kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Gure gerretako heroiak / Rafa Ugalde / Elkar, 2006

Sufrikarioa heroismo bihurturik Iratxe Retolaza / Berria, 2006-06-18

Gure gerretako heroiak hamaika narraziotara bihurtu ditu Rafa Ugalde zornotzarrak. Halako kutsu epikoa duen goiburuak harritu ez ezik, ernarazi nau. Erne, literatura garaikidean heroiak eta epika ez direlako behinola bezain ohiko, sendo eta gihartsu. Horregatik, narrazioetara jo aurretik, hainbat galdera sorrarazi dizkit goiburuak berak: Zer-nolakoari deitu zaio gerra? Zer-nolakoa ote gutasun hori? Zer-nolakoa hartu heroitzat? Galdera horietan bildurik abiatu nuen lehen irakurraldi hura.

Gerraren kontzepturik ohiko eta zabalduenari lotu zaio narrazio hauetan, hau da, bi herri edo giza-talderen arteko gatazka armatua, arma bidezko borroka. Hartara, bilduma honetako pertsonaiak han eta hemengo gatazka armatuetan kokatu dira, gure gerretan hain zuzen ere. Baina, zeintzuk ote gure gerrak? Liburuaren epilogo gisa-edo, egileak berak gure gerra horietariko bakoitzaren kokapenaren inguruko oharrak eskaini ditu —narrazioetan zehar zehazten ez bada ere—. Epilogotxo horretan, zein gerra izan diren oinarri esaten da: besteak beste, Irakeko gerra (Aurkitu behar ditut; Gorria), Afganistango bonbardaketak (Umeak), Vietnamgo gerra (Tiger Force), Espainiako gerra zibila (Espetxea), Balkanetako gerra (Oihu bi). Baina, esan bezala, narrazio hauetan espazioa eta denbora zehazgabeak dira, eta ez dirudi kokapen konkretuak egiteari erreparatu zaionik, baizik eta gerra orok dakarren sufrimendua parekatu eta berdindu nahi izan dela. Nolabait, zehazgabetasun horiekin egoera historiko, politiko eta kulturala sahiestu nahi izan da, eta pertsonaia horien barne-egoeran sakondu. Badirudi gerretan esku hartu edo gerrak pairatu dituzten pertsonaia hauek guztiak heroitzat hartu direla, eta sufrimenduak egin dituela heroi.

Baina, gerretan esku hartzen duten pertsonaien sufrimenduaz gain, nire ustean, bada gerra hauen artean bestelako lotura garrantzitsurik —beharbada egileari ere oharkabean igaroa—. Bai, han eta hemengo gerrak dira, munduan zehar kokaturikoak. Nolanahi ere, gerra horietan guztietan mendebaldarrok izan dugu nolabaiteko ardura edo erantzukizunik, geure agintarien diskurtsoaren babesa dela, edo geure agintariek kudeaturiko interes ekonomikoak ere jokoan direla. Eta neroni, batik bat horixe egin zait deigarri: gerretako istorio hauetan ez da ardura edo erantzukizunaren izpirik. Bai, fede edo diskurtso ideologiko baten ardura adierazten da, baina badirudi fede edo diskurtso ideologiko horrek gizakiak harrapatu dituela, haien borondatea xurgatuz. Hartara, narrazio hauen asmoa ez dirudi ardura edo erantzukizun sentimendua ernaraztea denik, baizik eta gerretan sufritzen dutenekiko hurbiltasun eta erruki sentimendua ernaraztea. Edo nolabait, mendebaldarrok gerra horiek guztiak hautemateko erabilitako zentzumen nagusia, ikusmena, zalantzan jarri nahi izan da.

Izan ere, gaur egun, mendebaldarrok munduan zehar gertatzen diren gerren inguruko irudiak ia-ia gertatu ahala jaso ohi ditugu. Are gehiago, milaka lagunen sufrimendua eta heriotza dakarten gerra horiek reality show itzelak bilakatu dira, komunikabideak hortxe baitabiltza ea nork heriotza gehiago iruditan bilduko. Narrazio hauen bitartez, Rafa Ugaldek ikuskizun bilakatu diren gerra horien bestelako irudikapena egin nahi izan du, gerretako iruditan anestesiaturik gauden mendebaldarron hautematea ernarazteko asmoz. Eta honela, narrazio hauetan bestelako zentzumenek (ukimenak, entzumenak, adimenak eta abar) leku berezia hartu dute, irakurleok iruditan ikusi ohi ditugunak beste zentzumen batzuen arabera jasoz bestelako esperientzia bizi dezagun.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak