« Abuela eta abuelo | Bihotz gosetien kluba »
Poema argitaragabeak / Bitoriano Gandiaga / Arantzazu / Elkar / Labayru, 2005
Gandiagaminez Miel A. Elustondo / Berria, 2006-02-28
Otsailaren 21ean joan zitzaigun Bitoriano Gandiaga, 2001ean. Urteurrenez gatoz liburuan Arantzazura, bizitza inoiz baino amorru handiagoz gozatzera. Orbelaungoa dugu gidari Denbora galdu alde-z gero:
Egun onak bildu. / Egunen artean / onak aukeratuz joan / alez ale. / Begiak zoli erabili / egun bakoitzari ongi / begiratzeko. / Egun bakoitzari / bere balioa ematen ikasi. / Egun bakoitzari / bere alde ona bilatu. / Egun bakoitza / dohain berri bezala hartu / ahalbide berriz zabaltzen den / zabalduz doan mirarizko jauregi edo / paraje zoragarri bezala.
Gure poeta hil eta lau urtera Adio esan genion Joxe Azurmendiren eskutik. Oraindik orain, ez adiorik esateko modua egin digute Paulo Agirrebaltzategik, “Euskalminez”; Patxi Ezkiagak, “Jainkominez”; Iñaki Sarriugartek, “Izadiminez”, eta Sebastian Garcia Trujillok, “Biziminez”, sarrera banatan. Bitoriano Gandiagaren poema argitaragabeak bildu dizkigute lau ale ederretan. Lau liburuki, baina Bitoriano bat bera beti betikoa. “Dena dela, Gandiaga, beti Gandiaga bera izanik, ez da hala ere errepikatzen”, Joxe Azurmendiri ikasi genion.
Poema argitaragabeek argia ikusi duten honetan, beti betiko Bitorianok egin digu bisita. Kantari da berriz Orbelaungo txoria. Eta ez da bakarrik ari. Behin ere ez da bakarrik ari izan. Berarekin batera dakartza Juan Mari Lekuona, Joxe Azurmendi, Mikel Lasa, Pello Zabaleta, Pello Zabala… Ondoan ditu Dionisio Arruti, Julian eta Angelita Plaentziakoak… Beti betiko Bitoriano berriz gurean, parentela dakarrela. Aspaldi ez bezala bete gaitu. Hunkitu. Harekin batera egiten dugu otoitz. Askotariko otoitz. Eta negar. Eta poz. Eta min. Bitoriano ez da haserre:
Ez gara gutxi inoiz piztu den pospolo izan bagara. / Kasualitate eder baten zoriak / mesede hori egin digu behintzat eta poztekoa da. / Behin piztu den pospoloak ez dauka / ikatz eta hondakin izateko lotsarik / ganorazko zerbait denik / piztu badu halere.
Idatzi zuen, eta asko. Jakina da ezagunago dugula euskara kantatu zuenean, izadia edo bizia kantatu zuenean baino. Are ezezagunago zaigu jainkominezko Gandiaga. Irakurleok beste aukera bat dugu poema argitaragabeotan. Bertan erritmoa, bertan hitz joko eta jolasa, bertan pentsamendua. Hitz bakoitza zorrotz neurtua, hurrenari bereizi ezin litekeen moduan korapilatua, trabatua, bat egina. Bestelako apaingarririk gabea. “Apaingarriak distraitu egiten du poema”, esan zigula behin ez dugu ahaztua.
Bitoriano Gandiaga ezagun ezezaguna. Tiriki, tauki, tauki, mailuaren hotsa… Oteitza ari. Tiriki, tauki, tauki… Gandiaga bera ari, hitzaren hotsa jotzen… hil eta bost urtera ere, beti betiko Bitoriano. Gandiaga.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi