« Esaten ez dena | Pertsonaren bila »
Ravel / Jean Echenoz (Gerardo Markuleta) / Meettok, 2007
Nekeaz Ibon Egaña / Berria, 2007-07-29
Aritz Galarragak Gara-n egindako elkarrizketa batean zioen Jean Echenozek azken eleberri honetan egin dituen aldaketak zor zaizkiola “fikzio hutsarekiko halako akidura bati (nahiz kontziente naizen fikzioa ez dela inoiz purua), errealitatera berariaz nobelarenak diren tresnekin begiratuz hurbiltzeko asmoari”. Eta, hala, aurreko nobeletatik aldendu eta oinarri errealdun fikziora egin du jauzi Goncourt saridunak, Maurice Ravelen inguruko nobela osatzeko. Distantziak distantzia, W.G. Sebald etortzen zaio bati gogora, bere Emigratuak, eta fikzioa, errealitatea, memoria eta historia konbinatzetik sortzen den literatura interesgarria, fikzio hutsaz nekatu ostean ere nobelari, kontakizunari nondik eta nora joa uzten diona.
Ez baita musikari baten biografia (are gutxiago hagiografia, mirespenak mirespen) Echenozen Ravel hau, ezta nobela historikoa ere, baina biografiatik eta historiatik badu. Dokumentazio eskerga eginagatik, Echenozek ez du datu exhibizionismorik egiten, ezta informazio gehiegikeriaz irakurlea itotzen ere. Aitzitik, idazleak musikariarengan erakargarri, obsesibo, gatibagarri aurkitu eta bilatutakoaren gaineko fikzioa da Ravel: haren insomnioa, dandy itxura bitxia, maniak eta neurak, kezka sortzaileak…
Pertsonaia nobelesko bihurtu du Echenozek Ravel, baina mitifikazioan, idealizazioan erori gabe; alegia, ez da, zorionez, artistaren jenialtasunaren inguruko klixe eta estereotipoez baliatu pertsonaia sortzerakoan eta hala lortu du pertsonaiaren irudi konplexu, irristakor baina erakargarria garatzea. Asperdurak obesionatutako gizon bat, hogeita bost pijamarekin bidaiatzen duena, maitasunarekiko eszeptiko dena da, besteak beste, Echenozen Ravel.
Idazleak Ravelen bizitzako epe zehatz bat baino ez du hartu kontagai: hil aurreko hamar urteak, hain zuzen, artistaren konposatzaile bizitzako une gorena (AEBetan barrena eta Europan ere arrakasta ikusgarria bildu zuenekoa) eta hortik heriotzarainoko gainbehera, sorkuntza gizonarekin batera apaltzen eta hiltzen doan prozesua du hizpide Echenozek, gizonak eta gorputzak sorkuntzari ateak itxi arterainokoa. Prozesu horretan, baina, hainbat gai eta obsesio doa agertuz egilea: sortzailearen eta interpretearen arteko auzia (Ravel eta Paul Wittgensteinen arteko gatazken bidez), obraren sortze-prozesuaren eta haren harreraren arteko aldeak (Boléro tarteko), estimazio publikoaren atzeko bakardade indibiduala… Pertsonaiaz batera, giro eta garai historiko jakin batekiko interesa ere badago nobela honen ernamuinean, hots, bi Mundu Gerren arteko Europako (eta AEBetako) giro kultural berezia erretratatzeko asmo lortua.
Guztia modu inteligentean konpontzen du Echenozek, nobelak funtziona dezan perspektiba narratiboa egoki hautatu eta erabiliz. Biografietako eta historia liburuetako estilo orojakile eta objektibo-asmokoetatik urrun guztiz, narratzailea istorioan inplikatzen da, eta irakurlea ere inplikatu egiten du konplizitate keinuak eginez eta biak jakintza maila berean jarriz. Aske baina oso modu neurtuan, iritziak tartekatzen ditu narratzaileak gertakizunez, denboran jauziak egiten ditu nahieran, eta bere jakintzaren mugak bistan ere uzten ditu, Ravelen bizitzaren alderdi ezezagunez ari bada. Kamera pertsonaiarengana etengabe hurbiltzen eta urruntzen delako sentipena du irakurleak, oraintxe lehen planoak oraintxe plano orokorrak erakutsiz, pertsonaia iheskor bat irudikatuz (inkietantea da erabat pertsonaiari beti Ravel abizen soilez deitzeko hautua, esaterako).
Arnasa eteten duen azken kapitulu ezin zehatz eta zorrotzago batekin amaitu arte, ez du interesik galtzen Gerardo Markuletak dotore itzulitako Ravel nobelak.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro