kritiken hemeroteka

8.768 kritika

« | »

Izen gabe direnak. Haurdunaldi beteko khantoriak / Tere Irastortza / Pamiela, 2000

Ezer ez da bakarrik sortzen Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2000-09-30

Poema liburu honek halako efektu bikoitza sortzen du irakurlearengan: batetik, erakarri eta liluratu egiten du (harribitxiz betetako kutxa baita), eta bestetik, jantzi eta konbentzitu egiten du. Halaxe gertatu zait niri bederen.

Errealitatetik hartuak dira egileak egiten dituen gogoetak: gogoeta berriak, ausartak eta pisutsuak. Eta oraindik, irakurle, sortzaile eta ama bezala bere espazioa egin edo definitu gabe duen irakurlea ustekabean harrapatzen du.

Indar handia darakus Zaldibiakoak lan honetan, eta hasieran beldurrez eta xume agertzen bada ere, bigarren eta hirugarren ataletan, Terek bere “ahotsa” helarazten dio irakurleari. Lehenengo zatian hainbeste goretsi eta miretsi uste duen ahotsa jaretsiko du. Liburuan barrena poema luzeetatik laburretara jauzi egiten duelarik, intentsitatea irabaziz joango da Irastortza. Hirugarren atala da emakumezko irakurlearentzat, seguraski, indar handiena duena, emakume bezala espazio eta hizkuntza propio bat aldarrikatzen duena, alegia.

Irastortzak bere poema liburua hiru ataletan banatu du: Sormin, Sormen eta Sorzin izenez bataiatu du bakoitza.

Lehenengoa Sormin da. Poema luzeak dira hemengoak, sortzeko borondatearekin nahasten den beldurra duelarik gogoetagai idazleak. Idazle hasiberriak eta ez hain hasiberriak ere izan ohi dituen zalantzak eta beldurra darakus Terek; bakardadetik jaiotako sormenaren aldeko mitoen aurkezpena eginen digu, sormenaren inguruan korapilatzen dituen galdera existentzialak harilkatuz: zer ote den sormena, esaten dena edo esaten ez dena; sormen lanak hala deitzeko idatzita egon behar ote duen; idazten ez den sormenak existitzen ote duen; sortu aurretik zer?

Zer egiten du poetak?

Hitzak adierazten duena, ordea, jadanik idatzita dagoela diosku Zaldibiakoak. Ez al da dena imitazio? Beraz, zer egiten du poetak?

Gizonak sortu du Jainkoa eta hari damaio hitza (liburuetan jasota dagoenez). Baina zein da Jainkoa? Hitza? Ahotsa? Poeta? Gogoeta oparo honen inguruan ere.

Niak protagonismo gutxi dauka lehen atal honetan. Idazlea da galderak planteatzen dituena eta erantzunen bila abiatuko dena. Baina mundua eta zalantzak bere bakardadetik usaintzen ditu, eta mundutik at sentitzen da. Bakardadearen aurkezpena eginen du bestalde, betidanik, sormenaki dagokion estadioa izan den neurrian.

Denboraren tratamenduari dagokionez, sormenaren aurreko eta ondoko estadioak aztertzen ditu Irastortzak, atal batetik besterako jauzian jolas bilakatzen zaizkiola.

Lehenengo atalean sormenak idazleaki min egiten diola erakusten bazaigu ere, bigarrenean, Sormen delakoan, mina mintzoak kentzen duela esango digu eta arestian aldarrikatutako isiltasunari hitza gailenduko zaio. Lehenengo pertsona plural eta singularraren presentzia nabarmenki azaleratzen da atal honetan. Askeagoa eta ausartagoa agertzen zaigu Irastortza. Bakardadea alde batera uzten hasiko da eta jorratzen dituen gaiak idazte prozesuaren deskribapena eta amatasuna izanen dira. Bigarren atal honetan defendatzen du Irastortzak, ez dela bakarrik sortzen, mundu edo eta espazio batekin jaiotzen garela. Sormena, ideia da, asmakizuna, barruan daukaguna. Eta sormen horri hitza jartzen diogunean, denbora eta lekua hartzen du, existitu egiten da. Hitz horiek, bestalde, jantzi bat daukate (gerora, hirugarren atalean aztertuko dena).

Sorzin da liburuaren azken atala. Poema laburragoak biltzen dira berton. Esaten denarekin eta ez denarekin jolasten du uneoro idazleak, bai ideiak orrazterakoan, bai hizkuntzaren erabilerari dagokionean. Atal honetan, sormenerako desioa eta sormen naturala jorratzen ditu. Hizkuntza eta denbora erreferentziak amatasunaren ikuspegitik lantzen ditu eta amaren ikuspegitik egindako hizkuntza eta sortze prozesu bat aldarrikatzen.

Hirugarren atala da ausartena, idazlea erosoen sentitu dela erakusten duena, ziurtasun osoz plazaratzen den itxura ematen duena, alegia; emakumezkook gusturen irakurtzekoa, eta gizonezkoei gehien erakuts diezaiekeena.

Ideia konplexua da poema liburu honetan idazleak landu diguna: orain artean mito eta sinesmen jakin batzuei lotua egon den, existentzialismotik edaten duen eta pasioa lagun duen galdera filosofikoa egiten baitu. Maisuki desmitifikatzen ditu, ordea, sormenaren inguruko usteak, egiak gordinki azaltzen ditu eta sinesgarri egiten da, sormen prozesu orok eragiten dituen zalantzak estalkirik gabe planteatzen dituelako.

Irastortzak, sormen naturala esperimentatu duen aldetik, sormen literariorako ditugun tresnen erabilera gunea eta sormenaren inguruan ditugun aurre-ideiak beren testuinguruan ulertu beharra aldarrikatzen du.

Azken kritikak

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak