kritiken hemeroteka

8.698 kritika

« | »

Biografia: Rosa Luxemburg / Lorea Agirre / Elkarlanean, 2000

Ez eta hil Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 2001-02-24

Rosa Luxemburgen biografia honetan txertatuta eskaintzen zaizkigu bere ideia politikorik garrantzitsuenak, eta zenbait gutun eta izkribu pribatu, lirikoak bezain freskoak. Emaitza heroi baten maitasunezko portreta duzu. Luxemburgek Lorea Agirre liluratu eta bereganatu du, irakurleon hobe beharrez, maitasuna zoliagoa baita epelkeria edo gorrotoa baino.

Argia eta jantzia, emakumea, judua, herrena, hiru Estatu arrotzetan zatituriko Polonian sortua… Zenbait kasutan, bietako bat: bidegabekeria irentsi eta etsi egiten duzu, eta aurrerantzean zapaldurik korromioz bizi, edo jazartzen zara. Luxemburgen matxinada etengabea izan zen, askotarikoa jomuga: gurasoek poemak errezitarazten zizkioten bisitariak (“nazionalismoa bidaiatuz sendatzen da” ospetsuaren kontrapuntua botatzen baitzien: “Asko bidaiatuagatik ere, ergela beti ergel”), irakasleak, kapitalismoa, militarismoa, alderdi aparatua, iraultza telezuzendua, marxismoaren zein sozialismoaren idolatrak…

Militantzia eta justizia

Gizona bere bakardadean-en Danuta salatariak Luxemburgen itzala darabil euskaldunen artean infiltratzeko: iraultzailearen espetxeko gutunak biltzen dituen liburu bat uzten dio Carlos protagonistari. Bertan irakurtzen du Carlosek eleberriaren amaiera, Luxemburgena berarena ere izan zena nolabait: Nemesiak errugabeena eta ahulena akabatzen ohi du. Judu internazionalistak, sozialismoari ekarpen teoriko mamitsuak egiteaz gainera, bizialdi osoa eman zion militantziari eta justiziari. Eskuzabaltasun horren ordainez, bezpera arte alderdikide izandako sozialdemokraten aginduz poliziak burua kulatazoka txikitu zion. Metxa eta Luxemburg bezalako iraultzaile herren baina zuzenei patu ankerrak agintaritza eskuragaitz bilakatu die, Mao zein Castro ibiltari eta mendigoizale arinei ez bezala.

Iraultza baitzekarren beti Luxemburgek. Edozein aginte egitura, baita bera parte zuena ere, gogortzen eta zurruntzen hasten zelarik, ezaren bizi indarraz zuen apurtzen eta berpizten. Greba eta iraultza bera ere, izaki biziduntzat hartzen zituen: herriaren nahia eta langileriaren espontaneitatea lehenesten zizkien edozein zuzendaritzak ezarririko diseinuzko borrokari. Ez zen iraultzaren robota, ez zen pedante bat. Iraultzaren alde bizitza emateak bazterrean utzarazitakoaren nostalgia, sakon aski sentitu zuen: bikote harreman zoriontsua, haurrak, etxe eder bat, pintatzea… Galera dakar aukerak, eta bizimodu iraultzailearen ordain mingotsaren adierazpenak aberatsagoa bilakatzen digu haren figura. Nahiago zuen mendian etzanda erleen burrunba entzun, alderdiko bilerarik erabakigarriena baino. Baina justiziaren grinak bizi zuen, eta hil.

Ifrentzuaren kemena

Deigarria da, halaber, ifrentzuaren kemena. Ideologiak zapalduriko joera oldarrez ageri da ezustean. Jabetza pribatua ukatzen zuten marxista “odolzale” Luxemburg eta Jogischesen arteko maitasun harremanetan, hara gaizto jelosia: Rosak pistola bat hartu behar izan zuen, Jogishchesen heriotza mehatxuez babestearren. Antza, jelosia hobeki dakite toreatzen anarkistek (Angiolilloren ingurukoek, adibidez) komunistek baino. Bizia, irudimena eta maitasuna utopia eder bakar bati ematen badiozu, edo maite bakar bati, jai, errealitatea anitza, krudela eta iheskorra baita beti: idealaren eta dagoenaren arteko amildegiak irentsiko zaitu. Anarkistak, aldiz, pluralistagoak dira, enpiristagoak, eta mundua eta sentimenduak bezain eroak.

Bestalde, zoritxarrez, nazio borrokaren edo klase borrokaren lehentasunaz geure betiko ika-mika aspergarri zaienei, artistaren engaiamenduaren gainekoa bezain nonahikoa dela erakutsiko dio liburu honek. Polonia apurtuan ere, eta Europa osoan, antzeko eztabaidak zerabiltzaten joan den mende hasieran: nazionalismoa/internazionalismoaz gainera, Parlamentura joan ala ez, indarkeria eta kale borroka… Luxemburg hizlari apartaren ustez, iraultzaileak gizarte aldaketak eta herriaren nahia aintzat hartu behar ditu, bestela egitez ez da etsaiaren kolaboratzaile baino.

Bere libururik ezagunenean, Kapitalaren pilatzea, pairatu zituen espetxealdietako batean idatzia, kapitalismoa barne kontraesanek desagerraraziko zutela aldarrikatu zuen, bere bizitza osoan maisutzat hartu zuen Marxen ildotik, baina hausnartu zuen orobat kapitalismoak ezinbestean dakarrela inperialismoa, ekoizpenaren emendatzeak merkatu berriak kolonizatzera bultzatzen baitu, eta horrek ondorioz kolonien altxamendua ekarriko duela, eta kapitalismoaren suntsitzea.

Eztabaidetan gogor arriskatu eta busti zenez, sarritan erratu zen: poloniar abertzaleen aurka aldarrikatu zuen ametsetan zebilela Poloniaren independentzia Alemaniaren eta Errusiaren arteko gerratik etorriko zela uste zuena. Haatik, halako gerra baten ondorioz du gaur egun Poloniak komunista izandako presidente pinpirin bat, Luxemburgek sorturiko alderdiaren oinordeko. Aitzitik, eutsi zituen antimilitarismoari, feminismoari eta sozialismoari dagokienez, badirudi jende zentzudunak aintzat harturiko kausak direla oraindik ere.

Azken kritikak

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak