kritiken hemeroteka

7.802 kritika

Azken kritikak

« | »

Mentxakaren aitorpena / Ardotxi / Elkar, 2006

Memoriaren lekukotza Iratxe Retolaza / Berria, 2006-11-05

Mentxakaren aitorpena narrazioan 1971. urteko martxoaren 7tik 21era Mentxakak polizia-etxean egindako hamabost egunak dira kontagai. Izenburuko aitorpena-k ere, narrazioaren abiaburu eta gune nagusi den polizia-etxeko deklarazioari egiten dio erreferentzia, azken batean, poliziaren aurrean aitorturikoen eta aitortu gabekoen arteko solasa baita narrazioaren harietariko bat, korapiloetariko bat. Aitorturikoen eta aitortu gabekoen arteko joan-etorria irudikatzeko, hiru plano erabili dira, eta hartara, hiru narratzaile. Lehenik, atxiloketa eta atxilo-aldiaren berri ematen duen narratzailea dugu, bigarren pertsonan eta orainaldian mintzo dena, eta irakurleari egoeraren larritasuna kutsatzeko-edo, deklarazioen berri modu zuzenagoan eta abiada biziagoan ematen duena. Bigarrenik, lehen pertsonan mintzo den narratzaile batek, Mentxakak, ETA erakundean eginiko ibilbidea du kontagai, atzeraka begira eginiko ibilbidea, eta hartara, distantzia neurtuagoz eta erritmo neurtuagoz egindakoa. Hirugarren plano batean, deklarazioaren transkribapena egiten da, gazteleraz, bere horretan. Hiru plano hauek gurutzatuz narrazioak erritmo biziagoa hartzen du, eta datuen pilaketa soila ekidin.

Euskal literaturan gero eta ugariagoak dira lekukotza ardatz duten narrazioak. Are gehiago, 90eko hamarkadaren hondarretik goraka egin duen generoa dugu. XX. mendeko azken hamarkada hartan lekukotza batez ere pertsonaren nortasun edota identitatearen alderdi baten berri emateko egiten zen. Hor ditugu, besteak beste, Arantxa Iturberen Ai, ama, eta Iñigo Lamarkaren Gay nauzu. XXI. mendearen hasieran, ordea, lekukotasuna ardatz duten narrazioek beste bide bat hartu dute: identitate edo nortasunaren inguruan mintzatu ordez, mugarri izandako bizipenak izan dituzte hizpide. Hortxe ditugu, besteak beste, Agurtzane Juanenaren Esan gabe neukana, eta Joxe Aranzabalen Medikuak esan dit minbizia dudala. Hauetan guztietan subjektuaren indarra bizirik dago, oraindik ere subjektua da ardatza, gunea, fokua, baina gertakariek ere garrantzia bereganatzen dute. Dena dela, kutsu autobiografikoak eta diskurtso autobiografikoaren moldeek gainez egiten dute narrazio hauetan.

Mentxakaren aitorpena narrazioaren irakurketa abiatu nuenean narratzaileari neurria hartu ezinik ibili nintzen, eta hartara, narrazioaren nolakotasunari ere neurria hartu ezinik. Goikoetxea ezagutzen ez genuenoi, hitzaurrean bertan esaten zaigu “liburu hau benetakoa dela goitik behera” (10. or.), eta hartara, fikziozko narratzailea irudikatzeko zirrikiturik ez zaigu uzten. Baina, Mentxakaren aitorpena narrazioan subjektuak edo narratzaile nagusi horren nortasunak ez du diskurtso autobiografikoetan bezainbesteko pisurik, eta batik bat gertakarien harilkatzea eta gertakarien kontaketak egiten du gainez. Hitzaurreak ere honako hau dio: “Orriotan ETAren historiaren alderdi bat kontatzen da” (13. or.). Eta ez Mentxakaren historiaren alderdi bat. Horregatik, narrazio honetan oroitzapenen diskurtsotik hurbilago dagoen moldea erabili da, eta hartara, ni-arengandik urruntzen den eta distantzia hartzen duen narratzailea erabili da. Mugan den narratzailea; egilea badena, baina, era berean, egilearengandik distantzia pittin bat hartu nahi duena, bikoiztu egiten dena. Azken buruan, narratzailearen (egilearen) fikziozko mugatxo hori, ETAren historiaren alderdi bat kontatzeko eraiki da, eta Mentxakaren nortasunaren kontaketa bigarren mailara igarotzeko. Narrazio honen harilkatzeari begiratuz gero, antza, 60-70eko hamarkadetan ETA erakundearen eta langile-mugimenduaren artean zeuden zubiak azalarazi nahi dira, besteak beste. Narrazio honen lorpenak memoriaren lekukotzan daude, eta ez Mentxakaren edo pertsonaien nortasunaren irudikatzean, garapenean edo bilakaeran, nahiko eskasak direnak. Zenbaitetan pertsonaien sakontasun neurtu honek narrazioaren sinesgarritasuna kolokan jartzen dute, lekukotzaren beraren indarra arinduz.

Azken kritikak

Familiaren lexikoa
Natalia Ginzburg

Irati Majuelo

Arkanbele kantak
Mikel Taberna

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jende likidoa
Nerea Arrien

Nagore Fernandez

Ni eta Gu. Zazpigarren uhina
Pako Aristi

Aiora Sampedro

Isiltasunaren ildoetan
Amaia Iturbide

Igor Estankona

Olivetti
Aitziber Etxeberria

Iban Lantxo

Gaitzaren loreak
Charles Baudelaire

Jose Luis Padron

Ni eta Gu. Zazpigarren uhina
Pako Aristi

Igor Estankona

Esaten dugun argia
Karlos Linazasoro

Irati Majuelo

Nirliit
Juliana Leveille-Trudel

Jon Martin-Etxebeste

Lagun izoztua
Joseba Sarrionandia

Mikel Asurmendi

Neskamearen ipuina
Margaret Atwood

Amaia Alvarez Uria

Lazunak azkazaletan
Oihana Arana

Aiora Sampedro

Herriak ez du barkatuko
Irati Goikoetxea

Ibon Egaña

Artxiboa

Ekaina 2021

Maiatza 2021

Apirila 2021

Martxoa 2021

Otsaila 2021

Urtarrila 2021

Abendua 2020

Azaroa 2020

Urria 2020

Iraila 2020

Abuztua 2020

Uztaila 2020

Hedabideak