kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Arbelaren gainean / Xabier Mendiguren Elizegi / Elkar, 2004

Itsasondoko plazatik Maider Ziaurriz / Berria, 2004-10-02

“Beste zesanik ez da / esanikan ama”. Uztapideren bertso zati horrekin amaitzen da Xabier Mendigurenek azkena argitaratutako Arbelaren gainean liburua. Lan horren aurretik, Errekarteko koadernoa liburuan, aitaren aldeko familia loturak, oroitzapenak eta bestelako kontuak atera zituen argitara. Bada, liburu batek beste bat ekartzen duela eta, hala otu omen zitzaion Mendigureni amaren aldeko familia kontuak eta Itsasondori buruzko oroitzapenak berritzea, amarekiko zorra kitatze aldera edo. Hala dio, behintzat, idazleak berak liburuaren hondarrean: “Ama, munduan gehien zor diodan pertsona. Zor horren aitortze moduko bat ote da liburu hau idatzarazi didana? Baliteke”.

Hala ere, ez da ama-semeen arteko harremanari buruzko kontakizuna. Askoz modu zabalagoan hartu du amaren aldeko kontu garbitze hori. Itsasondokoa zuen ama, eta hortxe kokatu du kontakizuna, Itsasondok, bere txikian, liburu bat idazteko adina jende bitxi eta sonatu eman baitu: Ibai-Ertz, Lotsati, Kruz Lete, Txikia… Idazleak gehienak, gudari ezagunak batzuk, Ama Birjina bera ikusitakoa besteren bat… Denetarik izan da Itsasondon, baina denei ere alde poetikoa bilatzen saiatu da Mendiguren: hezur-haragizko pertsonen bidez eta benetako gertakarien bidez, emozio zintzoagoak sortu nahi izan ditu, eta Itsasondoko harrobitik mundu osora zabaltzeko moduko sentipenak adierazi, emozio horiek Itsasondokoak bakarrik ez, unibertsalak ere badirela sinetsita.

Hala ere, “mamu” gisa definitu ditu denak ere, joandako pertsonak eta etxeak ekarri baititu, batez ere, orriotara. Arbelaren eta meatzearen herria izan da Itsasondo hortik liburuaren izena, eta Mendiguren mutikoa zela izan zuen hazkunderik nabarmenena, aitona-amonen baserrira joaten zen garaian hain zuzen; baina, arbelaren negozioak erreka jo eta gero, herri barrena ez ezik gaina ere husten joan zen. Testuinguru horretan kokatu du liburua, eta oroitzen duena, kontatu diotena eta modu batera edo bestera jakin duena ekarri du orriotara, bere hartan, itxuraldatu gabe, idazlearen galbahetik iragazita bainoago memoria kolektibotik edanda, gauzak berez nahiko literarioak baitira edertzen eta puzten ibili gabe. Berak ondo dioen moduan, ez du epikarik egin nahi. Eguneroko bizitza, herriko bertako jendea, familia bera nahikoa dira literatura egiteko, heroi bila ibiltzeko beharrik izan gabe. Herrira eta herriarengana jo du, beraz, gauza xumeetan ere bai baita edertasunik, eta, beraz, baita literaturarik ere. Azken batean, Itsasondoko XX. mendeko historiaren eta pertsonaia sonatuenen bilduma moduko bat dela esan daiteke; hori bai, Mendigurenen begietatik kontatua, harena baita gauza txikien edertasunari erreparatzeko dohaina.

Hala ere, fikziorik ez badago ere, tartean badu ipuin bat, edo ipuin izan daitekeen kontakizun bat, Txikik eta ETAko beste batzuek Huarte enpresaburua Itsasondon bahitua eduki zutenekoa, eta agerian utzi du abila dela ez bakarrik kontatzeko, baita asmatzeko ere.

Horretaz gain, kanpoko beste testu batzuk ere ekarri ditu orri artera: 2001eko abuztuan Euskaldunon Egunkaria-n argitaratutako testu batekin hasi du liburua; Jexux Lete Ibai-Ertz-i eta Itsasondo herriari buruzkoa da testu hori, eta horrek bide eman dio nolabait bere asmoari heltzeko; baina testu hori ez ezik, beste liburu batzuetatik hartutako pasarteak eta bertsoak ere aldatu ditu hona. Testuartekotasuna da, hain zuzen, Arbelaren gainean liburuaren ezaugarri nabarmenenetako bat. Literaturari, izan ere, tarte zabala egin dio liburu honetan. Gainera, bertso eta olerki horietako batzuen iruzkinak ere egin ditu; ondo modu argian egin ere.

Amonaz eta zahar etxeaz hitz egiteko, esaterako, Lizardiren amona eta amonaren baratzea ekarri ditu gogora, sentimenduak zuzenean adierazteko gauza ez eta. Baina, Lizardi orriotara amonaren aitzakiarekin ekarri badu ere, haren poesia aztertzen luzatu, eta Lizardik darabiltzan irudien adarretan galtzen du hari nagusia. Behin baino gehiagotan gertatu zaio hori, adarrez adar ibiltzea alegia, Mendigurenek berak liburuan aitortu duenez. Baina ez dio muzin egin batetik bestera jauzika ibiltzeari, gogoetei bide egiten utzi dien seinale. Hala ere, batzuetan itzulinguruka ibili bada ere, ondo etorri da berriz ere arrastora, idazle zailduek egiten duten moduan.

Liburuaren amaieran, Itsasondo arbelez hustu den bezala jendez ere husten ari dela dio: “Baserriari eta bizimodu tradizionalari loturiko jendeak, lekuak, ohiturak, bizilegeak doaz atzerabiderik ez daukan ilunpera”. Amonaren baratze zaharrean ez du inork geratu nahi, eta nolabait Euskal Herriaren eta, modu zabalagoan, mendebalde osoaren metafora moduko bat da.

Hala ere, hori ez da azkena, berak ezagututako Itsasondo hura gehiago izango ez den arren. Bere garaiko Itsasondo badoa, baina jende gehiago ere etorriko da, etxeak eraikitzen ari direnez gero. Baratze zaharra baratze berri bihurtuko dela ulertu behar ote dugu, aztertutako Lizardiren poema horretatik segitzen denez?

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak