kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Jeu de Paume / Fito Rodriguez / Txalaparta, 2006

Zenbait ohar solte eta parentesi arteko “Jeu de Paume” liburuaren inguruan Iban Zaldua / Volgako Batelariak, 2006-06-22

a) Etorkizunerako egitasmoa, Jeu de Paume irakurri ostean: berriro ere literatur genero tradizionalen purutasuna aldarrikatzen hastea eta hibridaziorako joera hain posmoderno hura deitoratzea, batez ere nobela eta saiakera nahastera bideratuta dagoena. Milan Kunderak, Julian Barnesek, Jon Alonsok edo Enrique Vila-Matasek (besteak beste) konbentzitu egin gintuzten, garai batean, nahasketa horren bertuteez, baina efektua hondatzen ari dira egile horien usteko ondorengoak.

b) Jeu de Paume, asmoz behintzat, ildo horretan kokatzen baita, nobela-saiakerarenean edo, hobe esanda, saiakera nobelizatuarenean. Ekuazio zabar batekin ahalegintzearren, nik esango nuke Jeu de Paume dela: %60 printza filosofiko-pentsamenduzkoak + %30 santuak (zehazki Magritteren koadroen erreprodukzioak) + %10 nobela (zapore kafkar urrunekoa).

c) (parentesi bat) Oso abila, baina iruzurti samarra, Txalaparta argitaletxeko Hitzak & ideiak propaganda-aldizkarian (31. zbk., 2006ko uda) Fito Rodriguezen saiakera-nobela berriaren publizitatea egiteko erabiltzen den autoritatezko argudioa: “Ibon Egaña kritikariak idatzi bezala (Berria 06/03/28); ‘arrazoizkoa dirudi Jeu de Paume irakurri eta Jon Alonsoren Camembert helburu-rekin akordatzea'”; arazoa da Ibon Egañak ondoren esaten zituen guztiez ahazten direla Txalapartakoak. Edonola ere, generoaren balizko (auto)adskripzioaz eta ilustrazioen presentziaz gain, ezer gutxik lotzen ditu Camembert helburu (lan nabarmengarri bat) eta Jeu de Paume.

d) Nobelatik duen %10 horren trama laburbilduz: morroi bat, Galder, Pariseko Jeu de Paume museoan geratu da entzerratuta, kanpoan Irakeko gerraren kontrako mobilizazio global hura gauzatzen ari den arratsalde berean. Handik ateratzeko ahaleginak egin ordez, eta Magritte margolariaren atzera begirako erakusketa baten koadroen aitzakia lausoaz, bihika eskaintzen dizkigu burutik pasatzen omen zaizkion filosofia eta psikologia zertzeladak.

e) Bilbe nobeleskoa aitzakia hutsa da, eta gehiegi nabaritzen da. Ez dago tentsiorik, egoera erabat absurdoa da eta ematen du egileari behin baino gehiagotan ahazten zaiola zertan ari den bere narratzailea; irakurleari noizean behin gogorarazteko ahaleginak berak hondatu egiten du “sinesgaiztasunaren etete” posible oro. Adibidez, Eumenideen auziaren inguruko iruzkin luze baten ondoren, eta Inperioak zapalduei irudimena nola ebasten dien aipatu eta gero, hala dio narratzaileak: “Irudimena behar dut nik, ordea, hemendik irteteko. Behar beste lasaitu eta pentsatu egin behar dut. Ez dit inork irteera non dagoen erakutsiko erakusketa honetan. Begi-bistan ez dagoen bidea asmatu beharra daukat. Ni bainaiz, zoritxarrez, istorio honetako protagonista bakarra”. Eta hori esanda, jakina, hurrengo orrialdeetan zehar civitasen eta Inperioaren arteko aurkakotasunaren gaia jorratzen hasten zaigu narratzailea.

f) (parentesi artean hau ere) Egoera absurdoek, dena den, ez dute zertan literarioki sinesgaitzak izan halabeharrez. Lehen Kafka aipatu dut; Karlos Linazasoro batek oro har ez luke arazorik izango halako paisaia bat literarioki kudeatzeko. Baina Fito Rodriguezek ez du asmatu, nire uste apalean.

g) Edonola ere, narratzailearen peripeziari gertatzen zaion kontu bera dugu irudien eta testuaren arteko harremanari dagokionean: oso zirkunstantziala izan ohi da. Batzuetan lotura hori sakonagoa da edo hobeto harilkatuta dago, Le clef des songes olioaren iruzkinari jarraitzen dioten azalpenetan esaterako, baina gehienetan ez. Adibidez, bonbardino bat sutan aurkezten duen koadroaren irudia agertzen zaigun orrialdean, esaldi honek egiten du lotura: “Aitzinean dudan La Belle Captive olio-pinturan bezala, sutan nago”, eta punto. Edo “Erakusketa honetan, nolabait, ispiluaren beste aldean nago ni eta, Aliziak bezala, hemendik ihes egin nahi dut. Le miroir vivant” (ondoan dagoen koadroaren izenburua). Horrelakoak dira irudien eta testuaren arteko zubigintza-ahalegin gehienak. Azalekoak.

h) (beste parentesi bat) Egokitu zaidan liburu honek planteatu didan arazo gehigarria: ez naiz batere magrittezalea, zer egingo zaio. Errua, ziurrenik, ez da gainera Magritterena, publizitateak eta margolaritza surrealista kitschak egin duten haren irudien eta eskemen gainustiaketarena baizik. Baina aipatu beharrean aurkitzen naiz, nire kritika (edo dena delako) honetan eragina izan dezakeen heinean.

i) Fito Rodriguezek eskaintzen dizkigun pentsamendu-zertzeladak laburrak eta irensterrezak dira (Aritz Galarragak “pintxo” deitzen zien bere kritikan); gorago aipatutakoez gain zentzumenen teoriak, beldurraren paperaren inguruko hausnarketak, gure barneko eta kanpoko munduaren arteko zubiak, suizidioa, hizkuntzaren eta errealitatearen arteko harremanak, artearen eta ezagutzaren zereginak, multikulturalismoa eta aniztasuna, enpirismoa eta idealismoa, epikureismoa eta sofismoa, filosofia eta zientzia, zorionaren arazoa, sexua eta plazerra… Gehienetan gai horietaz mundu klasikoan eta batik bat Grezian garatu ziren teoria eta eztabaidetan oinarritzen da Rodriguez azalpenak emateko eta bere kezkak plazaratzeko orduan. Platon eta Aristoteles dira, ziurrenik, liburuan zehar gehien aipatzen diren egileak.

j) (parentesi artean once again) Niri, filosofia-irakurle oso iaioa ez naizen arren (kasu honetan errua nirea da), topiko asko ezagunak egin zaizkit, eta gutxi batzuk berriak eta are dibertigarriak (ez nuen, adibidez, Trajano enperadorearen anekdota ezagutzen: Suetonio irakurtzeko gogoa sartu zait). Baina, edonola ere, onartu behar dut saiakera-nobelaren formatuak abantaila bat eskaintzen diola hala ni bezalako filosofia-irakurle ez bereziki arretatsuei nola, batik bat, egileari: aparatu kritiko osoaz (oin-oharrak, bibliografia) paso egin daitekeela inolako beldurrik gabe, eta, gainera, sigi-saga ibili ageriko konexiorik gabeko gaien artean. Horrek, zalantzarik gabe, margolanen erreprodukzio ugariekin batera, asko arintzen ditu testuaren 122 orrialdeak.

k) (beste parentesi bat, aurreko parentesiaren barnean joango litzatekeena) Horrekin lotuta, egileak narratzailearentzat aukeratu duen idazkera estiloak (zuzena, esaldi laburrak) on egiten dio testuaren irakurgarritasunari, oro har, eta hori, ez ohikoa izateaz gain, edo horregatik alegia, oso da eskertzekoa liburu eta egile honengan.

l) (eta parentesien barneko parentesi hauen azkenekoa, zin egiten dut) Penaz jabetu naiz, halere, sofistei buruz Rodriguezek —edo, tira, Galderrek— darabilen ikuspegia betiko ortodoxia filosofikoarena dela. Niri sofistak sinpatikoak iruditzen zaizkit, Savaterri bezala. Baina, jakina, agian horixe da arazoa…

m) Hau guztia esanda, kritika ahalegin honen hasierara itzultzen naiz: ez al zen eraginkorragoa izango era “klasikoagoan” eta egituratuagoan idatzitako saiakera filosofiko arin bat, gaiak huts egindako nobela batean txertatzea baino? Edo, inoiz fikzio izateari utzi gabe, eztabaida filosofikoak distilatuko lituzkeen nobela bat osatzea? Hau zailagoa da, zalantzarik gabe, baina posible da. Justu Jeu de Paume hasi baino lehen amaitu nuen Ian McEwanen Larunbata (Sábado, Anagrama argitaletxean). Nobela-nobela da, hibridotasun asmo izpirik gabekoa: neurozirujau baten egun oso bat kontatzen digu (kasualitatez, Rodriguezek aukeratu duen egun berbera, gerraren kontrako manifestazio globalena, baina Paris izan beharrean, Londres da jokalekua). Bada ausartuko nintzateke esatera Larunbatan, beste gauza askoren artean, agertzen direla Rodriguezek bere nobela-saiakeran ukitzen dituen arazo filosofiko batzuk (enpirismoarena eta arrazionaltasunarena, artearen helburuarena…), baina era sotilagoan eta aldi berean sakonagoan aztertuak. Hori guztia, erabat higatuta eta krisi etengabean dagoen eleberriaren tramoia zaharra dela medio. Larunbataren irakurketak itzuli zidan, une batez sikiera, nobela hutsaren posibilitateekiko konfiantza. Eta Jeu de Paumerenak berretsi egin dit konfiantza hori. Beste une batez.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak