko. Bestalde, garaiko giro historikoaren eta Verdiren jardunaren arteko harremanaren berri emateko, une oro Verdiren jarrera politikoa zein izan zen azaltzen ahalegindu da, Verdiren gutunak erabiliz iturri nagusi gisa. Verdiren bizipenetara eta sorkuntzara hurbiltzen diren azalpen historiko horiek eta adierazpen pertsonalak eskertzekoak iruditu zaizkit Verdiren kokapen soziala eta historikoa ulertzeko, eta baita Verdiren irudia eta mitoa nola sortu zen ulertzeko ere. Gainera, operen sorkuntza-prozesuen harira emaniko datuak, edota Verdiren gutunen bitartez azalduriko iritzi politiko horiek biografiaren ibilbideari egoki loturikoak eta uztarturikoak atzeman ditut, diskurtsoaren hariari mesede eginez.

Aipatzekoa da, biografia honetan Verdiren nortasunean arakatzeko eginiko ahalegina. Nahiz eta Verdiren datu pertsonalak ez izan ugariegiak, eta heldu diren datu gehientsuenak zalantzazkoak izan arren, biografoa ahalegindu da, eta lortu ere, Verdiren nortasun korapilatsuaren berri emanez. Horretarako, Verdiren harreman pertsonalak (adiskideak, etsaiak, maitaleak…) birsortzen ahalegindu da (gutunetako datuen bitartez), eta harreman sare horrek Verdirengan utzitako aztarna marrazten ere ahalegindu da. Dudarik ez da, datuak zalantzazkoak izan arren, Verdiren erabaki pertsonalak eta profesionalak hartzeko arrazoiak zein izan ziren ziur ez jakin ez arren, Giussepe Verdi nortasun handiko pertsona izan zela, erabaki irmokoa, ideia sendokoa, eta sortzaile nekaezina.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak