« Atsegin dut tipo hau | Nekeaz »
Erremateko tiroa / Marguerite Yourcenar (Josu Zabaleta) / Alberdania, 2007
Esaten ez dena Aritz Galarraga / Gara, 2007-07-28
Marguerite Yourcenar idazlea (Brusela, 1903 – AEB, 1987) gauza askorengatik izango da ezagun, zalantzarik gabe: Academie Française erakundeak onartutako lehenengo emakumea izan zelako, adibidez; Marguerite Antoinette Jeanne Marie Ghislaine Cleenewerck de Crayencour egiazko izena atzean utzi eta Marguerite Yourcenar anagrama hautatu zuelako izen literariotzat, akaso; edo baliteke, Grace Frick amorantearen ondoan bizitza erdia baino gehiago igaro zuelako, AEBetan. Baina gehiengo zabalari liburu konkretu batengatik egingo zaio ezagun: idatzi zuen, noizbait idatzi ere, Hadrianoren oroitzapenak izeneko nobela historikoa, arrakastatsua, Joxe Austin Arrietak 1989an euskarara ekarritakoa. Hori du Yourcenarrek erreferentziazko lana eta haren itzalean geratu dira beste hamaika izenburu (Alexis (1929) eta Ekialdeko kontakizunak (1938), esaterako, horiek ere euskaraz).
Erremateko tiroa eleberri laburrak, aldiz, oso bestelako traza hartzen du hasiera-hasieratik. 1938an idatzia, Bigarren Mundu Gerra hasi baino hilabete batzuk lehenago argitaratu zen, baina 1914ko gerraren eta Errusiar Iraultzaren arrastoan giroturik dagoen istorioa azaltzen digu. Baltikoko lurraldeko zoko ilun batean kokatzen den Kratovice da gertaeren erdigune. Eta nobela irakurri ahala, argi geratzen da kokapen fisikoa tragediaren atari baino ez dela, baita gerra zibileko gertaera odoltsuak ere, Yourcenarren hitzetan, “maitasun-historia baten atze-oihal lauso soilak”. Eta jakina, atze-oihal horiek gabe ezin zitekeen pertsonaien hainbat jokabide, istorioaren hainbat gertaera uler, baina nobelaren protagonismoa hartzen dute, bereziki, Eric von Lohmond eta Sophie eta Conrad de Nerval anai-arrebek, narrazio honen hiru protagonistek. Hiru protagonisten arteko harremanek, gehiago zehazteko.
Aitorpen bat da, azken batean, narrazio hau, Eric izeneko pertsonaiak lehenengo pertsonan idatzia eta ia-ia bere buruari egiten diona. Esan bezala ez dago giro edo garai bat berritzeko asmorik, edo izatekotan bigarren maila batean egongo lirateke gerra kontu horiek guztiak. Erremateko tiroan garrantzia dute, nabarmen, pertsonaien grina eta gogoen arteko gorabehera, tentsio eta liskarrek. Akzio gutxi du liburuak eta bukaera zein izan daitekeen hasiera-hasieratik jakingo du irakurleak, baina horren ordez, interesgarria da ikustea nola eraiki diren aipatutako hiru pertsonaion soslaiak, Eric narratzailearen ikuspuntutik beti ere. Kontatzen dena egia ote den edo bere burua engainatzen duen, sentimenduak lur azpian gorde nahian ote dabilen edo kode jakin batzuen arabera jokatzen duen jakitea, horixe da irakurleari nobela irakurri bitartean egokituko zaion zeregina.
Ericek aitortzen duenaren eta denaren arteko adibide garbia dugu, adibidez, Conrad adiskide minaz egiten duen erretratua. Ez du sarritan aipatzen, bigarren maila batean uzten du, askorik marraztu gabe. Arrebari ematen dio garrantzia handiagoa eta agerian uzten ditu bien arteko harremanaren maitasun eta gorroto korapiloak. Baina jarrera horrek, hain zuzen, ageriago uzten du Conradenganako sentimenduen norainokoa, mutilenganako edota zehatzago mutil honenganako erakarpena senti dezakeela interpretatzeraino.
Azken batean, Eric, Sophie eta Conrad, hiru horien arteko harremanetan jartzen du begirada Yourcenarrek, hiru horien arteko antzekotasun eta desberdintasunetan. Bakoitzak bere patua du, tragikoa hiruren kasuan, baina horietaraino nola iristen den ikustea du nobela honek nabarmengarri.
Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Nagore Fernandez
Barazkijalea
Han Kang
Maialen Sobrino Lopez
Beste urte batez
Samira Azzam
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia
Aiora Sampedro
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Irati Majuelo
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Aiora Sampedro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Aiora Sampedro
Esne berriketan
Uxue Alberdi
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Asier Urkiza
Esker onak
Delphine De Vigan
Maialen Sobrino Lopez
Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona
Amaia Alvarez Uria
Jai-Alai
Gaizka Arostegi
Jon Agirre
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Mikel Asurmendi