kritiken hemeroteka

8.600 kritika

« | »

Geroaren aurpegia / Amaia Lasa / UPV-EHU, 2000

Kolorezko egunaren bila Ana Urkiza / Karmel, 2000-10

Espazio berri bat aldarrikatzera datorkigu Amaia Lasa bere “Geroaren aurpegia” olerki bilduman: espazio berri bat, bizitza berri bat, lengoaia berri bat, herri berri bat. Inguruneak, garen bezala izaten ez digula uzten diosku poetak; emakumetasunak ere badarkizkio bere mugak… Gure buruaren bila gabiltzanean zorakeria asko egiten dugunez, zorakeria horietako bat litzateke Amaiak hainbeste aldarrikatzen duen ametsa ere. Ametsetan eginen omen du poetak kolorezko bizitza berri batekin, koloreen hainako aniztasuna erakusten duen unibertsoarekin. Eta azken kolorearen bilakuntzarako, poesia da erabiliko duen tresna. Bilakuntza hori, halabeharrez, denboran eginen du. Atzokoaz damututa edo eskarmentuta, oraina da Lasak ezagutzen duena eta geroa koloretan amestu nahi duena. Ametsa egunero erantzuten duen galdera bilakatzen zaionean, bizitza gozoa dela esanen digu.

Geroaren aurpegia liburua lau ataletan banatuta dago: Geroaren aurpegia (1979-1969), Sustraia (1970-1975), Ordu minduak (1976-1978) eta artean argitaratu gabeko Egunak jarraiean bilduma (1990-1997). Lau atal hauez gain, liburuak Jose Luis Padron eta Felix Maraña-ren hitzaurrea txertatzen du eta dokumentazio gehigarri bat azkenean, Linda White, Martin de Ugalde eta Mariana Yound Blanco-k sinatua. Bilduma mardula eta osatua, gazteleraz eta euskaraz argitara emana. Itzulpen lanak Jose Luis Padron eta Amaia Agirrerenak dira.

Bildumak Amaia Lasaren olerkigintza guztia biltzen du eta, beraz, baita bere pentsamendua eta pentsamenduaren oinarrian dagoen kezka ere.

Herri berri bat dut…

Espazio eta lengoaia berri baten aldarrikapena egiten digu Lasak bere obra osoaren barrena. Hortarako, ezagutzen duenetik partitzen du. Badaki kutsatu gabeko lekuak badaudena, oraindik amestu daitezkeen leku birjiñak. Eta hitza da bere kezken erantzuna. Poesia, garbi izateko aukera.

Poetak lehenengo pertsonan nor den esango digu: “nire emakumetasuna argi uzten dut. Nor naizen diot. Hutsunean igeri dabilen emakume bat naiz, espazio berri baten bila dabilena, gaizki eginak bere lekuan jarri nahian…” Poetak bere burua hiltzen somatzen du, gizarte hontarako ez dutela hezi sentitzen duenean. Galduta ikusten du bere burua. Poesiarekin garbitzen dela iruditzen zaio bestalde. Horrexegatik aldarrikatzen du lengoaia berri bat. Inguruan daukagunak ez digula garena izaten uzten dio, eta inguruan daukaguna ulertzen saiatzen garela, geure burua definitu gabe. Norbere burua ezagutu behar dugula diosku lehenik eta behin (hortara gonbidatzen gaitu bederen). “Nire askatasuna mugatzen dutenen aurka nago”, diosku. Gu geu izateko askatasunik ez daukagun bitartean, zorakeriak egin beharra daukagu eta zorakeria horietako bat da amets egitea ere.

Denbora da Amaiaren beste buruhauste handietako bat: oraina indartzen du poetak, orainean borrokatzen du berak, geroa prestatzeko. Geroa itxaropena da, poetak amesten duen lurraldea. Lehenaren damu, oraina eskarmentuaren garaia da, norbere buruaren nondik norakoak finkatzekoa, gure ingurunearen aurrean nor giren jakitekoa eta esatekoa… Geroa irudikatzeko unea. Lehena ezagutuz, orain, gerorako promesak egin eta erabakiak hartu behar ditu. Ametsetan sinisten du.

…amesten

Ametsak dituena ez dela ulertua diosku Lasak. Beraz, amets egiten duenak espazio berri bat behar duela. Amets egitea, zer nahi dugun jakitea omen da, eta nahi dugunaren alde borrokataz gero, azkenean, nahi duguna lortzea.

Ezjakinean ibiltzeak hustasuna dakarkio poetari eta ametsetan ibiltzeak, bete egiten du. Paradisua duela amets dio, paradisua lortzeko borrokan egiten duela eta borrokan egiteagatik infernuan sartzen dutela. Bizitzaren parabola.

Koloreak bizitza aukerak dira Lasaren ahotan. Azken kolorearen bilakuntza da poesia. Azken kolorea da geroaren aurpegia.

Poeta gardena

Esperientzian oinarritua da Amaia Lasaren olerkigintza. Pentsatzen eta sentitzen duena idazten du, pentsatzen eta sentitzen duen bezala. Tapakirik gabe. Formalismoak alde batera utzi eta gaia errotik hartzen eta tratatzen du. Bere barne bizitza lotsarik gabe azaltzen du eta irakurleak biziki eskertuko dio, irakurlea sekretu horietan identifikatuko delako. Amaiaren izaera borrokatzailea ageri dute bere olerkiek, poetaren izaera gogorra agertzen dute. Proposamen astro egiten ditu geroari begira, baita iradokizunak bota ere. Natura bizitzaren sormen iturri bezala ulertzen du eta hala erabiltzen ditu naturari egiten dizkion erreferentzia guztiak. Emakumezkoaren gorputz atalen deskribapenak eta naturako oinarrizko elementuei egiten dien etengabeko aipamenak, olerkigintza biluzia eskaintzen digu Amaia Lasarengan.

Galdera asko, finean, irakurleak erantzuteko, kezka guztiak jadanik erantzunda dituela dirudien poetaren luma zorrotzetik jasotzen dituenak.

Azken kritikak

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Maddi Galdos Areta

Esker onak
Delphine De Vigan

Irati Majuelo

Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde

Gorka Bereziartua Mitxelena

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Maialen Sobrino Lopez

Erroen izerdia
Jone Bordato

Nagore Fernandez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Asier Urkiza

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Jon Martin-Etxebeste

Enarak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Irati Majuelo

Herioa Venezian
Thomas Mann

Aritz Galarraga

Azken batean
Lourdes Oñederra

Ibon Egaña

Goizuetako folkloreaz
Patziku Perurena

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Asier Urkiza

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Nagore Fernandez

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak